Ama alabak etxera

Ama alabak etxera

Sara Majarenas-ek GARA eta BERRIAra bidalitako gutuna:

2017-03-02 / Sara Majarenas – Valentzia IIko espetxea, (Picassent)

Kaixo denoi! Lehenik, hauxe baita garrantzitsuena, eskerrak eman nahi dizkizuet guztioi hasiera-hasieratik eman diguzuen babes, maitasun eta indarragatik, bai niri, bai Izarri eta bai familia osoari. Indar eta energia hori guztia gabe halakorik ez zen posible izango.

Bestetik, zaila da igarotzen ari naizen momentu hauek deskribatzeko moduko hitzak aurkitzea. Zalantzarik gabe, bizitzako garairik gogorrena eta zailena igarotzen ari naiz.

Ez sinistekoa. Sekula ez nuen pentsatuko halakorik gertatuko zitzaidanik. Halakoak besteei bakarrik gertatuko balitzaizkie bezala, indarkeria matxistaren biktima izan ezin banintz bezala. Baina gertatu egin zait, eta, berriz ere, agerian geratu da indarkeria sexistaren izurria toki guzti-guztietara iristen dela.

Denok dakigun bezala, Izarri gertatu zaiona ez da istripu baten ondorio, ez eta gaixotasun baten ondorio ere. Izar bere aitak berak hil nahi izan zuen, niri eta nire familiari min egiteko asmo hutsez. Zorionez, huts egin zuen. Izar txapeldun baten moduan borrokatu da, eta, fisikoki, gertatu den guztia gertatuta ere, ondo dago. Baina ibilbide luzea dago egiteko, bai psikologikoki eta bai emozionalki. Alde horretatik, Izar ez dago ondo, eta horixe da nire kezka nagusia oraintxe bertan. Izarrek ez du ulertzen aitak zer egin zion, ez eta bat-batean zergatik ihes egin duen bere bizitzatik ere. Izar ospitalean egon den bost aste luze hauetan, hiru astez elkarrengandik bereizita egotea izan da gogorrena, bi egunez behin ordubetez bakarrik elkar ikusten baikenuen. Hura tortura hutsa izan zen alabarentzat; izan ere, egoera fisiko zein psikologikoa larria izateaz gain, antsietate ikaragarria sortu zion amagandik bereizteak. Eta hala berretsi genuen lehendik bagenekiena, sen onak esaten duena? Izarrek inoiz baino gehiago behar duela ama.

Gaur, halakorik ezin dakiguke gerta berriro. Izar kalera aterako da, eta ezin du berriro sentitu nigandik apartatuko dela. Nik haren beharra dut, eta hark, nirea. Bestela, ez da izango erreparaziorik. Edo askoz gehiago kostako da behintzat.

Horregatik, eskertzen dizuet egiten ari zareten indar guztia, denon artean, leku guztietatik eta arlo guztietatik, denon artean lor dezagun: «Izarrekin, Sara Etxera!».

Mila esker guztiagatik.

Maite zaituztegu!!!

2017ko martxoan

Sara Majarenas eta Izar alabak elkarrekin igaroko duten azken gaua izango da gaurkoa, justizia bihar haiek banatzeko bezain krudela bada.

Erabaki honi aurre egin eta ama aska dezatela eskatzeko, manifestazioa deitu da, martxoak 2, 19.00etan Donostiako Boulevardean.

Kontxi Ibarretak, umearen amonak, eman digu Izarren egoeraren berri (gazteleraz). Bere esanetan, haurrek izugarri sufritu izan du, “batez ere amaren falta. Desagertu egiten da, eraman egiten dute, eta amak abandonatuko duen beldurrez da. Nork ordai dezake hori?”.

Indarkeria matxista pairatzeaz gain, “amaren falta ere pairatu behar izango du, ankerkeria bat”. Umeak bost hilabete zituela kalean egon zitekeen Sara, kondenaren 3/4ak sobera beteak baititu, baina oraindik beste urtebete egon beharko du preso.Haurrak jasoko du hemen zigorra, honek ez baitu zerikusirik politikarekin. Eta nik honen kontra egin beharra daukat, ezin dut onartu, ez dago eskubiderik“.

.

* Araitz Zubimendi eta Maite Sagastume preso ohiek Berria telebistari emandako lekukotzari esker, zerbait gehiago jakin dugu kartzelan ama izateaz eta gatibu diren ama-alaben arteko harremanaz.

 .

.

Izarrekin Sara etxera

Izarrek, Sara Majarenas euskal presoaren alabak, kalean eta bere ondoan behar du ama. Indarkeria sexistaren biktima den haurra martxoaren 2an amarengandik banatuko dute. Egun horretan Izarrek hiru urte beteko ditu eta espetxe legeriak ez dio denbora gehiagoz amarekin espetxean egoten uzten. Banaketa lazgarri hau ekiditeko modu bakarra, hortaz, Sara Majarenas aske gelditzea da.

Urtarrilean aitak labanaz erasotu zuen Izar eta, geroztik, bere osasun fisikoak hobera egin du. Baina, zoritxarrez, jazotakoak ondorio psikologiko eta emozional larriak utzi dizkio haurrari: Izarrek trauma psikologiko garrantzitsu bat bizi du une honetan. Horregatik, Izarrek pairaturiko erasoaren larritasuna dela eta, berau gainditzen hasteko baldintza egokiak eskaini behar zaizkio haurrari. Hau da, Izarrek etxean, askatasunean eta bere erreferentzia nagusia den amaren ondoan gainditu ditzake soilik bere aitak eragindako zauri psikologiko sakonak. Bere ama baita umeari segurtasuna, babesa eta konfidantza eskeintzen dizkion pertsona bakarra. Halaber, une hauetan bere amarengandik urruntzea kolpe berri bat izango litzateke umearentzat. Hiru urtez, gau eta egun egon dira ama-alabak elkarrekin, eta, ondorioz, edozein umerentzat amarengandik aldentzea gogorra bada, are eta dramatikoagoa izango da kasu honetan.

Sara askatzea beharrezkoa ez ezik, posible ere bada. Izan ere, ezarritako zigorraren 3/4ak duela bi urte eta erdi bete baitzituen, eta, beraz, baldintzapeko askatasuna erdiesteko baldintzak betetzen baititu. Alegia, Izarrek bost hilabete zituenetik kalean egon behar ziren biak, baina Sarari mendekua oinarri duen salbuespen lege bat aplikatzen ari zaizkio, baldintzapeko askatasuna erdiesteko beste edozein presori aitortzen zaion eskubidea ukatuz.

Sara aske gelditu ezean, Izarrek bigarren kolpe ba sufrituko du denbora gutxian. Sara aske gelditu ezean, martxoaren 2tik aurrera ama-alabak hilean behin eta ordu eta erdiz elkar ikusi ahal izango dute soilik. Eta, hau guztia gutxi balitz, Sara aske gelditu ezean, haurrak ehunka kilometro egin beharko ditu ama ikusteko, bere osasunari arrisku berri bat gehituz, Sara Picassenteko (Valentzia) espetxean baitago.

Honegatik guztiagatik, agiri hau sinatzen dugunok Sararen berehalako askatasuna eskatzen dugu. Izarren osasunagatik behar-beharrezkoa delako. Indarkeria sexistaren biktima delako. Gizatasunagatik, Izarrekin Sara Etxera.

Izarrekin Sara etxera plataforma

Ama alabak etxera

.

Ama alabak etxera Ama alabak etxera Ama alabak etxera