Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Alain donostiarra da eta 32 urte ditu. Medikua izaki, bizitza osoa liburutegiz liburutegi ikasten pasa du eta espezialitatea amaitu bezain laster, amatasun-baja bat ordezkatzen dihardu Bidasoako Ospitalean. Bikotekidea, kazetaria bera, langabezian dago. Elkarrekin Orion bizi dira errentan. Mediku soldatarekin beharrak ordaintzeaz gainera, zinera eta kontzertuetara joateko ere iristen zaie. Alainek bere kontuak zabaldu dizkio ZuZeuko diru zorroari.

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Bai, ondo irakurri duzu, “Diru Zorroa” izeneko atala estrenatzera goaz ZuZeun. Atal honetan pertsona batek bere hilabeteko diru kontuak garden erakutsiko dizkigu. Kontu korrontea zabalduko digu, hilean zenbat irabazten duen, zer gastu dituen eta zenbat aurreztera iritsi daitekeen erakusteko. Sekzio berri hau hasteko gonbitea gogo onez hartu du Alain donostiarrak eta bere benetako izena eta aurpegia ezkutatzea jarri ditu baldintza bakar.

Bere burua zorteduntzat du Alainek, oso ondo ezagutzen baitu beste ofizio batzuk bizi duten egoera. “Neska lagunak eta biok askotan hitz egin dugu gaiaz. Bera ez da garai ederrak bizitzen ari”, aitortzen du. Alainek dio, ordea, espero duela bere bikotekideak berandu baino lehen lana topatzea.

Medikuak betirako ikasle dira donostiarraren arabera, eta horrek sekulako esfortzua dakar: “Ezin zara konformatu, mundua eboluzionatzen doa, gaixotasunak eta sendabideak ere bai, eta etenik gabe ikasten eta ezagutzak berritzen joan behar duzu”. Ikusmen arazoak izaten hasi zen MIR azterketa prestatzen ari zela. “Egin ez duenak ez daki zer den… begiak galdu ditut pantailari begira, apunteak irakurri eta irakurri”, dio Bidasoako medikuak. Baina denak du bere ordaina. Gainera, konfidantza du: amatasun baja hau bete ondoren, beste zerbait agertuko zaio.

Diru sarrera gordinak: 3862,03 euro hilabetean

Soldata: 3462,03 euro
“Medikuaren soldata oso ezberdina izan daiteke, aldagai askoren baitan”, azaldu digu Alainek. Bere espezialitatea ere ezkutuan gordetzea erabaki du, anonimotasuna bermatzeko. “Hilabetean bi guardia egiten ditut, bat asteburuan eta bestea astean zehar. Horrek, gutxi gora behera, 800 eurotan loditzen du nire hileko soldata”, zehaztu du. Baina donostiarraren arabera badira kide asko Osakidetzan guardiak egiten ez dituztenak, “ezin dutelako edo ez dutelako nahi” eta horren ordez sektore pribatuan lanak eginda lortzen dute soldataz gaineko gehigarria.

Goizeko 8:00etatik arratseko 15:00etara bitarteko ordutegia du, baina 7:30etarako lanean egon ohi da, tokatzen zaizkion pazienteak errepasatzeko. Guardiak 24 ordukoak izaten dira: “Gogorrak, baina guardia bakoitzeko egun bat libre ematen dizute. Merezi duela uste dut”.


Farmazeutikekin kolaborazioa, entsaio klinikoak: 400 euro
Askotan kontraesana edo dilema etikoa zaiola sentitu badu ere, Farmazeutikekin kolaboratzen du Alainek. “Farmazeutikek sekulako dirutzak inbertitzen dituzte bere produktuen marketingean, eta zergatik ez parte hartu haiek proposatutako saio klinikoetan?”. Diru gehigarri hori primeran datorkiola aitortzen du Alainek, bidaiatzeko, bizitzaz gozatzeko eta zergatik ez, gehiago aurrezteko. “Ez dut bat egiten, farmazeutiken bizkar bizi eta beren burua super-etikotzat duten mediku horiekin. Kontua da non jartzen duzun marra gorria”. Berak argi du, bere pazienteen onerako den bitartean, kolaboratzen segiko duela.

Gastuak: 2964,11 euro

Gastu finkoak: 2442,11 euro

Jada bi urte bete dira Orion bizitzen jarri zirenetik. “Donostia zen gure lehen aukera, baina prezioak onartezinak dira. Hala etxea erosteko, nola errentan bizitzeko”. Asko bilatu ostean Orion topatu zuten bizi kalitatearen eta prezio onargarriaren arteko oreka mehe hori. “Itsasotik gertu bizitzea ezin besteko baldintza zen guretzat, eta 750 euro baino merkeago ez genuen ezer topatu Donostitik gertu”, dio medikuak.


PFEZ zerga: 888,26 euro

Irabazien gaineko hileroko zergak

Etxebizitzaren errenta: 750 euro
Errentan bizi badira ere, etorkizun hurbil batean etxebizitza erosi nahi dute. “Bikoteak lana topatzen duenean”, dio irri artean Alainek. Denbora daramate aurrezkien zati bat horretara bideratzen.

Ura, hondakinak eta argindarra: 122 euro
Berogailu sistema elektrikoa dute eta neguko fakturak “kristorenak” izan ohi direla aitortzen du. Are gehiago, orain, elektrizitateak gora egin duenean.

Internet eta mugikorra: 41,86 euro

Abiatu (Bidegi): 45 euro
Alain: “Egia da Abiaturen hileroko tarifa 28 eurokoa dela, baina ez dakit nola, aparkalekuak ordaintzen, Bizkaiara joaten… beti garestiago ateratzen zait”

Gasolina: 120€
Batez beste, hilabetean hiru aldiz gutxienez betetzen du bere bigarren eskuko Volkswagen Golf autoaren depositoa.

Musika eta Interneteko plataformak: 19,99 euro
Netflix eta Apple Music plataformaren harpidedunak dira. “Lehen Spotify erabiltzen genuen, baina Iphonea dugunetik Apple Music darabilgu”.

Janaria eta etxeko erosketak: 395€

Autoaren asegurua: 28€

Kolegiazioa eta mediku erakundeetako harpidetza: 32 euro
Mediku gisa kolegiazioa eta bere espezialitateari dagozkien hainbat erakundeetako harpideduna da Alain. “Ezinbestekoa zait, kongresuetara eta kurtsoetara joan ahal izateko”.

Gastu aldakorrak: 522 euro

Oporrak: 250 euro
Azken udan Estatu Batuetara bidaia egin zuten hilabetez. Orlandon hasi eta ekialdeko kosta zeharkatu zuten New Yorkeraino. “Oso bidaia zaleak gara, eta soldataren zati handi bat hortan inbertitzen dugu. Hobby garestia da gero!”. Ahal duten bitartean, urtero bidaia luze bat egiten segiko dutela dio Alainek.

Erropa: 85 euro

Liburuak: 45 euro

Zinema eta kontzertuak: 22 euro
Astean behin zinera joaten saiatzen dira, nahiz eta beti ez duten lortzen, lan kontuak medio. “Askotan joan gara zinemara, oraindik zer ikusiko dugun hautatu gabe”.

Jatetxeak: 120 euro
Bidaiatzearekin eta zinemarekin batera jatea da haien beste bizioa. Jatetxe berriak ezagutzea gustatzen zaie, janari berriekin arriskatzea. “Prezioa altua den? Hori oso erlatiboa da, ez da?”

Hilabetero aurrezten du: 897,92 euro


PD: Diru Zorroa atalean parte hartu nahi baduzu, idatzi erredakzioa@zuzeu.com e-postara eta zurekin harremanetan jarriko gara.

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Gorka, 1300€ hilabetean, mantentze lanetako teknikaria Legorretan

ZuZeuko diru-zorroa. Nola iristen zara hilabete amaierara? Zure kontuak erakutsi nahi? Idatzi erredakzioa@zuzeu.com helbidera.