Aitz Garbi

Aitz Garbi

Leku guztietan, txakurrak ortozik

Aitz Garbi

Pozik nago, oso pozik. Atzo, herriko taberna batean –bertako produktuekin errazioak eta pintxoak eskaintzen ditu– hiru baserri bildu ginen, gazta eta baserriaren munduarekiko interesa duten herritar batzuekin.

Alde askotatik begiratuta izan zen ederra gazta-dastaketa. Kronologikoki azalduko ditut.

Lehena, tabernaren jarrera.

Apostua egin du bertako –edo gertuko– baserrietako produktuen alde –zenbait, ekologiko–, eta jendeak badaki zein etxeetako gaztak, adibidez, dituen aukeran, tabernakoek beraiek adierazita. Gainera, prestasun osoa azaltzen du besteekin lanean aritzeko, eta atzokoa bezalako ekintzak antolatzeko. Itsasontzi berean gaude, etxaldeok ez gara hornitzaile hutsak, baizik eta komunitate bereko marinelak. Eskerrik asko!

Bigarrena, baserriak.

Hasiera-hasieratik, hiru baserrion arteko harremana oso ona izan da, izugarri erraza izan da ados jartzea eguna, ordua, ekintzaren dinamika eta abarrak zehazteko orduan. Apenas ezagutzen genuen elkar, erreferentziaz gehienbat. Ederra izan da beste artzain-gaztagile batzuekin lasaitasunez aritzea, inongo konpetentziarik sentitu gabe, gustura. Eta behin lanak bukatuta, norberaren martxaren berri emateko probestu genuen: zein unetan gauden –erditzeekin hasita, oraindik lasai…–, artaldeak nola dauden, gaztagintzan egindakoak edo ez egindakoak… Hemen ere, lasai. Bale gea!

Hirugarrena, parte-hartzaileak.

Herrikoak gehienak, emakumeak eta gizonak, helduak eta gazteak, baserriarekin lotura dutenak eta kaletar peto-petoak. Jakin-mina zegoen, eta horrek poztu egin gintuen –hainbestetan sentitzen dugu gure jardunak ez duela inongo interesik pizten…–, baita animatu ere gazta-dastaketetan ohikoak ez diren kontuak aipatzera– ardien eta ahuntzen elikadura, esnearen garrantzia gaztaren kalitatean, belarra, etxeetako funtzionamenduak, gazten prozesuak…. Oso gertukoa sentitu genuen jendea. Lehendabiziko testuan aipatu nuen amildegia ez zegoen, bertatik bertara ginen, batera. Eta ez dakizue horrek denak nola betetzen zaituen… Mila esker!

Laugarrena, Goiena.

Ez dakigu nola enteratu ziren, baina ekimen honen berri eman zuten. Eta hori gutxi balitz, atzo, bertan ziren! Eskerrik asko!

Animatu nahi zaituztet halakoak bultzatzera, edozein izanda ere: tabernari, baserritar edota bezero. Denok dugu zer eskaini eta irabazi –eta ez naiz diruaz ari–. Uste dut hainbatetan aipatzen dudan komunitate sentimendua elikatzera datozela halako ekimenak, beren xumetasunean.

Sinestuta nago, zenbaitetan, gauza txikiek sortzen dituztenak eraginkorragoak direla, indartsuagoak. Askotan handikeriak jaten gaitu, eta sortzen duen zurrunbiloan geratzen gara preso, titularrek eta sare sozialek zer eta zenbatetan esango, mamiari heldu gabe. Eta su-festa horren ostean, ajea; ondoren, ahanztura.

aitz garbi

Argazkiak: Goiena (Antzuola)

Aitz Garbi

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Zer duzu buruan “Aitz Garbi”-ri buruz

  • Ganbaratxotik 2016-11-08 18:17

    Zorionak sustatzaileei. Ea horrelako ekimenak hedatzen diren.