Afera nagusia estrategia da

Afera nagusia estrategia da

Floren Aoiz Monrealek borroka estrategiei buruz idatzi zuen atzo Facebooken.

Lehen beroaldiak iraganik, gogoeta zorrozteko beharraren aurrean gaude, oraingoan ere. Afera nagusia estrategia da, eta bistan denez, ezker abertzaleak demokratikoki aukeratu duena hobetzen ahal da, eta kritikak hobetzeko baliogarriak izan daitezke, baina norbaitek estrategia hoberik badu, abian jar dezan.

Afera nagusia estrategia daBaina, estrategia hobea da gero eta jende guttiagok ulertu edota babesten dituen formulak, diskurtsoak eta borroka moldeak baliatzea? Benetan, norbaitek uste du kale borrokari zentraltasuna ematea estrategia irabazlea izan daitekeenik 2017ko Euskal Herrian? Catalunya eta Eskozia independentziaren bidean indar oroz dabiltzalarik, poliziari harriak jaurtitzea da egungo euskal askapen ibilbidearen gakoa? Norbaitek uste du horrela hartuko diegula aurre bi herri horiei?

Benetan, onuragarria iruditzen zaio norbaiti ahalegin gehienak (denak ez esatearren) ezker abertzalea, EH Bildu eta Nafarroako aldaketaren kontra zuzentzea? Zein estrategia indartzen da horrela?

Esentzien inguruan eztabaidatzea erresistentzian kateatzea da, iraganari so eginaz gelditzea, aldaketa sakonak sustatzeko aukera baztertzea, aldaketa erraldoien izenean. Batzuk hor daudela dirudi, baina hortik ez da etorriko gure garaiko erronkei eman beharreko erantzuna.

Tragedia larria da kartzelak hustu behar direlarik joan den astean baino hiru gazte preso gehiago izatea. Oreretako EH Bilduk aldarrikatu duenez, ezin dira gazte horiek espainiar epaileen aitzin abandonaturik utzi, baina gauza bat da hori eta bestea ardurari ihes egitea: estrategia okerrek kalte egiten diote gure herriari, bistan denez, eta esan beharra dago! Nork behar zuen gure herrian errepresioa ikustarazterik? Ez preso eta beren familiarrek, ezta epaiketaren edota kartzelaren mehatxuaren menpe segitzen dugnok ere, hori oso argi daukat. Ez zen Altsatsukoa aski argigarria izan?

Borroka ziklo berria sustatzeko erronka dugu gure aurrean. Urratsak ematen ari dira maila askotan. Herri kontsulten inguruan, esaterako. Sindikatu borrokalarien hazkundea dugu beste adierazpen bat. Zerrenda luzea da. Prekarietateak jende asko kaltetu du, gazteak era berezian, eta haserrea zabaltzen ari da, zorionez, gure jendartea bizirik dagoelako. Baina haserre hori eraldaketarako energia bilakatzen ez bada, estrategia kaltegarrietan galtzen bada, ondorioak larriak izanen dira, estatuak eta agenda neoliberalaren eragileak ez baitaute esentzien inguruko eztabaidan murgildurik, ezta iraganarekiko nostalgian kokaturik ere.

Borrokak eta beren fruituak errespetatu eta zaindu behar dira. Nafarroako aldaketa instituzionala, esaterako, borroka ziklo baten uzta da. Hobetu beharra dago, zabaldu eta sakondu beharra dago, arazo asko ikutu ere ez baitira, urratsak mugatuak direlarik. Egunoro ari gara batzuk hori aipatzen eta aldatu nahian, baina kalitatezko hobekuntza da aurreko agertokiaren aldean eta herritar gehienen interes eta gogoak urratzea litzateke irekitako aukera lehertaraztea.

Nork eginen luke izugarrizko besta larunbateko gertaeren ondotik aldaketaren gehiengoak hautsiz gero? Nor poztuko litzateke halako baten ondorioz Mayak Iruñeko alkatetza berreskuratuko balu?

Gogoeta estrategikoak eta indarrak artikulatu eta eraginkor bilakatzeko jarrera tinkoak irain eta deskalifikazioen lekua hartuko balute, denon onerako izanen litzateke, zalantzarik gabe!

Afera nagusia estrategia da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Afera nagusia estrategia da”-ri buruz

  • Za gauzak esaten dituen Jarraiko buru izandako honek!
    Orain aurpegira botatzen die kale borroka erabili duten hoiei estrategia hori ez dela ona. Lehen pilak jartzen zizkien milaka gazteei kale borrokan bere buruak arriskatzeko. Zenbat gaztek hartu dute hori eta zenbat denbora pasa duten gartzelan Florenen garai bateko ikasgaiei esker.
    Gaur ordea lehen ondo zegoena gaur txarto dago. Baina, bueno, garai bateko zertzelada ez zaio erabat joan. Berak ez du guziz kale borroka ukatzen, ukatzen du bere “zentralitatea”. Eta nik diot, herriko festetan, langileen manifetan, unibertsitatean bertan, tipo batzuk poliziaren kontrako borroka astintzen badute eta kontenedoreak erretzen hasi eta jendeari iseka eta erasoa egiten badiete, ez al du beti kale borrokak zentralitaterik izango? Zeren eta hori den “borroka”ren epikaren eredu paregabea.
    Orduan hamarkadetan kale borrokaren estetika-epika-politika erein eta gero Florenek esaten du orain ezetz? Zergatik ez? Bera delako kapoa eta obeditu egin behar zaiolako?

  • Bada niri iruditzen zait belarrondoko ederra soltatu diola Joseba Alvarez alderdikide ohiari eta hemen argitaratu zuen artikulu aluzinogenoari.

  • 11 letzeko jaioak 2017-03-16 20:38

    Eskerrak idazti honen egileak bere izenez sinatu duen, momentu batez 1995an geundela pentsatu dut eta PNVko ohar bat irakurtzen ari nintzela.

    Ni ere kale borrokaren aurka nago arrazoi aunitzengatik, nagusiki eta asko laburbilduz, 90gn hamarkadan gazte ginenok ikasi genuelako, larrutik ikasi ere, estatuek oso eroso sentitzen zirela egoera horretan eta sufrimendu guztia guk pairatu behar izan genuela. Ez dut euskal gazte bakar bat gehiago ere berriro espetxean ikusi nahi. Oso gutxi irabazi genuen eta asko galdu.

    Behin hau esanda, idatzi hau lotsagabekeri hutsa iruditzen zait. Borroka ziklo berria sustatzeko erronka dugu gure aurrean. Omen. Amen.
    Baina zer borroka klase ari da eskeintzen Sortu EHri?
    Borrokatzea al da partidu berriaren estatutoak etsaiaraen legediari puntuz puntu egokitzea?
    Borrokatzea al da presoei esatea bakoitzak bere bidea bila dezala, berriro ere etsaiaren legedia onartzeko? Ajurianeko Ituna, eguneratua.
    Borrokatzea al da espainiar bandera txintxo-txintxo zintzilikatzea gure udaletxeetan inolako duintasunik erakutsi gabe? PNV español, harrapazak!
    Borrokatzea al da herri mugimenduak indargabetzea?
    Borrokatzea al da instituzio guztien zilegitasuna onartzea txintik esan gabe?
    Borrokatzea al da beti PNV atzetik ibiltzea txakur apalen moduan, ea ogi papurren bat botatzen diguten?

    Noiz arte egin behar dugu irri irabazten ari garelako?

    • Besterik ez genuen behar. Floren jauna moderazio lezioak emanez. Handia da gero!
      Bestalde, moderazioan gabe, Sortu eta EHBildu noraezean murgildurik dabiltzala agerikoa da, mezu gero eta zozoagoa eta inozoagoa zabalduz. Ezpainak margotu eta irri egin? Etsaia dar-dar!

  • Nahiz eta ez dagokidan egin beharko dut Florenen defentsa bat eta Sorturena ere bai beraiek bere babespean hartu dituztelako Iruñako atxilotuak. Ze elkartasun iraultzaile excelsoa, kale borrokaren zentralitatearekin bat ez etorri baina bertako protagonistak zaindu eta babestu. Ernaik ere horretan bere do de petxo partikularra eman du eta nire ustez Euskal Herriko kale borroka zaleek txalo bat eman beharko liokete.
    Ez, ez dut zinez usten Floren jeltzale tipikoa denik eta ezta ere Ajuria Eneako itunaren defendatzailea, inolaz ere. Baina ikusten da ezker abertzalea “EAJ”koa zara ez dela laudorio, alderantziz baizik. Hor ikusten da gure iraultzaileen abertzaletasun tamaina eza.
    Letzeko Jaioak jaunari obserbaziotxo bat egin nahiko nioke. Bere ustez Kale Borroka oso txarra izan zen kale borrokan ibili ziren militanteentzat. Beraien kontura apalizatuak, persegituak, irainduak eta abar izan direnak, hoiek ez dira bere kontabilitatean. Kale Borroka txarra izan zen ezker abertzaleko militanteek sofrikarioa jasan behar izan zutelako erasoan ibiltzeagatik. Kaleak erretzea eta pertsonak asaltatzea gehi poliziarekin borrokatzea txarra izan zen hori egiten zuten aingerutxoak zigorra jasan behar izan zutelako. Falta zen argumentua.
    Floren jauna iaioa izan zen euskal gazteria gartzeletara eramaten, horretan nik ez dut dudarik. Eta berak autoritate moral berezia du horregatik oraingo forofo petarderoei mandatuak emateko: protagonismorik, zentralitaterik ez, baina kale borroka bai, beti bezala eta betiko.