Adiskideak bakarrik

Urkulluk argi utzi du, lehendakaria bada, bere lehentasuna krisitik irtetea izango dela, eta ez independentzia gauzatzea. Independentziak Urkulluk adiskidetzat bakarrik nahi duen eta  zerbait gehiago eskatzen dion neska (mutila) dirudi: zaletasunak eta sekretutxoak partekatzen dituzte, gustura daude elkarrekin eta munduaren azken muturreraino joango lirateke eskutik helduta, baina ez du haren arropa hortzekin eranstera bultzatuko dion barne bulkada, grina ezta pasio arrastorik sentitzen. Ez hotz ez bero uzten du, Alderdi edo Aberri Egunean ez bada, eta hor ardoak badu zerikusirik.

Jarrera hau ez da berria EAJko lehendakarigai baten baitan. Estrategia kontua omen da, euskal zentralitatea zaintzeko apustua, nonbait. Alderdi bakoitzari dagokio erabakitzea hurrengo hauteskundeei begira bere ortuan zein hazi erein nahi duen, eta badirudi EAJk esparru jakin bat (ekonomikoa) landu eta zaintzearen aldeko apustu argia egin duela. Independentisten kaltetan beste behin, noski. Jakin badakielako, alderdi barruan dituenak  fidelak direla, eta hortik kanpokoek, onenean jarrita, adiskidetzat bakarrik nahi dutela bere alderdia. Euskal Herrian ez dela larrua jotzen, aizue.

Bitartean, EH Bilduk burujabetza ekonomikoaren aldeko manifestazio batera deitu ditu herritarrak larunbatean. Burujabetza ekonomikoa? Buff, koalizioan eufemismoak asmatzeaz arduratzen denak lanez lepo  behar du egon. Badirudi Ferran Adria sindromeaz jota bizi direla, eta ez genuke baztertu behar etorkizuneko manifestaldi (agian ordurako meeting deituko dira) baterako goiburua hurrengoa izatea: Aran paxa lurkarak, Nota freskoak eta beroak  eta Parrillan erretako platanoa, itsas triku kremaren gainean orain! Napoleonek esan zuen  bikaintasunetik irrigarri suertatzera pauso bakarra dagoela, eta ez zitzaion arrazoirik falta.

Uste dut badela garaia alderdi abertzaleei eskatzeko, benetan herri honen independentziaren alde badaude, esan diezagutela, noiz, nola, norekin eta zertarako nahi duten. Urkulluk argi utzi du bere ortuan ez dela halakorik egongo. Ea Laura Mintegik zer esaten duen. Bestela etxean geratuko naiz.

MARTITZENA 13