Abian dira zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako 2012ko CAF-Elhuyar sariak

Kategoria berria izango du aurten: ZIENTZIA GIZARTEAN SORKUNTZA-BEKA

Elhuyar Fundazioak eta CAF enpresak abian jarri dituzte 2012ko CAF-Elhuyar sariak. CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Aurtengo edizioan kategoria berria izango du sariketak: Zientzia gizartean sorkuntza-beka.

Beka horren bidez, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuei lagundu nahi die sariketak. Proiektuen izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan daiteke, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izan behar du haien muinak.

Edozein diziplina artistiko, soziologiko edo zientifikotako proposamenak onartuko dira sariketara: ikus-entzunezkoak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu duten ikerketa zientifikoak, azterketa soziologikoak…

Zientzia gizartean sorkuntza-bekaren bidez, 5.000 euroko laguntza jasoko du pertsona edo talde irabazleak proiektua gauzatzeko.

Kategoria berriarekin batera, beste bi kategoria hauek osatuko dute CAF-Elhuyar sarien XIX. edizioa: Dibulgazio-artikulu originalak, eta Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak.

Dibulgazio-artikulu originalen kategorian, 2.000 euroko bi sari izango dira jokoan; bata dibulgazio-artikulu orokorrei dagokiena, eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluari dagokiona.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2.000 euroko sari bat egongo da jokoan, eta 2012. urtean argitaratu diren zientzia-kazetaritzako lanak aurkeztu ahal izango dira, edozein formatu eta generotakoak.

Lanak aurkezteko epea 2013ko urtarrilaren 31ra arte dago zabalik. Informazio gehiago: cafelhuyarsariak.elhuyar.orgCAF-Elhuyar-sariak-2012

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.