Abian da VIII. Zernola Olinpiada, Elhuyar Fundazioaren eskutik

Armix, Zernola.net-eko maskota
Armix, Zernola.net-eko maskota

Urtero legez, Elhuyar Fundazioak zientzia eta teknologiaren VIII. Zernola Olinpiada jarri du martxan, www.zernola.net atariaren bitartez. Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelei dago zuzendua Olinpiada, eta urria eta apirila bitartean egingo da. Izena emateko epea zabalik da jada www.zernola.net webgunean bertan.

Olinpiadan parte hartzen duten ikasgelek zientzia eta teknologiaren gaineko bost proba gainditu behar dituzte. Gela bakoitzak blog bat izango du, eta hor zintzilikatu behar dituzte proben ebazpenak. Proba hoberena egin duen ikasgelak sari bat jasoko du, gelako ikasle guztientzat, eta olinpiadaren amaieran puntu gehien dituzten bost ikasgelek sari berezi bat jasoko dute. Lehenengo postuan sailkatzen den ikasgelako ikasleak Senda Viva natura-parkera joango dira, bi egun pasatzera; bigarren sailkatzen den gelakoek, berriz, Espejoko aterpetxean egingo dute bi eguneko egonaldia: hirugarren sailkatuek Arabako Sobron ibaia esploratuko dute, egun bateko txangoan; azkenik, laugarren eta bosgarren postuetan sailkatutako ikasgelek egun-pasa egingo dute Andoaingo Uraren Interpretazio Zentroan, non Leitzarango bailaran barrena bizikletan ibiltzeko aukera izango duten.

Lehenengo proba urriaren 26an argitaratuko da, eta parte hartzen duten ikasgelek ia hilabeteko epea izango dute ebazteko. Zernola Olinpiadaren helburua da gazteei zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna piztea, talde-lana eta sormena sustatzea eta, era berean, teknologia berrietan trebetasuna harraraztea.

Olinpiadako babesleak

Sailkapen nagusian lehenengo postua lortzen duen ikasgelak Senda Viva parkeak emango dio saria; bigarren postuan sailkatzen denaren saria, berriz, Arabako Foru Aldundiaren kontura joango da; hirugarren postukoarena Sobron Abentura taldeak emango du, eta laugarren eta bosgarren saridunen txangoak Andoaingo Leitzaran Uraren Interpretazio Zentroak ordainduko ditu.

Babesle hauek emango dituzte proba bakoitzari dagozkion sariak: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, Berria, Kukuxumusu, Elkar liburu-dendak, Gaztezulo, Skunfunk, Donostiako Aquariuma, Zientziaren Kutxagunea, Karpin Abentura parkea, Astizko Kobak (Mendukilo) eta Iruñeko Planetarioa.