Argiaren abiaduran (La velocidad de la luz)

la-velocidad-de-la-luz.jpg
La velocidad de la luz
Javier Cercas
Tusquets. Barcelona 2005

Ezin esango da hemen Javier Cercas (Cáceres, 1962) sekulako idazlea denik, are gutxiago bi lan bakarrik ezagutzen dizkiogunean (Soldados de Salamina da bestea), baina, arraioa, euskararentzat nahi genituzke halako idazle “normalak” edo, bederen, kontalari iaioak, kirrinkarik gabe nobela osotasunean eraikitzen dakitenak. Horixe baitu Cercasek nabarien, istorio bati heldu, eta gauza handia izan gabe ere, hizkuntzarekin malabarismoak egin gabe, irakurlea bere menera harrapatzen dakiela. Alabaina, esan behar da, hastapenean bereziki, La velocidad de la luz honetan ere, badirela zati luzexkak. Oro har, ordea, kontakizunak aurrera eramango du irakurlea, gustura, gainera. Arrakasta eta gerra ditu aitzaki, bi pertsonaia nagusien kontuak argitzeko. Lagunartea eta bizi beharraren patua ere bai. Bietako bat, autorearen oihartzuna da (narratzailea), lehen pertsonan ibilerak kontatzen dituena, eta bestea, Vietnamen izugarriak eta bi egindako lagun zoro bat. Paralelismo gustagarri bat sortzen du bien artean, irakurlea hara eta hona eramanez. Ez gara kritikoak eta ez dakigu langintza horretaz gauza handiegirik, liburuak gugan utzitakoari baizik ez diogu erreparatzen eta. Hori bai, ordea, hori badakigu ederki, eta penaz amaitu dugu irakurketa. Segituko genion gustura. Dedio.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)