30 urtetan ez balitz izan abertzalerik Jaurlaritzan?

kulyka.flickr
kulyka.flickr

Geuk ere dagigun jolas.

Demagun aintzako hartzen dugula Pastorrek esandakoa eta jolasari eusten diogula geuk ere. Irudika dezagun joan diren 30 urteetan Gobernuan abertzalerik sekula  ez dela egon izan Gasteizen.

Nolakoa zatekeen orain euskararen egoera? Sozialistek orain arte aldarrikatu duten hizkuntza politikarekin —are gutxiago PPri ikusi diogunarekin—, ez dut uste euskararen erabilera eta ezagutza aurreratuago egongo ziratekeenik.

Eustaten txostenen arabera, 1981 urtean, 447.776 euskaldun zeuden, horietatik 208.319 alfabatatu zirelarik. Hogei urte geroago, 656.980 euskaldun, eta 527.771 alfabetatu ziren. Horietatik, inork ez zuen, hala ere, gaztelaniarik ahaztu edo gaztelania ikasi gabe bizitzen asmatu.

Jolasean aurrera.

Nire ustetan, ez-abertzale gobernu baten pean, 1981eko datuak nekez mantenduko ziratekeen. Agian, oposizioaren presioagatik, nolabait eutsi ahal izango ziren, baina nekez. Gure gizartearen herenak egingo zukeen euskaraz, eta oso jende gutxi egongo litzake alfabetatua. %10 baino gutxiago.
Euskarazko irrati eta telebistarik ez genukeen izango. Gehienez, euskal biztanlegoaren proportzioari jarraituz, programa batzuk euskaraz emango ziratekeen, eta agian, gaztelaniazko albistegien ondoren, euskarazko laburpentxo bat izango genukeen, Telenortek egiten duen modura.
Orokorki, euskarazko idazlan, musika, antzezlan, feriek etabar, aurrekontuetan beren zati proportzionala izango zuketen. Ezingo genuke pentsatu halako euskal unibertsoa badenik, izatekotan euskal txokoa zatekeen. Gure euskal ondarea folklorearekin lotuta egongo litzake ziurrenik.
Honekin, ez dut sozialisten aurkako demagogiarik zabaldu nahi, ez eta ere orain arte izan ditugun gobernuen aldeko apologiarik.
Aurretik esan behar da, nik neuk independiente modura hartu nuela parte Gobernuan Inaxio Oliberiren esanetara, eta ez dut uste egin den guztia zuzena izan denik ere. Adibidez, niretzat lotsagarria da euskaldunok, behin eta berriro, honetan eta beste hartan, erreferentzia garela Europan edo munduan entzuten dudanean. Hori gezurra izateaz aparte, guretzat kaltegarria izan dela uste baitut. Jarraituko nuke, bainan beste baterako utziko ditut kritika horiek.

Gauzak argi.

Bainan zerbait argi eta garbi ikusten dut: gobernu abertzaleen agintepean joandako hiru hamarkada hauei esker, badugu euskara eta euskal kultura gurean. Beste egoera batean, agian hilzorian edo oso gaisorik egongo ginateke kulturalki.
Isabel Celaak,  Hezkuntza sailburuak, orain dela gutxi esan zuen, Ibarretxeren gobernuko hizkuntza politikak, lagundu baino, kaltetu egiten zuela euskararen garapena. Beraiek proposatzen zuten politikak, ordea, giza eskubideak eta euskara batera babestuko zituzketela.
Ikusi beharko zer nolako aukerak egiten dituzten, bainan gauza bat  izan dezatela argi: ez gaude kontu, joko edo esperimentuetarako.

Caracasen jaioa 1956. urtean, Euskalherrira 12 urtekin etorri, eta 17 urtekin berriz Ingalaterrara joan nintzen ikasketak egitera Biologian. Biokimikaria naiz, eta EHUko Donostiako Kimika Fakultatean irakatsi eta ikertzen dut. Onddoen biokimika da nire espezialitatea, baina zientziaren komunikazioan ere aritua naiz.