30 urteen bueltako krisia. Nondik da irteera?

30 urteen bueltako krisia. Nondik da irteera?

Haur-eskolan geundela errotulagailu horia erabiltzen genuen eguzkia DIN-A4 orriaren goiko bazter batean margotzeko. Ez zion axola astroa ezkerrean edo eskuman irudikatzen bagenuen. Ondoren errotulagailu beltza esku ñimiñoetan hartu eta eguzkitarako betaurrekoak eransten genizkion eguzkiari berari. Horrek irria eragiten zigun. Eta gero kolazko freskagarri bat jartzen genion eguzkiari eskuartean, tinta gorri-granateen geruzek orria erabat zimeltzen zuten arte. Horrek jada eromena eragiten zigun. “Nola da posible eguzkiak berak eguzkitarako betaurrekoak jantzi, eta freskagarri bat lastotxo eta guzti edatea?”, galdetzen zigun aldameneko adiskideak barreari eutsi ezinda. Ohartu gabe, surrealismoaren gailurra ukitu genuen bospasei urterekin. Harrezkero ez dugu halako surrealismo maila sekula erdietsi.

30 urteen bueltako krisia. Nondik da irteera?Institutura besapean eramaten genituen karpetek ez zuten inolako tokirik irakasleen erabakietan. Asistentzia, ikasketa prozesu, menperatze, puntualitate, ordena edo gisa horretako pitokeriak izan ohi ziren ebaluazioko nota baldintzatzen zuten elementuak. Inondik inora karpetak. Ez zuten ikasturteko azken nota altxatzen laguntzeko balio. Eta pena da, inoizko irudirik ederrenak ikusi baitzitezkeen bertan. Nerabezaroko rock izar, kirolari edo maitasun mezu saldoa. Pilot, rotring, bic, inoxcrom eta enparauez egindako museo pribatuak ziren karpetak. Intimoak. Arte irakasleak pigmentu koloreen gaineko matraka ematen zigun bitartean, guk gurago genuen marrazki eta zelulosazko tenplu haiek lagun eta gertuko ikaskideei mahai azpitik erakutsi. Historiako irakasleak arreta Grezia klasikoko jainkoengan jar genezan eskatzen zigun bitartean, guk nahiago genuen nerabezaroko jainko zirrimarratu haiei so egin. Oharkabean, norbere sozializazio prozesuaren adierazlerik garbienak bihurtu ziren idolo, musikari, pegatina eta maitasun mezuez osatutako karpeta haiek. Eta ikusezin egin zizkiguten.

Unibertsitateko klase magistralek dena zioten ekonomia, ingeniaritza edo filologiari buruz. Punta-puntako pertsona bilakatuko ginela zioten. Pertsona eredugarri, pertsona ziur. Ez ba. Kale. Biologia eta geologia klaserik duinenak unibertsitate orduetatik kanpo ematen ziren, ostegunetan. Biologia Biolorgia bilakatzen zen; Geologia, Geolorgia. Eta norbere gorputzak eman zizkigun muga, mapa fisiko, psikologia, mendi tontor, bailara, zulo, organo eta erupzioen inguruko ikasgairik onenak. Gezurra da unibertsitateak bizitzan arrakasta lortzeko ogibide bat jartzen digula eskura. Arkitektura, filologia edo zuzenbidea ondo daude, baina unibertsitatean ez dago maitasun zientzien fakultaterik, ez ametsen campusik, ez traizioan graduondokorik, ez adiskidantzan doktoretzarik. Konturatu barik, kontraesanez beteriko mundu batera egin genuen jauzi lizentziatu eta berehala.

Eta orain hemen gaude, surrealismoz, sozializazio ikusezin eta kontraesan betean. Nola ez gara ba 30 urteen bueltako krisian sartuta egongo?

30 urteen bueltako krisia. Nondik da irteera?

Zer duzu buruan “30 urteen bueltako krisia. Nondik da irteera?”-ri buruz

  • Ze ona den norbere kezka,ilusio eta ikuspegiak komunitate edo talde batekoak direla irakurtzea. Eskerrikasko artikuluagatik.
    Gora zu zeu eta zu zeutarrak,gu ta gutarrak alegia.