1978 – 2024

1978 – 2024 –

Udak eman ditu bere urratsak eta jai giroa ahultzen doa. Orain, atzean utzitako beharrak ditugu aurrez-aurre, eta beste behin, euskal gizarteari arrazoi zuzenak eskaini behar zaizkio.

1978 – 2024
Arg: EAJ

Itxuraz, hasierako lehen  hartu emanak giro politikoari bideak leundu nahian dabil, baina, -beti daude salbuespenak- agian, Ortuzar jaunari, eskerrak eman beharko litzaizkioke protagonista izateko egiten dituen ahaleginagatik.

Ortuzar jauna, aldakortasun diplomatikoaren adibide garbia baita, eta -dirudienez- bere “kantore” solista egunak amaitzear doazenean, azken agur dotorea ongi irabazia duela uste dut.

Hamar urte luze joanak dira geroztik, eguraldi ederra genuen, haize freskoa, dotorea. Eguberriak hurbil zeudenez hiriburuak karrikak ongi apainduak eskaintzen zituen, 2013ko azken hilabetea zen.

Gasteizko legebiltzarrean, kafea eta egunkari pare bat mahai gainean, lasai nire lagunaren zain. Ahotsen zurrumurru batek nire lasaitasuna eten zuen. Bertan zegoen kazetari-taldea bizkor ibili zen, kafetegiko isiltasuna alde batera utzita.

Berehala jakin nuen zergatik mugitu ziren. Korridoreetan zeuden, beti berriak dituen gizon bati entzuten, oratoria dotorearen jabe, EAJko lehendakari Andoni Ortuzar jaunaz ari naiz.

Egia esan, ez dakit zer esan ahal zuen ni iritsi arte, baina argi entzun nion honako hau: “Iritsi da Gernikako Estatutua erreformatzeko eta Euskadik Espainian duen ahokadura eguneratzeko unea. Herri-kontsulta 2015-16 ikasturtean izan liteke. Garrantzitsuena egitea da¨.

Hemerotekak ez duela barkatzen denok dakigu, horregatik gaur berriro irakurtzean esan daiteke, ez direla  hitz makalak, EAJren lehendakari, Andoni Ortuzar jaunak, 2013. urtean Gasteizko Legebiltzarrean esandakoak.

Eta ez dira batere makalak, batez ere, kontuan hartzen baditugu duela egun gutxi Andoni Ortuzar berak esandakoak: “Hitzetik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste du EAJk, Euskadirentzat autogobernu estatus berri bat zehazteko”.

Hau entzunda, zerbait azpimarratu beharko banu, nik  EAJren koherentzia eza nabarmenduko nuke.

Baina horrelako jarrerak ez datoz nolanahi, baditu bere arrazoi potoloak, sendoak. Nor ez litzake kikilduko etorkizunari begira, azken urteetan EAJk daraman sufrikarioekin?

EAJ baita,  era guztietako hauteskundeetan, 55 aldiz irabazi duen alderdi politiko bakarra, eta alarma guztiak piztu zitzaizkion 200.000 bototik behera erortzean, historian lehen aldiz. Ez ote da koldartu, kikiltzeko arrazoi nahikoa?

Berri txarrak beti daude, egia da, baina hortaz aparte, ukaezina da Euskadi eta Nafarroako gaur egungo egoera politikoari begiratu lasai batek, berrikuntzak eskaintzen dizkigula. Besteak beste, Ganbera Legegileak osatzen dituzten taldeen arteko “uniformetasun” nabaria.

Beste behin ere, “praxia” eta aditzaren arteko tartea nabarmenduz. Baztertu gabe, Lege Biltzarreko egunerokoan, jarrera dialektikoa  -UPNko buruzagiak salbuespen- nabarmen zibilizatu dela.

Nolanahi ere, eta hautematen dena atsegina ez bada ere, gauden tokian gaude eta nahi edo ez, denok gara parte. Errealitate horretaz jabetuta, denboraren joanean bezala, ikasi dugu ahalegin lasai baina saiatuak -argudioaren baliabideei beti lagundu behar diena- batez ere ezagutza, fedeak ordezkatzen duenean. Honek “sentimental” liluragarri bati ematen bai dio bidea, eta horrek egoera delikatua eta arriskutsua dakar, beti.

Nik beste askok bezala, zangoak helburutik ez hain urrun jarri ditugula badakit, baina eginiko okerrak -guri ere- bidea aldarazi digute. Gaur derrigorrez onargarria da proiektu independentista batek “sedimentazio” handiagoa behar izatea, gizartearen gehiengoak metabolizatzeko.

Hori guztia egia izanik, -ez baita gezurra- egun estatuaren boterearen  eta haren erakundeen mende egoteak, ezinbestez dakarrela Madrilek arautzea autonomiaren benetako irismena eta edukia. Beraz, gaur egun transferentzia ospetsuak “kontzesio” gisa erabiltzen dira, PSOEren Gobernua La Moncloan mantentzearen truke.

Horrela gertatzen da, estatuak nolabaiteko autonomia maila eskaintzen duenean, erakunde nazionalistak eskatzen duena baretzeko, edo multzo honetako “beste talderen batek”, neurri apalagoko lurralde eskaera egiten duenean.

Beraz, bi maila hauetako helburuak bat ez datozenean, bien arteko lotura eraiki behar da, beharrezkoa izango den sostengua lortzeko. Gaur egun horrela ez da, baina horrela izango da, naiz Urkullu jaunak -bere garaian- aurkakoa esan.

Urkullurekin jarraituz ezin da ukatu, hamabi urtez lehendakari izandakoa dela, duela egun gutxi arte. Beraz ez da estralurtar bat, auskalo nondik etorria. Ortuzarren lankidetzarekin EAJ zuzendu du hamarkadetan.

Aipatutako bizkaitar bikoteari nire galderak: Zubietako erraustegia eraiki zutenek nork dira?. Zaldibarren gorde ezin izan diren astakeriak babestu zituztenek, nor dira?. Europak txalotutako hondakinen kudeaketa jasangarriaren bidean emandako aurrerapausoak ezerezean baztertu zituztenek, nork dira?

AHTren obrak azkartzea eta energia berriztagarrientzako azpiegitura erraldoiak eraikitzea erabaki zutenek, nor dira?.  Basoak suntsitzen dituzten ekimen basatiak larrialdi klimatikoari  aurre egiteko tresna egokiak dira?

Urkulluren gobernu kide zirenei askotan entzun diegu: “Ez dago beste bide zuzenik”, baina egunerokotasunak hain harro esandakoak, gezurtatzen  zuenean, gorde egin dira, behien eta berriro.

Gehiago luzatu gabe,  Lakuatik orain arte eskaini duzuen lankidetza oso ezaguna da, hau: “Ez bazaude gurekin ados, jakin ezazu, zu gabe aurrera aterako dugula”.

Imanol Pradales, Lehendakari jauna, euskal gizartea, zure praxiaren  zain daukazu.

1978 – 2024  1978 – 2024  1978 – 2024

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude