13 ez da batere zenbaki txarra mahaian esertzeko orduan

dbrych.flickr
dobrych.flickr

Ez dakienarentzat esan dezadan Grimod de la Reynière jauna dela gastronomia idatziaren aitapontekoa, kritika gastronomikoaren sortzailea, Almanach des Gourmands argitalpenarekin. 8 atal argitaratu zituen 1812 urtera bitartean. Egundoko arrakasta ezagutu zuen almanakak.

Ez literatura eta kritika gastronomikoa bakarrik, gidak eta gastronomia leihaketak bezalako kontuak ere, bere eskutik etorriak zaizkigu. Carême sukaldari handiak ez zuen, hala ere, gehiegi maite de la Reynière-ren lana, baina ez eta egileak berak ere. Zinikoa izaki, bere lanaren oso gainetik jartzen zuen Brillat-Savarin garaikidearen Gustuaren fisiologia liburu gogoangarria: Goi gastronomia da liburu hori, eta bere aldean, nire Almakak ez dira rapsodia tristeak baino…

Umore oso beltzaren jabe zen, probokatzailea eta heriotzarekiko lilura moduko bat ere bazuen. Bere aitari ere sekulakoak egin zizikion, eta honek Erregeari eskatu zion baimena semea desterrura bidali ahal izateko. Sekula ez zituen eskularrupean ezkutatutako bere eskuak erakusten, esanez, haurra zelarik eta sehaskan zegoelarik, urde batzuek jan zizkiotela hatzak. Bere hileta-oturuntza antolatu zuen halako batean, garaiko sukaldari eta gourmand handienak bilduz. Berea da, halaber, Anfitrioiaren liburua arrakastatsua: Zopa etxe bateko fatxadaren antzekoa da, hartzen den lehenengo gauza izateaz gain, ondotik etorriko den oturuntzaren nolakotasuna erakutsi behar du, opera batean oberturak bezala…

grimod de la reynière

Ez zen ongi konpondu Iraultza Frantziarrarekin, eta atxilotuta ere egon zen, jauregi batera bere emaztearekin erretiratu baino lehen. 1838. urteko Urte Zahar gauean, lagunik minenak gonbidatu zituen afaltzera, gero ohera joan zen lotara, eta halaxe hil zen, nahi izan zuen bezala: oturuntza eder baten ostean.

Kontuak kontu, ordea, artikulutxo hau ez zen Grimod de la Reynièreri buruzkoa. Hemen 13 zenbakia zen aitzakia, 13 lagun mahaian eseritakoan, zorte txarra nagusi daitekeela pentsatzeari buruzkoa. Ez baita egia borobila oso hedatua dagoen uste hori. Ikusi, bestela, zer esan zuen Grimod de la Reynièrek honi buruz: Hamahiru mahaikide mahai berean esertzea ez da hartu behar zorte txarraren seinaletzat, ez bada hamabirentzat bakarrik dagoelako jana.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)