Ekainak20: “Matxitxako Reggae Splash” jaialdia Bermeon

VI. Matxitxako Reggae Splash jaialdiko afixa
VI. Matxitxako Reggae Splash jaialdiko afixa

Bermeoko portuan ospatuko da festibala hirugarren urtez, hasierako urteetako San Jose eskola baino gune askoz hobea izaki. Nestor Basterretxearen ‘Olatua’ eskultura dagoen orubean kokatuko dituzte bi guneak, 20:00etatik aurrera soinu afroamerikarrek eta erritmo teknoek kostaldeko kresalarekin bat egin dezaten. Goizeko 4:00rak arte egongo dira talde reggae-ak, eta 7:00ak arte DJak.

Aurtengo musikarien zerrendak, aurreko urteetan bezala, Euskal Herriko zein kanpoko taldeak uztartzen ditu. Erresuma Batuko Upper Cut Band taldearekin batera lau abeslari arituko dira ere: Prince Livijah, Deadly Hunta, Solo Banton eta Lioness Fonts. Herrialde beretik helduko da ere Murray Man; honek, atzean musikari taldea izan beharrean soundsystem baten laguntzarekin arituko da. Euskal Herriko ordezkariak Bilboko Lutxana Krew Dub Band izango dira.

Talde reggaez aparte, Disc Jockey-ak arituko dira baita ere portuan, eta aurten aurreko urteetan baino presentzia garrantzitsuagoa izango dute festibalean. Zortzi DJ euskaldun izango dira guztira, reggae kontzertuetatik 100 metrotara kokatuko duten karpan: DJ Patt (Donostia), DJ Ima (Donostia), DJ Carballo (Donostia), DJ Mikele & Soulrack (Donostia), DJ Crawlaworks (Donostia), DJ Chris Rios (Elgoibar), DJ Jon (Bermeo) eta DJ Palas (Bermeo).

Reggae eszenatokiaren parean bokatak eta edariak salduko dituen txozna izango da, eta DJen karpan edatekoak lortzeko beste etxola bat jarriko dute. Antolatzaileen esanetan “DJen atala dezente hobetu dugu, nahiz eta krisi garaiak diru laguntzetan eragina izan duen”.

Txo! D’Arbuka perkusio talde bermeotarra da “VI. Matxitxako Reggae Splash” jaialdiaren antolatzailea. Bertakoa den Ander Barturenek azalduta “herriko jendearentzat zuzenduta dago jaialdi hau, nahiz eta edonor izango den ongi etorria”. Barturenek argi dauka beste herri batzuetako jaialdi handiekin lehiatzerik ez dutela, baina ez da hori beraien asmoa: “Bilboko Kobeta Sonik eta horrelako festibalek beste helburu batzuk dituzte. Azken batean, geurea doako jaialdia da, eta San Juan gauaren aurreko asteburuan ospatzen dugu ekainaren 24an lan egin behar duen jende askok ere bere festatxoa izan dezan”.

Bukatzeko, aipagarria da loteria modukoa prestatu dutela antolatzaileek bertaratzen direnen artean. 2 euroren truke txartela erosten dutenek, 150 euroko saria irabazteko moduan izango dira. Hilabete osorako martxa pagatzeko moduko kantitatea, bai horixe.

bermeo, DJ, Matxitxako Reggae Splash, Reggae

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude