“Guardia Civilekin” elkarrizketak(II): Demokrazia eskolak…

Guardia Zibila
Guardia Zibila

Opor gosea izaten den garaian, unibertsitatearen azken egun horietako batean, Bilborako trena hartu behar duzu. Aitak esan dizu: “Hartu autobusa Donostiatik!”, betiko sermoia, baina zuk badakizu ordu laurden soilik aurreratzen dela autobusean. Gainera Euskotrenen hamar bidaiako bonoa erosi zenuen duela hilabete, eta ez zaizu agortu oraindik. “Aita utzi pakean, mesedez…”

Amaloi kafetegian kafeina dosia hartu eta ipur masail ariketak egin dituzu, ez baitzara inoiz ohituko aulki gogor horietara. Amaloitik irten eta, “hara!”, bi patrol berde aurkitu dituzu geltoki parean… “ui, ui, ui…aber behintzat egun ona duten…”

Kafeina dosia txarrerako izan da gaurkoan, urduri zaude, bihotzaren azeleragailuari sakatu bazenio bezala. Begiak alde batera eta bestera mugitzen zaizkizu, eta lasai zaudenaren itxura nahi duzu egin. “Ez begiratu metrailetari, ez begiratu metrailetari, ez, ez ,ez”, baina begiratzen diozu azkenean. Ezin duzu disimulatu, “joño!”. Azterketak ahantzi dituzu une batez, ahaztu zaizu zertara zoazen Bilbora, soilik Bilbora zoaz… eta berdez jantzitako polizia tokatu zaizu. Berriz ere. Bigarren nasa da Bizkaia aldera doana, Eibarko aiton-amonez mukuru da, eguraldi ona egin du gaur eta hondartzatik bueltan doaz. Ez dirudi haiek hain urduri daudenik, edo hala uste duzu behintzat. Lehenengo nasatik bi begirada zorrotz dituzu nabari, une batez badakizu zer sentitzen den tirokatzen zaituztenean. Bigarren nasa amaieran beste bi metraileta daude soinean bi gizonekin, berdez jantziak hauek ere. “Hi zintzoa haiz, ez duk ezer egin… baina zer inportako dik horrek! Gaur ere miatuko haute-eta”.

Trena iristeko geratzen ziren 4 minutuak oso luzeak egin zaizkizu. Hor dator. Gidariaren begietan ere zerbait arraroa sumatu duzu pasaran, narda ikustea iruditu zaizu bere begietan. Barrura sartu eta lau jesarleku huts aurkitu dituzun leku bakarrean jarri zara. Lasaiago joateko. Berria zabaldu eta eguneko berriak irakurtzen ari zarenaren itxura egin duzu, polizien presentzia arbuiatzeko asmoz. Lehenagotik ere bazenekien, horrelakoetan irakurtzea ezinezkoa dela, buruan duzun enpatxuagatik edo. Bi polizien begiradak biluztu egiten zaitu eta edozein “txorakeriatan” pentsatzen hasten zara. “Atxilotuko al naute korrikaren pina eramateagatik, edo EHNA soinean dudalako?”

Zumaiara iritsi aurretik ia zure parean duzu 36 urte inguruko Guardia Zibila. “La documentación. Y enséñeme la bolsa, todo lo que lleva”, Eskua sartzen du zure “marikoneran”, kartera ateratzen du, mobila ere bai, eta narruzko poltsan eginda dituzun pintadei begira hasten da. “Qué es esto?”, dio Ongi Etorri leloa duen Korrikako pinari begira. “Eh… Es el pin de la Korrika, de los euskaltegis de AEK…”, horrelakoetan sekulako baserri azentoa ateratzen zaizu, urduritasunak eraginda-edo. “Ez al nau ba atxilotuko AEKko pin batengatik”, pentsatzen duzu berriz ere. Txorakeria zirudien pentsatzeak ere. Eskuekin ukitzen du eta badarama lagunekin komentatzeko.  “Ai ama”. Egia esan ez zaitu gehiegi harritzen egoerak, eta pentsatzen jarrita, kezkagarria iruditzen zaizu horrelako egoera normaltzat hartu behar izatea.

Berriz dator solasetik solasera pikoloa. “Toma. No te tienes que preocupar… mientras no sea ilegal lo puedes llevar, vivimos en una democracia libre.” Benetan ez zenuen halako erantzunik espero. Apurtuta zaude esan duenarekin. Ahoa itxita edukitzera behartuta, burua jaitsi, eta uda aurretiko azken azterketetan kontzentratzen saiatu zara. Zaila ipintzen dizute gero.

errepresioa, Euskotren, Guardia Civil, guardia zibila, kontrola, polizia, Rubalcaba
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

4 pentsamendu ““Guardia Civilekin” elkarrizketak(II): Demokrazia eskolak…”-ri buruz

  • Ongi etorri…”mientras no sea ilegal”, hor dago koxka, dagoeneko “ongi etorri” asko “ilegal” bihurtu dituzte, presoenak hain zuzen ere. “Ongi etorri” hutsa susmagarria da zuk kontatutako istorioan. Betikoa…

  • “Democracia libre” esan al zuen? Hori ez al erredundantzia…? Demokraziak definizioz libre dira, ezta? Adibidez, “Guardia Civil escrupulosa con los DDHH” esatea bezala da, hori berbak alperrik gastatzea da, berezko du soldaduak adorea. (Ea zuk ere adore pixkat geyo izaten duzun 3. entregan, e Oier? karkarkar!!)

    “Txxxx -Informe de la situación, Cabo Romerales. CAMBIO”.

    “Txxxx fiuuu txxx-Terrorista armada y peligrosa apodada Libertad localizada y abatida, seguimos a la búsqueda y captura de presunto colaborador, alias Democracia. CAMBIO Y CORTO”.

  • bittoriomaortua 2009-08-15 20:40

    Eskua marikoneran sartzeko ez al dute agindu judiziala behar? Ba hala behar luke. “No, por preguntar, don agente”.

  • “No te tienes que preocupar, vivimos en una democracia libre”.

    Excusatio non petita, acusatio manifesta.

    Azken aldian asko darabilt esaldi hori 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude