Lau horma, lau norma eta lau forma

Lau horma, lau norma eta lau forma

Pasa den astean Sansohetaz mintzatu nintzen, hontan Baionako espetxeaz, maison d´arret, charles maison d´arret delako erokeria hortaz. Hitz egin nezakeen bezala Martuteneko kartzelaz, arazo psikikoak dauzkaten lagunen egoitzez, Iruñeako polizia-etxeez, Miarritzeko atzerritarrentzako atxilotze zentroaz edo adin txikikoentzako beste edozein  eraikinez.

Jendarte honetan soberan dagoena, molestatzen duena, besteekin egon ezin dena, une batetik aurrera, esparru itxi batean sartuko dute. Lau horma. Lau norma: errespetatu autoritatea, integratu, diziplina, ez molestatu. Horri aurre egiteko lau forma: obedientzia, desobedientzia, etsipena edo ihesa.

Baina lau hormetatik ihes egiteko lau modu ezberdin egon daitezke: bizioak, literatura, tunel bat edo suizidioa.

Lau horma, lau norma eta lau forma
Baionako espetxea

Honela kontatzen zuen Berriak: “Bere buruaz beste egin zuen preso batek igandean Baionako kartzelan. Gizon bat da hildakoa, eta hiru egun soilik zeramatzan preso. Aurten Baionan hildakoa hirugarren presoa da; beste biak maiatzean hil ziren, eta horietako bat behintzat suizidioa izan zen. Haur pornografiagatik zegoen preso gizona, eta lehenago ere zigortua zuten adingabe bat bortxatzeagatik. Samuel Vuelta Baionako fiskalaren arabera, ez zioten arriskurik sumatu ziegan sartu aurreko azterketa psikologikoan. Beste preso batekin jarri zuten, eta hura ziegatik at zegoela bere burua urkatu zuen igandean. Beste bi preso ere hil dira aurten Baionako espetxean; biak, maiatzean. Horietako batek bere burua urkatu zuen; bortxaketagatik eta familia barruan sexu abusuak egiteagatik zigortua zuten. Haren aurkako beste auzibide bat irekia zuten. Hil hartan bertan 45 urteko preso bat ere zendu zen Baionako espetxean; droga trafikoagatik zegoen preso, eta «substantzia batzuk» hartuta hil zela esan zuten. Ikerketaren arabera, «heriotza naturala» izan zen.”

Arazoa da norberak atzean utzi nahi duen tokiak ez dutela zertan lau horma izan. Gatazka ez dela zertan lau norma edo zuzenbide bete ala ez. Bizio askok ez dutela zertan bizi hobea eman, edo eramangarriagoa; literaturak eta fikzioak ezin dutela birtualitatez estali norberaren gordina; tunel iluna, klaustrofobikoa, itogarria, ez dela nehoiz amaitzen eta beste aldean ez dagoela merezi duen ezer.

Gudu-zelaia norbera denean, ez dagoenean ihesbiderik, bere buruaz beste egitea hautatzea. Lau horma, lau norma eta lau forma aski ez dituenarentzako, bere buruaz bere egitea.

Lau horma, lau norma eta lau forma
baiona, lau forma, Lau horma, lau norma

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude