Zaharren odola

Zaharren odola

Ene izpirituan bazen zenbait pertsu
oriaio den guzia etzerait hustu.
zertaz dutan solasa emazue kasu
esplikatuko baitut ahal bezain justu
Zahar bezain prestu
odola zaut hoztu
bihotza ere laztu
gorputza beraztu
oraino gazte banintz banuke gostu!


Interneteko bazter batean esan didate odola magikoa dela. Kirolari dezente harrapatu izan dituzte egunetan zehar luzatzen den froga batean parte hartzen ari zirela beraien odola berriz ere sartzen (medikuaren eskutik), deskantsatuta eta indartsu zeuden une batean ateratakoa; horrek energia ematen duela frogatuta dago, beraz. Hanka sartzen ari ez banaiz, Eritropoietina edo EPOa da hori posible egiten duen hormona: globulu gorrien ekoizpena (eritropoiesia) eragiten duen hormona glikoproteikoa da. Gizakiengan giltzurrunetan (%85-90) eta gibelean sortzen da.


Zaharren odolaZahar gazte arteko hau da parabola:
zuzen esplikatzia hein bat gogor da
gaztea ez daiteke adin batez molda,
gorputza sendo eta azkar du odola;
Zaharra ez da hola;
iragan denbora
etortzen gogora,
eta ezin kontsola…
nekez bihurtzen baita zahar arbola!


Dirudienez, hainbat ospitaletan praktika hori gauzatzen hasi dira, baina beste helburu batekin: zaharrei bizitza hobetzea. Agureei beren odol talde bera daukan gazteen odola sartzen die, horrek gorputza eta garuna azkartzen dituelakoan. AEB-tan dagoen ikerlari talde batek,  Sakura Minami buru, garatu du tesi hau. Gibela, hezurdura eta giharrak indartu egiten dira, eta prozesu kognitiboak hobetu.


Egunak badoazi egunen ondotik
ez dira elgar iduri joaiten hargatik:
atzo iguzkiaren distira zerutik,
egun hobela jalgi itsaso aldetik:
euria ondotik
hasi da gogotik
hedoien barnetik
hortakotz badakit
erituko naizela bustiz geroztik


Baliteke zientzialariek mahai gainean jarriko dudan tesia ezin frogatu izatea, neronek behintzat ezingo nuke. Hipotesi kategoria emango diot, senak esaten didan zerbaitean utziko dut, bihozkada, susmo, errezelo, zantzu, uste ustelean nahiago baduzue. Agian transfusio bat egiten den aldiro kontrako noranzkoan ere egin beharko litzateke. Kasik borroka bakarra irabazi ez dugunon belaunaldi honek aurreko guztiak aurreratutakoa ere ari da galtzen, eta beharbada, transfusio horretan kasta apur bat ere pasako ligukete; kasta-plasma moduko bat (nostalgiarik gabe, XX.mendera itzuli nahi gabe, ezkortasun kroniko, merke eta erabilerarik gabekoa alboratuta).

Korrika egiterakoan pixka bat gehiago nekatuko ginateke ziurrenik, baina mereziko luke.

Zaharren odola
belaunaldiak, gazteak, gaztetasuna, kasta, mikel-laboa, odola, zaharrak, Zaharren odola, zahartasuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude