Udan oporrak?

Bloga hasi nuenean zalantza izan nuen zertaz idatzi, zertara bideratu: irteera emango nion idazle zaletasunari libreki iritzia adieraziz, edo irakasle naizen aldetik eskolan egiten duguna izango nuen gogoan? Gehiegi hausnartu gabe jarri nintzen lanean eta noizbait ikasleekin lan hau praktikara eramateko asmotan, bigarren bidea hartu nuen.

Blogean idazten aritu naizen bost hilabete hauetan konturatu naiz -hasieran garbi erabaki ez banuen ere- bi helburu izan ditudala gogoan: Batetik, blog bat egiten ikastea: forma eman, sarrerak egin, argazkiak aurkeztu, loturak jarri, bideoak sartu, dokumentuak erantsi… ondoren eskolan aplikatzeko. Eta bestetik, IKT lanerako baliagarri diren tresnak eta ideiak eta gogoetak ekartzea, bai ikasleekin martxan jartzen naizenean erabiltzeko, bai bloga jarraitzen duenak laguntza hori izateko.

Orain, uda iritsi dela eta, oporralditxo bat hartzeko ideia etorri zait burura; baina ezin txoko honi adio esan, ez dakit zergatik baina ama-senak esaten dit jaioberriari ezin zaiola janik gabe denbora luzean utzi.

Beraz, erabaki dut elikatzen jarraitzea, baina udako beroari aurre egiteko janari arinagoak ekarriko dizkiodala. Laster arte.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Udan oporrak?”-ri buruz

  • Zer dira janari arinagoak? entsalada gazpatxo eta horrelakoak?