Sinistrum maximun est (ezkerrak eta komeriak)

ezkerrak 

ezkerrak Sinistrum latinez, “siniestro” hitzetik hurbil baino gehiago itsatsita, alajaina. Ezkerra naiz eta harro nago; erran nahi baita, ezkerreko eskuarekin abilagoa naizela, ez “ni naiz PSOE” esaten zuen emakumearen gisan “ni ezkerra naiz” esaten ari naizenik.

Munduko biztanleriaren %10 inguru horren parte naiz, eta jakin badakizue mundua, kasu honetan, gehiengoaren neurrira egina dagoela. Guraizeak; kameren heldulekuak; bizikletako frenoak… Idazkera ere. Inoiz ez ditut “pilot” deituriko boligrafoak erabiltzen, tinta dezente soltatzen baitute, eta ezkerrak zikindu egiten gara, eskuinetik ezkerra idazten baitugu mendebaldean. Ilusio handia egin zidan “The Simpsons” telesailean Flandersek “zurdorium” bat zabaldu zuenean. “Arranopola!”, pentsatu nuen, “dirutza utziko nuke holako batean”.

Baina txikikeria hauetaz gain, ezkerra izateak badauzka bere alde onak; eta azti, hori ez diot nik, zenbait “ikerketa zientifikok” baizik.

Kiroletan hobeak omen gara (Pelé, Maradona, Nadal…) bereziki parez-parekoetan, hots, tenisa, ping-ponga eta antzerakoak. Gure garuna modu simetrikoagoan banatzen omen da, eta eskuinak ez daude hain ohituta ezkerren aurka jolasten; gu bai, ordea. Diotenez, borrokatzerako garaian abantaila bat da ezkerra izatea, inor gutxik espero baitu muturreko bat alde horretatik.

Beste ikerketa baten arabera, ezkerrak lehiakortasunaren adierazpen gorena gara. Benetan solidarioak eta elkarri laguntzeko bizi bagina, denok erabiliko genuke alde bera. Beraz, gu gara munduko ezberdintasun eta kalamitateen erantzuleak; eta horri buelta eman nahi diotenak “ezkertiar” moduan definitzen dira. Txantxa hutsa.

Erabaki zuzenagoak hartzen ditugu. Arestian aipatu bezala, mundua eskuinen neurrira dago egina, eta tresnak erabiltzerako garaian ezkerrok gehiago pentsatzen dugu ekiten hasi aurretik; horrek hartu behar ditugun erabaki guztiei eragiten die, dirudienez. Garunaren antolaketa dela eta, ezkerrok hobe erantzuten dugu estimuluen aurrean (bideo-jokoak, esaterako). Telebistako debateetan ere ezkerrok abagune aproposagoa daukagu itxura ona helarazteko; izan ere, eskuinarekin egindako keinuek konfiantza gehiago transmititzen dute. Gehitu telebistaren ispilu efektua eta voilà… Baina kaltetan, garuneko hemisferio batean zentratzen ez garenez, lehenago haserretzen omen gara.

Baina noski, gehiago haserretu gaitezke, esan bezala, borrokan ere hobeak garelako. Omen.

ezkerrak
eskuina, eskuinak, Ezkerra, ezkerrak, Garuna, ikerketak, psikologia, sinistrum

2 pentsamendu “Sinistrum maximun est (ezkerrak eta komeriak)”-ri buruz

  • Satirikoa da hau, ala porro batek idatzi du bere kabuz?

  • Pakito Ganbelai
    Pakito Ganbelai 2016-11-05 09:35

    Ez dizut ukatuko belar pitin bat erre nuenik, ez dizut ukatuko (ezkerreko eskuarekin erre nuen, noski). Baina loturetan sartzen bazara ikusiko duzu ikerketak “serioak” direla; niri ez zaizkit hala iruditzen, eta idatzia satirikoa izan zedin saiatu naiz. Left Power!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude