Egurra, sexua eta eguberriak. Nora noa?

Nora noa?

Nora noa?Beti gustatu izan zait egurra lantzea, ez trebe naizelako zeregin horretan, zerbait hasi eta nola bukatuko den ez jakiteak kitzikatzen nauelako baizik. Laban txikiarekin handik eta hemendik ebakiak egiten hasi eta Oteizak aldarrikatzen zuen hustasun horiek sortzen, hutsik utzi beharrean hutsarekin betez.

Festak bere baitan daukan gauza onenetakoa gauean zehar gertatu daitekenaren inguruan zipitzik ez jakitea da. Norekin hitz egingo duzu? Norekin topatuko zara? Zertan amaituko da lagunarekin hasi duzun elkarrizketak? Ze musikaren erritmoan dantzatuko duzu? Nor ezagutuko? Non amaitu?

Bidai onenak agenda itxia ez dutenak dira. Patxada, norabidez aldatzeko aukera, edo toki berean geldiunea luzatzeko parada.

Harreman sexualetan ere antzeko zerbait gertatu daitekeela esan daiteke, larru laguna sakon ezagutzeak izan baititzake bere alde txarrak eta onak. Ohiturak, askotan, errepikapenera eraman gaitzake; eta kasu batzuetan sexuan errepikatzea ederra den arren (gose geldituz gero, adibidez), prozesua bera errepikatzea ez da komeni; baina gertatzen da. Goran, beheran, aldamenera, lau hankatan, betaurrekoekin eta betaurreko gabe… eta hurrengoan berdina, antzekoa, bertsua. Baina besteari gustatzen zaiona jakinez gero alderantziz ere berdina gertatu ohi da, noiz eta nola, ze erritmotan, non…

Nora noa?Lehen aldian biltzerakoan dena da berria, eta zentzumenak zeharo piztuta daude lan kognitibo demasaren aurrean: begiradari erantzuna, ze tenperaturan daukan gorputza, usaina… Usaina. Zaporea. Indarra eta iniziatiba, jolasa eta lehiakortasunik gabeko norgehiagoka, ez baitu lasterketa lehenik iristen denak irabazten, ez baita lasterketa, eta ez baitu amaierarik. Azazkalak. Hortzak. Ezpainak eta ezpainak. Azala eta izerdia.

Elkar maitatzen hasi eta nola joango den jakin gabe aurrera jarraitzea, hurrengo pausua hartzeko erabakia hartuz, edo eraman zaitzatela utziz. Zerbait hasi eta nola amaituko den jakin gabe.

Egurra eta labana hartzen ditudanean edo testu hau idazten hasterakoan gertatu zaidan bezala.

Gabon egun hauetan protokolo gehiegi dago. Banekien larunbatean zer eta non abestuko nuen, norekin, zer edango duen non eta zer jan; antzeko otorduak, antzeko egoerak, urtetik urtera marmotaren egun bat errepikatuko balitz bezala. Eta informazio guzti hori izan arren, hara bidean nire buruari galdetzen nion: nora noa?

Aurten eguberriak hutsik utziko ditut; edo hobeto esanda, hustasunarekin.

Nora noa?