Nora joan zaizkizu izenak?

Nik ama esaten dizut eta ez dakit zer ulertzen duzun zuk. Hamaika aldiz kontatu didazu jaio nintzenean ospitaleko jaioberrien gelako politena nintzela, baina orain ama esaten dizut eta ez dakit zer den hori zuretzat.

Ahaztu dituzu gehien gustatzen zitzaizkizun istorioak eta jada ez dakizu nola egiten diren zapaten korapiloak, hainbestetan lotu zenizkigun hori. Urrutira, oso urrutira, ihes egin dizute oroitzapenek eta ekartzen dituzunak inoiz bizi izan ez duzunarekin lotuta etortzen dira. Iragana eta etorkizuna une bateko orainean galdatu zaizkizu.

Nora joan zaizkizu izenak? Zerez eginak daude zure isiluneak? Nork josten ditu zure ametsak? Zein doinuk kulunkatzen dute zure loa? Non trabatu dira zure jakintzak? Nondik etorri zaizu inork zuretzat eskatu ez duen hutsune hori?

Uko egiten diot bizimodu horri. Ez dut zuretzat nahi. Madarikatzen dut izaera honetara ekarri zaituen gaixotasuna.

Galdutako guztia non gorde den deskubritu nahian, begietara begiratzen dizut eta irribarre egiten didazu. Orduan, etxe ondoko zuhaitzari begira jartzen zara eta, txundituta, haizeak nola astintzen duen kontatzen didazu, orain, geroxeago berriz, eta beste behin… leihotik begiratzen duzun bakoitzean.

Kalera irteteko, besoa ematen dizut eta eskuarekin lotzen didazu: «Fuerteegi heltzen dizut?», galdetzen didazu beti. Poliki joaten gara, dagoeneko ez baita presa existitzen. Abioi batek zeruan utzitako arrastoak aho zabalik uzten zaitu. Kaleko autoekin harritzen zara: zenbat eta ze distiratsuak. Ume bat ikustean aurpegia argitzen zaizu eta ezin hari keinua egin gabe pasa. Auzokoak hurbiltzen zaizkizu eta atseginez hartzen dituzu; «hau zortea jende on artean bizitzea», errepikatzen duzu behin eta berriz.

Eta halako batean, kasualitatez bailitzan, nire izena esaten duzu. Jaioberrien gelara nire bila etortzen zinenean esaten zenuen bezala.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

9 pentsamendu “Nora joan zaizkizu izenak?”-ri buruz

  • hunkigarria, oso.

    besarkada bat.

  • Jetxeberria 2011-11-04 09:47

    Eskerrik asko egiaz eta maitasunez betetako hitz hauek konpartitzeagatik

  • Esker mila bizi-pintzelada honengatik. Zirrara eragin didazu barrenean.

  • hunkigarria… malko batek ihes egin dit eta lankideak zer gertatzen zaidan galdetu dit… ni irakurri dezan pasa diot. Irakurri du. Ez dugu ezer gehiago esan beharrik izan. Hunkigarria.

  • Lagun batek esaten du egoerarik latzenean bizitzaren presentzia sumatu daitekeela. Hori da, nire ustez, zuei eta niri hunkitu gaituena: bidea estutzen zaigunean ere, zirrikitu meharrenetatik bizitzaren hatsa zabaltzen dela sentitzea.

    Mila esker zuen erantzun guztiengatik

    • Eskerrik asko Arantza. Zure izena oraingoz oso azalean eta oso barrenean daukat.

  • Tristea baina ederra. Berrian irakurri nuenean negarrari ezin eutsi.
    Animo!

  • ederra benetan zure hitzak…hunkigarria…nik ere nire aititegaz bizi izan dot gaixotasun gatz hau…muxu handi bet