Nola aldatzen diren gauzak, kamarada

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada

Hala abesten zuen Hertzainak taldeak, eta hala gelditu da iltzatuta gure belaunaldian.

Ez huen hain aspaldi izan
ez haiz gogoratzen ala?
bazakiat oso lanpetua hagola
bainan lau pa bost urte ez duk hainbeste
amets egin genion elkarrekin eta horretaz
luzaro ihardun genion
Bainan orain non zegok gure askapena?
Komisarira eraman gintuzten hau eta neu
han gertatu zena hobe ez aipatu
Entzun ditzaket gure ohiuak?
Edo gorra hago?
Edo eriats gaude
gaur ikusi haut telebistan lepoa altxatuz
demokratzia salbatuz
Dakusat torturadoreen irrifar alaiak?
Nola aldatzen diren gauzak! Kamarada.

.

Kuriosoa da. Zaharragoek berdina esaten ziguten, baina norberak bere azalean dastatu arte ezin du ulertu, ezin dio zinez merezi duen dimentsioa eskaini. Jendea denborarekin aldatu egiten dela; kontxo, ni ere ez naiz hamabost urte neuzkanean bezalakoa, eta eskerrak! Baina aldatu esaten denean, askotan, txarrerako izan ohi da, kalterako, okerrera, aurreikusi gabeko kanal bati jarraiki.

Senitarteko edota lagun kuttunak galdu dituztenak gauzak bere horretan jarrai dezaten lanean, eta senitarteko edota lagun kuttunak galdu dituztenak gutxi arte etsai zenaren giza eskubideak errespeta daitezela eskatzen. Klase sindikatuak ziren batzuk batere klaserik gabeko sindikatu bihurtu ziren aspaldi. Herriko neska punkiena ama kontserbadore samarra bihurtu da, eta herriko gaztetxean etxebizitza asanbladan zebilen adiskidea duela gutxi sartu da hipoteka batean.

kamarada

Mitoak dio Ane Igartiburu Jarraiko militantea zela Elorrion (baieztatu edo ukatu dezala elorriotar batek txutxumutxu hau, mesedez, koadrilan urtean hiru aldiz eztabaidatzen baitugu honen bueltan).

Gauzak nola aldatu diren ulertzeko historia ulertu behar da; eta askori irakurtzea gustatzen ez zaienez, irudi bidez helaraztea da errezena. Horregatik iruditzen zait bereziki interesgarria History in moments delako twitter profila. Perspektiba ematen didalako, kamaradak zer ziren eta nora doazen ikusteko balio duelako, humanitatea den kolektibo honetan gertatukoak azaleratzeagatik.

Zer pentsatua ematen didalako ispilura begiratzen naizenean. Ea non egongo naizen, zertan bilakatuko naizen hemendik beste hogei urtera. Amore emango ote dudan.

Dmitry Medvedev, Errusiako Lehen Ministroa, 1986an, Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada
aldaketak, Dmitry Medvedev, Hertzainak, historia, history in moments, kamarada, nola aldatzen diren gauzak kamarada

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude