Noiz hiltzen dira benetan lagunak?

Noiz hiltzen dira benetan lagunak?

Lagun batekin haserretzen garenerako, bizimodu garaikideak betekizun berriak ekarri dizkigu. Ez da aski kalean gurutzatutakoan elkarren begiradari izkin egitearekin edota talde berean gertatutakoan ezikusiarena egitearekin. Gaur hori eta gehiago behar da haserrearen handia erakusteko eta lagun izandakoaren presentzia geure bizitzetatik zeharo kentzeko.

Noiz hiltzen dira egiazki lagunakLehenik facebooken utzi beharko diozu lagun(ohi)a segitzeari, ondoren twitterren eta instagramen blokeatu, eposta zerrendatik kendu eta, batez ere, zure telefonoko kontaktuetatik ezabatu.

Azken honek zalantza eragingo dizu: topatuko duzu lagun(ohi)aren izena zure kontaktuen artean, baina kosta egingo zaizu, hala ere, ezabatu hitzari klik egitea. Segundo batzuk bakarrik izango dira, baina kezka sentituko duzu, zalantza eta, agian, baita telefono zenbaki hori ezabatzea galerazten dizut zuhurtzia moduko bat ere.

Baina benetan haserretu bazara zure lagun(ohia)rekin, eta sendoa bada harekikoak amaitzeko erabakia, klik egingo duzu azkenean, eta, kra, zerbait apurtuko zaizu barrenean. Ez dakizu xuxen zer, baina, zerbait pitzatuko zaizu, kra eta kra, nolaz eta putzuetako izotza hankapean.

Lagun hildakoekin, ordea, nola izaten da kontua? Noiz desagertzen dira egiazki zure bizitzatik?

Heriotza fisikoak ez du derrigorrez lagunaren presentzia agortzen. Zure laguna aurki dezakezu argazki zaharren batean, eta supitoan harekin bizi izan dituzunak gogoratu, horretarako batere asmorik ez zenuenean.

Baina argazkiekin baino gehiago, telefonoko agendarekin gertatzen zait hori niri. Banoa Andoni izeneko lagun baten telefonoaren bila, eta Andolin agertzen zait, Andolin Eguskitza. Rafa izeneko lagun baten telefonoa nahi dudanean, Rafa Chirbes agertzen zait eta kuadrillako Mikelen telefonoaren bila hasten naizenetan, Mikel Laboa agertzen zait…

Horiek eta beste batzuk esperogabetan agertzen zaizkidan bakoitzean, zalantzan jartzen naiz beti. Alde batetik irrifarra agertzen zait ezpainetan, haiekin izandako gertaera edo hitzasperturen baten oroitzak ekarritako gozamenean. Baina, era berean, jartzen naiz pentsatzen zer demonio egiten duten hildakoen izen-telefonoek nire agendan, zergatik ez ditudan behin betiko telefonoaren memoriatik (eta niretik) ezabatzen.

Zenbaitetan euren zenbakietara deitzeko zorian ere egon izan naiz, ea zer pasatzen den ikusteko.

Halakoetan gogora etortzen zait Jorge Oteizak nola erabiltzen zuen egurrezko telefono beltz bat, berak nahi zuen hildakoekin mintzatzeko, batez ere, bere Itziartxorekin. Behin, neure aurrean, hamar urte hilda zeraman César Manrique artista kanariarrari deitu zion zarataka esateko dekoradore bikain bezain artista kaskarra zela…

Kontua da oraingoz erabakirik hartu ezinda nabilela, ez ditudala lagun hildakoen telefono zenbakiak neure agendatik ezabatu, horretarako ez dudala adorerik, eta, beste zerbaiten bila nabilela, haien izena agertzen zaidan bakoitzean, oraindik ez direla erabat hil iruditzen zaidala, neure baitan biziberritzen ditudala nolabait, teknologiak ahalbidetutako jainko txiki bat bainintzan.

Noiz hiltzen dira benetan lagunak?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)