Nasreddin, muxikak eta billar bolak

Nasreddin

Sufiek gauza on asko eman dizkiote munduari, eta ziur naiz batzu-batzuk horretan dihardutela; islamaren korronte mistiko honen azala ezagutzen dudala esatea ere gehiegi iruditzen zait, mila zirrikitu eta arrakala baititu. Baina asko estimatzen dudan zerbait dira, esaterako, Nasreddinen ipuinak. Nasreddin sufismo tradizionalaren pertsonai herrikoia eta mitikoa da, eta bere pasadizoek sufismoaren irakaspenak zabaldu eta errazago ulertzeko baliatzen dira.

300 ipuin eta pasadizo baino gehiago kontatzen dira mula honen inguruan, eta bada bat gaur hona ekarri nahi dudana.


NasreddinBologna, LOMCE, Vallaud-Belkacem edota HEZIBERRI iritsi baino lehenago Nasreddin maisuak klase ematen zion gazte talde bati eskola auto-sufi-ziente batean (barkatu, esan beharra neukan). Sufien ohiko prozedura jarraituz, gai asko ipuinen bitartez lantzen zituen, eta askotan, klase amaieran, parabola iheskorrak jaurti ezker-eskuin. Ikasle gehienek ez zuten tutik ulertzen, eta behin klaseko ordezkaria errebelatu egin zitzaion, argazki analogiko bat gela ilun batean lez:

  • Maisu, zuk ipuinak kontatzen dizkiguzu, baina sekula ez diguzu argitzen zein den esanahia…
  • Barkamena eskatzea besterik ez zait geratzen -erantzun zuen Nasreddinek-. Badakit honek ez duela ezer konpontzen, baina utzi iezadazu zure eguna goxatzen muxika heldu eta mamitsu honekin.
  • Mila esker maisu – dizipuluaren arrapostua.
  • Zure erosotasunerako, zuritu egingo dut.
  • Ze jatorra zaren, maisu.
  • Nik labana daukat eskura eta zuk ez, beraz, fruitua zati txikietan moztuko dut errazago jan dezazun.
  • Ez nuke zeure eskuzabaltasunaz sobera baliatu nahi, maisu.
  • Lasai, ez da ezer. Nahiago duzu muxika nik murtxikatzea, horrela zuk mastekatu behar ez dezazun?
  • Ah, ze nazka maisu, ez egin hori!
  • Bada, niretzako, ipuinen esanahia azaltzea murtxikatutako fruitua eskaintzea da.

Gauza asko eginda ematen dizkiguten garai hauetan, asko daukagu egiteko.

NasreddinGeure kabuz ikasten ditugunak dira barneratuen dauzkagunak, zalantzarik gabe. Batzuk zerrendatuko ditut: ez da korrika egin behar guraizeak eskuetan dituzula; ez bota inoiz puzkerrik igogailu batean (bakarrik joan eta droga gogorren mende egon arren), atea zabaldu eta kanpora zoazenean ez baitakizu barrura doan norbaitekin gurutzatuko zaren (ondoren bere begirada suminduak pairatu beharko dituzu); ez jarri boterik irlandarrekin; ez sartu borroka batean besteak zu baino gehiago badira (karateka proetarra bat bazara bai); arrazoi garrantzitsu batengatik oso goiz esnatu beharrean bazabiltza, jarri bizpahiru iratzargailu; eta nire kaskezurrean indarrez txertatutako beste hamaika kontu eta komeri.

Nasreddinek ez zituen ipuinak azaltzen, eta nik, aspaldidanik, txisteak ere ez. Ezagutzen nautenek badakite pitokeriaren, hitz jokoaren eta bat-bateko zein prefabrikatutako umorearen (txisteen) zale amorratua naizela. Ene ustez inoiz ez da txiste bat azaldu behar, ez baitakizu itxuraz ulertu ez duen adiskideak nondik atera dezakeen bere irakurketa.


Duela urte batzuk, herri txiki batean, ordu txikitan, txikiteoan nenbilen txikitako bi lagunekin. Txiste kontari genbiltzan, eta halakoren batean bereziki ona iruditzen ez zaidan hau bota nuen:

  • Aber, umek, zerrendatu gauza borobil eta iletsuak – (aintzat hartu behar da Bologna, LOMCE, Vallaud-Belkacemen erreforma edota HEZIBERRIrekin egungo institutuetan dagoen maila).
  • Teniseko pilotak!
  • Beno, badu halako mataza hori bat, ontzat emango dut. Aurrera!
  • Muxikak!
  • Ondo, ondo, Nasreddinen ipuina entzun eta gero erraza zen hori esatea… Hurrengoa!
  • Billar bolak!
  • Baino zer, tontotuta? Billar bolak borobilak dira, baina ez daukate ilerik!
  • Nola ezetz!? Billar, erakutsi bolak!

NasreddinAldez aurretik abisatu dut ez zela oso ona. Baina beno, adiskideetako bati eta niri sekulako grazia egin zigun. Kontua da goizeko batek daki zer ordutan nire lagunetako bat ez zebilela bereziki fin, ez zuen barrerik egin, eta honakoa esan zigun:

  • Jope, ba nik ez dut harrapatu!

Orduan txistea azaltzera joan nintzen, baina beste laguna aurreratu zitzaidan:

  • Hi tontoa haiz?! Billar bolak tapizetik joaten dituk eta tapizeko iletxo berdeak itsatsita gelditzen zaizkiek!

Niri bizitzan horrelako barre atake gutxi izan ditut; eta noizbehinka, berarekin nagoenean, oroitu eta parre txikia sortzen zait. Ez eskatu eta ez eskaini murtxikatutako fruiturik, eta ziur bizitzak irribarre egingo dizuela.

Nasreddin

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.