Katalanen irribarrea

Katalanen irribarrea –

Zergatik ateratzen dira epaitegietatik irribarrez independentista katalanak eta buru makur eta kabreatuta ustelkeriagatik epaitutako politiko espainolak? Sententziei begiratuz gero ez du logikarik. Herritarrei hitza eman eta independenteak, Espainiatik kanpo geratzeko alegia, izan nahi ote duten herritarrei galdetzeagatik kargugabetze zigorra jasaten dute, ogibide horretan jarraitzeko ezgaitasuna ezartzen zaie eta gainera isun ekonomiko handia ordaindu behar dute. Hala ere irribarretsu. Iruzurgileak, ordea, isun ekonomiko txiki bat ordainduta harrapatutako guztiarekin jarraitu dezakete euren negoziotan. Ez dute dirua itzuli beharrik ezta delitua frogatua dauden kasuetan ere. Arraioa, hala ere burumakur, zertaz kexatzen dira?

Politiko independentista katalanak epaitegietan irribarrez sartu eta irteten dira. Eskua altxatuta eta lau hatzekin banderaren marra irudikatuz agurtzen dute animoak ematera hurbiltzen den jendea. Ustelkeriagatik epaitutako politiko espainolak, ordea, larruzko maleta pisutsu bati helduta eta burumakur sartu-irteten dira. Inork ez daki zer daramaten maleta horietan. Hurbiltzen zaien jendearengandik ihes, haien irain eta mehatxuetatik babesteko poliziaren babesa behar izaten dute. Gaizkile arrunt batzuen modura.

Ustelkeriagatik epaitutako hamar lagunetik bederatzi Espainiaren batasun zatiezinaren aldekoak dira. Gainerako bata horretan autonomista eta independentistak sartuko lirateke. Hasiera batean, politiko espainiar batzuk irribarretsu azaldu ziren Katalunian independentzia prozesua oraindik sumatu ere sumatzen ez zenean. Gogoratu politiko erretiratu eta grazioso haren barre arteko esaldia: tribunaletik pasa ondoren, ederki zepillatu diagu Kataluniako Estatutua. Botereak barre egiten zuen. Estatuak nagusikeria erakutsiz umorez hartu zuen ateraldi harroputza.

2014ko azaroaren 9ko parte hartze prozesuaren hurrengo egunetan umorea bandoaz aldatzen hasi zen. Bai, zeren eta umorea eta boterea elkarri lotuta baitaude ia beti. Zapatero gobernuburu zela bozkatu zen Kataluniako Estatutu berria, 2006ko ekainaren 18an hain zuzen. Erreferenduma loteslea zen eta katalanen %74ek baiezkoa eman zioten. Mariano Rajoyren PPren ekimenez Espainiako Konstituzio epaitegira iritsi zen jendeak onartutako Estatutua eta Konstituzionalak hainbat artikulu baliogabe utzi zituen, “orraztu” egin zuen Alfontso Guerraren esanetan.

Hortik aurrera legalitatea, legitimitatea, justiziaren papera eta demokrazia kontzeptuak dantzan jarri ziren. Herritar katalanek gehiengoz onartutakoaren gainetik al dago legeria interpretatzen duten dozena bat adituen iritzia? Zer aldatu behar da, legedia ala herritarren erabakia? Katalanek zuzena eurena zela iritzita, umore onez, naziogintza egiten hasi ziren.

Izan al dezake ordea, halako loturarik naziogintzak umorearekin? Hori galdetzen zion bere buruari Uxoa Anduaga Berrotaranek (Haria 37, Umorearen Gerra, Nabarralde 2015). Estatu batek, botereak, beharrezkoa du zilegitasuna eta horren aurrean “Estatuak, beraz, biolentziaren monopolioa eta monopolio fiskala ez ezik, bere gain izango du monopolio sinbolikoa ere, honen bitartez eraikiko baitu beharrezko duen kultura nazional horixe”. Estatuak bere esku izango ditu bitarteko kulturalak; hau da, zein izango den estatuaren hizkuntza ofiziala, jai nazionalak, erreferente identitarioak eta abar. Gainera “… irudikariak, historia, ohiturak edota erritualak ikasiaz batera, normala/a-normala, sakratua/profanoa, bertakoa/kanpokoa… eta horien artean, nola ez, baita umorea/ez-umorea zer den ere irakatsi nahi izango digute”. Zer nahi duzu esatea? Gertatzen dena gertatzen dela, niri poza ematen dit katalanak irribarretsu eta espainolak haserre ikustea independentziarekin.

Katalanen irribarrea
Beñi Agirre

Euskara irakaslea

Zer duzu buruan “Katalanen irribarrea”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-04-20 21:34

    Umorea, ironia, sarkasmoa, ….osasungarria eta inteligentzia-marka da.
    Herri anglosaxoietan usu darabilte egunerokotasunean, baita politikagintzan. Tentsioa gutxitu eta jendareko giroa goxatzen du fribolitatean erori gabe gauzei traszendentzia kenduaz. Hona Mikel Aramendik Irratian aipatu zuen pasadizo adierazgarria Martin Macguines hilberriaren ibilbidearen karietara:
    Ipar Irlandako ordezkari gisa Britania Handiko Erreginarekin elkarrizketatzera joan da Londresera eta IRA-ko komandante nagusi eta Erreginaren lehengusu Monbathen aurkako operazioaren arduraduna izanik, Isabel erreginari bere osasunaz galdetu dio, hara besteak zer erantzun: “Oraindik bizirik nago”. Irribarrea ezpainetan elkarri eskua eman zioten. Horra bi zentzutako erretrankaren adibide paregabe eta sanoa.
    Beste ikasgai bat euskaldunontzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude