Isilune Dramatikoa

Isilune Dramatikoa

Irati Agirreazkuenagak “Isilune dramatikoa” idatzi du Bilboko Uriolan.

Isilune Dramatikoa

“Ikasi ingelesez hitz egiten 6 egunetan! Edota txinera, arabiarra (euskara?)! Argaldu pilula honekin 8 kilo 4 egunetan! Erraz-erraz eta esfortzurik gabe!”.

“Ikasi goi-mailako karrera akademia honetan 6 egun eta erdian, ezin errazago, ahaleginik gabe! Sukaldatu barazki betedun berenjenak, budina, piku eta magurdidun mermelada arin-arin eta errez-errez! Ahalegin txikienarekin!”.

Otarrainak exoeskeletoa izeneko oskol gogorra du azalera itsatsita. Otarrainaren gorputza handitzen doan arren, oskolak bere tamainari eusten dio, ez da otarrainarekin batera handitzen. Otarraina deseroso sentitzen da, hertsituta, eta une horretan, oskoletik desitsatsi, askatu eta harri azpian sartzen da -etsaiak izan daitezkeenengatik babesean-, oskol berria sortuz. Orduan, kanpora irteten da berriro; baina gorputzak hazten jarraitzen du, eta oskolak ez, eta berriz ere estututa eta deseroso sentitzean, oskoletik askatu eta berri bat sortzen hasten da. Horixe kondaira. Gizakionera ekarriz, zer egiten dugu deseroso sentitzean? Mina sentitzean? Pilula eskatu medikuari –edo autoerrezetatu. Esfortzurik gabeko gizartearen aldarrikapena. Dena errez, berehala eta ahaleginik gabe lortzen den aldia.

Berehalako gozamena, pantaila aurreko zoriontasun expressa. Baina itxi ordenagailuko estalkia eta zapaldu espaloia. Lana, harremanak. Berehalako asetasunean oinarrituta? Zail, zoriontasunak berez norberak egin beharreko etengabeko ahalegina baitakar bere baitan. Baina, gogotsu edota prest al gaude gure buruari ahalegin eskean ibiltzeko? Eta gizartean ordezkatzen gaituzten horiei eskatzeko?

Gozamen expressak gure alderik emozionalenarekin du harremana; dagoeneko hainbeste entzun dugun egungo egioste aroarekin apika, erantzukizun moralik eskatuko ez diguten agintariei bozka ematen diogun horrekin. Aldaketak errez, arin eta ahaleginik gabe egingo dizkigutenentzat. Egiostearen honetan erabakiak arrazoiz barik emozioz hartu ei ditugu. Hiztegiaren arabera, emozioa izaera biziko zirrara afektiboa dugu. Arrazoia, gizakiak pentsatzeko eta argudiatzeko duen ahalmena. Zenbat irauten du zirrarak? Eta pentsamenduak eragindako ideiak? Ez al doaz ba eskutik. Ez dezagun emozioa hil, baina eman diezaiogun  atseden. Ureztatu ditzagun emozioak denbora eta pazientziaz –beharbada ondoren zirrara sendoak eskaintzeko. Dena egin eta egin, sortu, piztu, produzitu den gizartean, etenaldi dramatikoaren beharra sumatzen dut gure bizitza errealean; testupekoa, esaten ez den baina ezkutuan dagoen hori, ondo lantzearena.

Egin dezagun hor ahalegin, geldiuneei eusten. Isiluneak gordetzen ere ikasi egiten da. Ezereza mantentzea lanketa bat da. Harremanetan, ekintzetan. Eta ez dezala norbaitek pentsa hau immobilismoaren alegoria edota jarrera pasiboaren aldekoak ondo sentiarazteko mezua denik, geldiunean ere aktibo egon baikaitezke. Eszenatokian testurik gabeko uneetan dauden aktoreen gisara; barrutik bizirik daude, ez harrizko zutabeen antzera hilik, baizik eta gelditasun bare horretan ere, energia gora eta behera gorputza zeharkatuz dutela.

Barrura begirako pentsamenduan aritu, ondoren partekatzeko. Barrukoa kanpora jaurti, oihartzunari adi. Barne-lanketa egin ondoren, leihotik kanpora begiratzeko modua desberdina izango delako, inplikaziotik. Deserosotasunari tartea eskaini, aldaketak eragin eta hurrengo erosotasun ezegonkor dardaratiari leku egin. Sarritan barrenetik sortutako isiltasunak, milaka hitzek baino gehiago komunikatu eta hunkitzen dutelako. Osotasunean dago ahalegina. Zentzugabekeria edo mina barik, hustasuna hautatzean. Betetzeke dugun hutsune mugagabea.

Isilune Dramatikoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.