Hegazti kontuak

Batzuetan naturak seinaleak ematen dizkigu. Beste kontu bat da guk ba ote dakigun seinale horiek ezagutzen, zer esan nahi duten igartzen.

Duela hiru egun,  Itsas hiribidea hutsik zegoen Hendaiako arratsaldean. Lehenengo hotzek uxatu egiten dituzte hondartzazaleak eta bertakoontzat geratzen da parke tematiko guztia: itsaso, hondar, zeru, haize, uhin, apar…

Halako batean, argazkiko kaioak hasi ziren zalaparta bizian eta argindarraren harietako bat zirudienaren gainean lerrokatzen.

(Eta zalaparta diot, ez baitakit nola esaten zaion hegazti horiek sortzen duten zarata zorrotz multzoari. Baldin badakizu, esazu iruzkinetan, otoi. Beti da eskertzekoa hitz berriren bat ikastea.)

Beste argazki bat ere jarriko dut, seguru asko aurrekoa baino adierazgarriagoa, itzulinguruka hegan ere ageri baitira kaioak, lerrokatzeaz gain.

Ikuskizunaz jabetuz batera, halako izu bat sartu zitzaidan gorputzean. Arratsaldea eder zegoen, baina Hichtcocken filma izango da edo nik ez dakit zergatik, izugarrikeriaren bat gertatuko zela uste izan nuen.

Egia esanda, nire sorterri den Elgoibar, dozena bat kilometrotara egongo da itsasotik hegaka, eta han kaioak zeruan zarataka agertzen ikusten genituenean, haize eta ekaitz handien seinale izaten zen beti. Agian horrek ere emango zidan zer pentsatua.

Kontatzen dihardudan egunean, ordea, ez zen deus gertatu: arratsalde ederrari, iluntze fresko xamar batek jarri zion amai. Hori izan zen guztia eta han geratu nintzen zeharo lotsagarri, izugarria zetorrela esan nion lagunaren aitzinean.

Gaur beste txori bat ikusi dut gure ortuko tomate landareak kentzen geniharduenean. Hauxe:

lehen txantxangorria. konatxe. cc-by-sa

Bai, txantangorria da, prefosta. Papar horrekin, urrutitik hartuko diozu zeuk ere traza.

Kontua da, ordea, ikusitako lehen txantxangorria dela aurten, eta udaberria kukuaren kantuak ekartzen dakien bezala, txantxangorriaren agerpenak ekartzen duela gurean negua. Edo hala dela esango nuke, behintzat. Baina auskalo, kaioekin bezala, ez dut seguruenez asmatuko eta segi egingo du udazken zoragarri honek, datorren astean, gizakiek ordutegia aldatu eta bat batean asasinatuko duten arte. Alu halakoak!

(Gizakiak, jakina. Ez hegaztiak.)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Hegazti kontuak”-ri buruz

  • Amak kontatu zidan nola behin tokatu zitzaion ikustea enara asko eta asko pilatuta herriko bidegorriko alde bateko kable batzuetan txioka. Udara bukatuta hegoaldeko bidaiari ekiteko omen zeuden bilduta. Une hunkigarria, majikoa. Non ote dira orain?