Handia izan zara gero, Hasier

Handia izan zara gero, Hasier >

Handia izan zara gero, Hasier

Zor dizut, Hasier, heldulekurik gabe idazteko atrebentzia, haur zarela estreinakoz txirringan gurpiltxorik gabe bakarrik uzten zaituenari bezala. Beldur eta aitzakiarik gabe, aurretiazko zuzentzailerik gabe, idatzi eta argitaratu duzunaren jabe eta arduradun egin behar hori. Geuk idazten ez badugu, nork bestela!

Arrantzatu egin ninduen 2011n, ZuZeurako. Erasmuseko gozoaren ajearekin nengoen ni, 22 urte. Idatziak nituen ganorazko bizpahiru gauza ZuZeun. Bekaduna fitxatu zuen. Hilabete batzuen buruan, egonkortu ninduen. Maila erakutsi behar nuen, Hasier ez zen edonor! 

Ordutik, hamaika bazkari egin genituen Lasarteko Txartelen, eta beste hainbeste aldiz aldatu genituen ZuZeuren diseinua –informatikarien burukominerako– eta burutazio ez gutxi izan genituen –bideo elkarrizketak, asteroko inkestak, mikro-ordainketen horma, blogak, azalaren hierarkizazioa, Durangorako posterra– beti Rue89, Soitu eta ezagutu ez nituen hedabide abangoardista zein paleolitiko batzuei begira.

ZuZeuri buruzko eztabaidetan intuizioak mugitzen gintuen gehienbat. Bide berriak irekitzeko orduan fokua gaizki jartzen genuen maiz, gure obsesio txikietan korapilatuta. Baina jarrera horrekin jabetu nintzen hanka sartzea zela ongi egindako lanaren derrigorrezko bezpera. Eta, arrakastaren ajea? Hura bai gozatua ZuZeuko txingarra su bihurtzen genuenean, putz eta putz eginda, interneteko euskaldun xelebre horiek zeudenean denen ahotan. 

Berezia izan zen Hendaiako etxean egin zigun otordu xamurra, euskararen historiaren lekuko zen mahaiaren bueltan, Oteizaren kutxa metafisikoaz liluratu gintuenean. Edo Miramongo Arbelaitz jatetxean, jateko maneren lehen araua disfrutatzea zela ikasi nuenekoa. Hustuta baina zoriontsu itzultzen nintzen bilera-bazkari haietatik. Adiskide helduaren babesaz eta lagun baten hurbiltasunaz ematen zizkigun aholkuak. Handia zen gero, gorputz, buru eta bihotz.

Sentitzen zuena argi eta dotore esan eta idazten zuen –zeinen ongi, kabroiak–, nahiz eta denen gustukoak ez izan bere letrak… isilik egonez gero Hasierrek eztanda egingo zukeen! Haren sokari segiz, saiatu ginen Oier eta biok elkarrizketa gatzgabeen ordez, benetako galderak egiten. Xaxatzaile izan, eta horri zukua ateratzen. Zerbait ikasi genuen. 

Atsegin zuena egitea zuen lehentasun, hala saiatzen zen, eta hala transmititzen zigun. Idatz genezala guk irakurriko genukeen hori. Sinplea bezain eraginkorra. Bistakoa zen laket zuela bere idazle gazteen mundu ikuskera, belaunaldietan urrun, baina antzeko kezkak genituen obsesio. Atsegin handiz gogoratzen ditut bere telefono dei batzuk: “Ondo ari haiz. Segi fin”. Beranduago beste lore gogoangarri batzuk ere heldu ziren, ez pentsa: Larra, ez zait batere interesatu, oso serio idazten duzu, eta gisa horretako perla batzuk.

Ospitalean ikusi zintudan azkenekoz, eta beranduago telefonoz entzun. Badakit zuk gehiagotan aditu ninduzula, Euskadi Irratiko entzule fidela baitzinen. Ahots doinua banuela, baina erritmoari eman behar niola izaera gehiago, esan zenidan. Jakingo bazenu, Hasier, neuri egokitu zaidala zure bizitza eta agurra bi minutuan laburbiltzea… atsekabearen zurrunbiloan zure heriotzari ahotsa eta hitzak jartzea. Pentsatu nahi dut, nagusi, jakin izanez gero, partitu aurretik irribarre txikia marraztuko zitzaizula.

Gora Hasier!

Gora ZuZeu!

Handia izan zara gero, Hasier
agur, eskerrik asko, etxeberria, hasier, iñaki, larrañaga, oier, zuzeu
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude