Gogoan geratu zaizkidan tontakeixak 2

 

Urtea joan zaigu eta, gure heziketa kristaua dela medio, balantzea egiteko unea heldu da, zeren gure bizitza, urteka baloratzen baitugu. Asmoak eta aldaketak horren arabera proposatzen baititugu, aldaketarako eta zuzenketarako beste unerik ez balego bezala. Kulturala da, absurdo samarra izan arren. Baina tira, balantzea egiteari ekin diot  eta  hausnartzen hasi naizenean, instituto garaiko irakasle batek botatako esaldia etorri zait burura.

Akordatzen naiz UBIn geundela. Garai hartan, memoriak huts egiten ez badit, selektibitatean ez zen euskarako frogarik, eta, ondorioz, euskarako eskolak oso lasaiak izaten ziren, edo izan ziren guretzat, irakasleak hala erabaki zuelako. Ez naiz hausartzen esatera ezer ez genuela egiten, baina frogarik behintzat ez genuen egin, eta lantxoak baten bat besterik ez.

Oroitzen naiz irakasleari gaztelaniaz zuzentzen nintzaiola sarri, ez gure hizkuntza maite ez nuelako, konplexuz beterik nengoelako baizik. Konplexu horiek atzetik zetozkidan, ikastola garaitik.

Derrigorrezko hezkuntza, OHO, ikastolan egin nuen, ikastola sabiniano batean, oraindik gogoan dut eraikineko paretean zegoen JELeko pintada erraldoia, eta han bi mailako euskaldunak zeuden. Batzuk familia “on”, euskaldun eta jeltzaleen seme-alabak; besteak, bigarren mailakoak, guraso erdal-hiztunak eta karnetik gabekoak zituztenak. Ni azken horietakoa nintzen. Gurean gaztelaniaz egiten zen, eta egiten da oraindik ere, gure herriaren historian gertatu diren hamaika injustizia medio. Beraz, nire umetako orduen zati handi bat gaztelaniaz bizi izan nuen, eta, itxuraz, nire euskara-maila ez omen zen behar bezalakoa andereñoaren iritziz, ez omen nuen nor eta nork ondo bereizten. Hala izango zen, agian, baina ederki markatu ninduten urte batzuetarako.

Kontua da, eta noan harira, institutotik behin Sandiusterrira eraman gintuztela “Henry Bengoa Inventarium” ikuskizunera.

eta niri zerbait hautsi zitzaidan bihotzean KRA.

Handik egun batzuetara, udaberriko egun goxo bat izango zen, UBIko euskarako klaseko ikasle guztiak euskara-eskolako pira egin eta hondartzara joan ginen. Irakasleak mendekuz, edo lehenagotik hala erabakia zuelako, ikuskizunari buruzko lantxo bat egitea eskatu zigun, idazlan bat edo antzeko zerbait. Pena handia dut ez dudalako lan hura gorde, baina oso ondo oroitzen dut nola bueltatu zigun lana gutako bakoitzari. Banan, banan, gure abizenak esan ahala, esaldi edo biko errimatu baten bidez, egindako lanari nota ozen jarri zigun ikasle guztioi.

“Zilbeti, ez du asmatzen beti”, izan zen nire kalifikazioa, eta hori da urteko balantzea egiterakoan esan behar dudana. Gure lanean, harremanetan, hobbietan onena jarri arren, ez dugu beti asmatzen, baina hori ez da pekatua, hori hauskorrak eta inperfektuak izatearen ondorioa besterik ez da, gauza normala. Eta hasi den urterako horixe da bilatzen dudana eta besteei eskatzen diedana, norberaren onena jartzea gauzak egiterako orduan. Agian erratuko gara, eta ez dugu beti asmatuko, baina intentzioak eta fede onak goratzen gaitu.

 

Irakasle hura zoriondu nahi dut, bide batez, itzulpen onenari Euskadi Saria jaso berri duelako: zorionak Olarra, ondo joan zaizulako urte zaharra.

 

 

JOXEPAREN KAIERA