Gidoirik gabeko pelikula txar bat

ekaitza
Pentsatzen dihardut,
haserre nere buruarekin, eta besteren batekin.
Haserre uda hasierak espero baino ilun gehiago dituelako.
Ilun ugari eguraldi on askoren azpian ezkutatuta.
Eguraldi ona zer da bada, gezurrezko irriparre horietako bat baino.
Hondarraren gainean ortzimugako marrari begiratzean konturatzen naiz: denak du amaiera bat.
Baina zergatik nahi dugu etengabe luzatu hura. Bidaia etengabe luzatu nahi dugu, nahiz eta bidaiarekin nazka-nazka eginda egon batzutan.
Zer da esperantza agian? Horren errua da gure egoskortasuna? Garbi dago behintzat; egoskorrak gara izatez.
Maitasuna da bizitza eta bizitza maitasun. Paraleloak dira. Ez dago bata bestea gabe.
Ahantzi bestelako formulak, hori horrela da.
Batzuek beren burua dute soilik maite.
Beste batzuek jende gehiegi maitatzen dute.
Besteren batek argazki zaharkitu bat edukiko du soilik.
Argazki zaharkitu hori izanen da bere bizitzari zentzua ematen diona.
Hori maitatuko du.
Haserre nago ene buruarekin
eta besteren batekin.
Baina beste hori da
nire bizitzaren zentzua…
“Eta finean,
zer zara bada maitasun?
Gidoirik gabeko pelikula
txar bat besterik ez.”

Ekaitza bainuontzi batean