Ez zara zu, baina bazara

Hamabi urteko neskatoa zara, gurasoen lan-aldaketa dela eta, Oiartzun utzi eta Zaragozara bizitzera joan behar izan duena. Euskara ama hizkuntza duzu, gazteleraz kostata manten dezakezu elkarrizketa bat. Ikastetxe berrian ume guztiek egiten dute barre zutaz “perdón” eta “biblioteca” hitzak beharrean “barkatu” eta “liburutegi” erabiltzen dituzulako; barneratuak dauzkazu, “agur” bezainbeste. Lepoan daramazun lauburua esbastika naziarekin erkatu du baten batek; zuk justu-justu dakizu zer den nazia izatea. Ez duzu ezer ulertzen, herrira itzuli nahi duzu.

Ez, ez, ez.

Hamazazpi urterekin Libia utzi eta bizitza berria eskuratzearekin amesten zuen mutila zara, zerotik hastea helburu zuena. Donostiara ailegatu bezain pronto, “puto moro” bezalakoak entzun behar izan zituena. Ez zara lapurra, ez zara bortxatzailea, baina herritar ezezagun guztien aurrean, bazara. Begirada eta hitz iraingarriak egunero agoantatzen dituzu. Gaztea eta indartsua zara, langilea, serioa eta fidela, baina zure azaleko kolorea ez zaio inori atsegina egiten. Inork ez zaitu kontratatu nahi.

Ez, ez, ez.

Ilunabarrean, jana eske, hiriko supermerkatu guztiak bisitatzen dituen berrogei urteko emakumea zara, seme-alabak elikatzeko modu bakarra delako. Bilbon jaioa, idazkaritza ikasia, igande goizero Alde Zaharreko tabernetako komunak garbitzen amaitu duena, pixa eta botakarra usaiak eguneroko ogia dituena. Senarra hil zenean kale gorrian geratu zinen, lagun mintzat jotzen zenituen guztiek bizkarra eman zizuten eta. Haurrak zaintzearen eta lan duina edukitzearen artean hautatu behar izan zenuen. Hartutako erabakiaz damutzen zara.

Ez, ez, ez.

Parisen bizi den hogeita hamabost urteko abokatua zara, homosexuala. Mutil-lagunarekin amodiozko istorio ederrena bizitzeko grinak eraman zintuen Gasteiz uztera. Herrialde garatuago batera zindoazelakoan, ez zenuen arazorik zure sexualitatea jakinarazteko. Milioi bat pertsona bildu dira Eiffel Dorrearen parean zu eta zure bikotekidea ezkon ez zaitezten, naturaren aurkako ekintza litzatekeelako. Gasteizeko ohiko “maricón” hitza ez duzu Les Champs Elysées-etatik entzuten, baina bertan eskubidea zeneukan. Azpi-mailakoa eta gaixoa zarela sentiarazi nahi dizute. Batzuetan bazarela iruditzen zaizu.

Ez, ez, ez.

35 m2ko etxe baten bizi zara, Lesakan. Laurogei urte dauzkazu, ile grisa; taka-takaren laguntza behar duzu igogailura hurbiltzeko. Atsoa zara, inoiz bikotekiderik eduki ez duena, urteetan zehar gizon guztien lagun mina, baina ausardiarik gabekoa. Hilero zuri esker 2000 pezeta irabazten zituzten ilobak aspaldi ahaztu ziren zutaz, jadanik ez zaituzte bisitatzen. Ez dituzu sikiera euren seme-alabak ezagutzen. Erretiroan zaudenetik, egunean duzun giza-komunikazioa ogia eta egunkaria eskatzera mugatzen da. Jasotzen duzun pentsio ñimiñoa kendu nahi dizu Gobernuak. Geratzen zaizkizun urte gutxietan ere ezin zoriontsu izan.

Ez, ez, ez.

Langabezian dagoen hogeita hiru urteko mutil durangarra zara, krisi erdian gurasoek unibertsitatea ordaintzeari utzi zioten, tabernak ez zuelako bezainbeste diru-sarrerarik ematen. Ez zaituzte nahi beraiekin lanean, irabazia baino galera ekarriko zenukeelakoan, ez zarelako seriotasunez lan egiteko gai, ezer gutxirako balio duzulako. Neskak utzi zaitu zinemara joateko dirurik ere ez duzulako. Desesperatua zaude, deprimitua, ez dakizu zer egin. Droga-kontuetan murgildurik dagoen ezagun batek berarekin ibiltzea eskaini dizu. Baietz erantzun diozu.

Ez, ez, ez.

Ez zara horietako inor, baina edozein izan zintezke.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...