ETAren alde eta kontra

Mundu guztia ETAren alde zegoen garai bat ezagutu genuen. Baina gezurra diot, denok ez ginen alde, Franco maite zutenak,  John Waynerena egitera etorritako goardia zibilak eta beste lau katu faxista edo desinformatu ez dira zaku horretan sartu behar. Beste guztiok bai, baita EAJ, ANV, PC eta PSOEkoak ere. Agian esajeratu egingo dut, baina karlistek eurek ere begi onez begiratzen zioten ETAri.

Kasu, hala ere. Alde egoteak ez du esan nahi orobat onartzen zenik ETAren ekinbidea. Alabaina erakunde armatuaren adin bera dugunok ederki ikusiak dauzkagu gaur sinesgaitzak liratekeen kontuak. Esate baterako, oraino PSE gidatzen dutenak, “Nafarroa Euskadi da“, “Autodeterminazioa “, eta etcetera eta etcetera erreklamatzen.

Oh tempora, oh mores. Haiek garaiak! Arzallus bera, eta baita Leizaola Lehendakari Zaharra ere, edota  Ajuriagerra bera irudika genitzakeen erromerietan, jertsea aidera botatzen pozaren pozez Carrero voló kantuaren doinuarekin batera. Ieuuup, lara! Edo bederen irri maltzur eta konplizeren bat ezpainetatik ihesi.

Orain ez dago modan esatea, baina ETA izan zen gaurko demokrata askorentzat -euskal eta erdal-, askatasunerantzako aurreneko atea. Galdetu ezkero ukatuko lukeen arren, lepoa jokatuko nuke Patxi Lopez Lehendakariak ere, esaterako,  bazeukala halako begirada onbera bat ETArekiko. Gutxienez.

ETA handia izan zen tren antifaxista bat muntatzeko orduan. Ikaragarria. Areago, arnaspide erreal bakarretakoa izan zen denbora ilun bezain jasanezin hura egokitu zitzaigunontzat, eta  intelektual frantziar eta espainiar guztiek ere onartzen zuten ETA, neurri handi batean. Sinpatia, deitzen zaio horri.

Tren askatzaile haren makinisten izenak mitikoak dira: Txikia, Txomin, Apala, Pertur, Peixoto, Argala… eta aipatuko ez ditudan geroztikako hainbat eta hainbat izenda nitzake. Nor bere zerarekin, zapalkuntza gaiztoari aurre egin geniezaiokeela erakutsi ziguten, nola abertzaletasunetik, hala ezkerreko ikuspegi batetik. Zer esanik ez Iparraldean, kontatua didatenez,  Hegoaldeko errefuxiatu andana agertu zenean hasi baitzen euskaltasuna deitzen zen kontzeptua bazela entzuten.

ETAren tren hartara, batzuk bete betean igo ziren, beste batzuk bidaia motz bat egiteko bakarrik eta izan zen guztiz igo gabe, eskaileretako barrari helduta aurrera egin zuenik ere. Nork bere erara profitatu zuen arnasbide ikaragarri hura eta, jakina, egon zen trenetik sekula jaitsi ez denik ere, eta egon zen norberak hautatutako unean salto egin  zuenik trena martxan egonagatik. Batzuek Yoyesen gertaera hautatu genuen jaisteko, beste batzuek Hipercorreko atentatuarena, edo beste zeinahi gertaera mugarri: beti bazen ibili zebilen tren hartara igotzeko eta handik jaisteko arrazoirik, bulkada politikoekin batera, bai baitziren gertaera pertsonalek eragindakoak ere.

Kontua da, ordea, orain amaitua dirudiela bide horrek. Trena geldirik da eta ez ei da ostera abiatuko. Esaten da oraingo buruzagiek irtenbide gabekoa ikusten dutela borroka armatuaren bidea. Borroka armatua, borroka politikoari umildu behar zaiola. Ez da batere kontu berria.

Joseba Sarrionandiak  ere gauza bertsua esana du Hausnart aldizkarian eginiko elkarrizketan, baina ñabardura batekin. Sarrik dio hogei urteren atzerapenaz etorria dela une hau.

Horren aurrean, lagun bati entzuna diot pena handia dela Sarrik hori esatea orain, adierazi nahiz bezala, Sarrik bere ekintzaile ibileretako garaia justifikatzen duela, baina ez geroztikakoa.  Bestaldetik lagun beronek dio, ez dela unea haserre ibiltzeko, pozik ibili behar genukeela aurrerantzean.

Eta nik ez dakit ezer, ez naiz gauza mundua esplikatzeko, baina irudipena daukat ez nagoela zeharo konforme bi baieztapen horietako batekin. Alegia, pozteko garaian gaudela, egia da. Bazen tenore!, baina pena da duela hogei urte aukera hau berau ez ezagutu izana, ezen gauza jakinekoa baita duela 20 urte inguruko  ETAren  gidaritzak bazekiela borroka armatuarena bazterrean utzi beharreko bidea zela.

Ez ditut arintze edo descongestio garaiok lardaskatu nahi, pozik nago neu ere, beharrezkoak ditugu adiskidetzeak, eta itxaropena daukat etorkizunean, eta gora geu eta gutarrak eta hori guztia. Baina ez diet ikusten berritasunik batere oraingo esplikazioei, duela 20 edo 25 urte heterodoxoek esan eta idatzitakoekin alderatuta. Handik hona hainbeste sofrimentu, ezintasun eta galera… Zergatik eta zertarako? Zer dela eta?

Sarrirekin nago ados, eta pena ematen dit ez lehenago iritsi izana gauden bidegurutze honetara. Eta galdera logiko bat: nork edo zerk eragindako ezintasunak ekarri gaitu, hain berandu,  aspaldi behar genuen geltoki honetara?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu “ETAren alde eta kontra”-ri buruz

  • Oroitzen naiz ni ere ekarri dituzun garai haiekin; duela gutxi hori bera gogoratu nuen auzoko lehiaketa batean aurkeztutako narrazioan:
    “Uda hartan ETAk Meliton Manzanas hil zuen. Eta ez zitzaigun iruditu hori guretzako txarra zenik. Gutxi genekien horretaz, baina hautematen genuen gurasoentzat arintze moduko bat zela hura desagertzea”
    10 urte nituelako oroimenak dira, baina bizi-bizi daude oraindik.

    Badakit trenetik noiz jaitsi nintzen eta ze ozen aldarrikatu nuen orduan ETAren aurka: pentsatu izan dut maiz joan-etorriko bidai horretaz.

    Sufrimendu handiak ekarri ditu historia hau hainbeste luzatzeak… Biolentziak ez digu onik ekarriko, sinesten dut horretaz, baina zein izango da David txikiaren habaila Goliat-i aurre egiteko?

    Zeren Goliat-ek arma guztiak baititu!

    • Iñaki Peña 2011-06-24 23:33

      Nire benetazko izena jarri dut zegokion tokian. Hori egiteak, arazoak ekarri dizkidalakoan nago.
      Asuntua da lehenagoko beste erantzun batek dioen bezala, nik ez dudala pentsatzen dudana botatzeko zure askatasun hori.
      Hala ere, badut zeozer esaterik.
      Beste gauza batzuren artean aipatu beharreko zerbait etorri zait burura. Zu ze oxtias, sarriren pisukidea edo bikotekidea zara ala?
      Ez dakit zer zioen Sarrik duela ezdakitzenbat urte. Ez ditut ere ez zure garai idealizatu hoiek ezagutu. 32 urte ditut eta ene bizitzan gauza asko ikasi ditut, zu baino gazteagoa banaiz ere. Hoien artean, zerbait argi badut, zera da: espainiar estatuak ez digula ezer oparitu behar. ETA aktibo egonda edo ez. Oso azkarrak zarete zu bezalako idazle artikulista orok, baina esango dizut paperak guztia eusten duela. Aldiz, errealitatea zeharo ezberdina da. Benetan konplexua den errealitateaz ari gara. Niri Yoyesen heriotzak ez dit zuri bezala arazo bat suposatzen ETAren alde egoteko. Ala pentsatzen zenuten konfrontazio armatua, konfrontazio militarra, instituzioetan darabilzuen hipokresi eztabaida bukatuezin hoien antza zuenik? Gurea, militarki okupatua dagoen herria dugu, intransigentzia, despotismoa eta etnozentrismoa izpide duen espainiar estatu nazkagarri baten pean bizi gara. Gure eskubideak instituzio burges eta espainoletan errespetaraziko dituztelakoan zaudete zu bezalako askok, baina esango dizuet, zuon etsipenerako, halakorik ez dela gertatuko.
      Eta botatakoarekin nahikoa dut. Badira urteak ikasi nuela nire eginbeharrekoa ez zela besteak gonbentzitzea. Argi dut zuk bezalako jendearen erabakiaren edo iritziaren zai egoteak, sufrimendua luzatzeak besterik ez dakarrela, eta hitzaz aparte, ekinaren ekinaz, borrokaz,dagokiguna eskuratzeko beste biderik ez dagoela.
      MUXU ETA BESARKADA ESTUA SASIAN ZEIN GARTZELETAN DAUDEN BURKIDE GUZTIEI. MAITE ZAITUZTET, JODER!.

  • y este kuento a ke viene! errespetu bat tio derrigorrez ixilik egon beahr direneri? eta botatzen dituzun topikazoak? ni ez nago batere ziur! entzundakoen arabera behintzat badakit etakide asko elizetako portikoetan lo eginda dagoela zuen garai heroikoetan, prezisamente, zuen modukoen apoioa beti debokita izan zelako. aldiz azken hamar urteetan denak ohean lo egin dute. this is a fact. hitz egingo dute hemendik 50 hamar urtera. no te jode!

  • JESÚS Mª Aragón Samanes 2011-06-23 16:33

    Ez dakit zergatik harriduraz esaten duzu karlistei buruz esaten duzuna. Bazen denbora bat non etsaia bera genuen eta, eta, horregatik, bidelagun izan ginela denbora batean. Baina Monetejurra´76 gertatu eta gero, baita geroxeago ere, ikus izan genituzkeen biolentziaren ondorio lazgarriak ikusita, elkarrizketara jo genuen, ia-ia itsuki, metodo moduan arazoak konpontzeko; pakearantz pakearen bidez, hala nola demokraziarantz demokraziaren bidez.

  • Zure iritzien alde nago, eta kontra. Baina orokorrean amorruz bizi ditut zabaltzen ari diren errebisio merke eta errazak. Adibidez, atzo Twitterren irakuritakoa: “La izquierda abertzale ha conseguido más en 15 días haciendo política que ETA pegando tiros en 30 años #aversisenteran”… Sinplekeriaren festibala! Horrelakorik ez genuke onartuko munduko inongo gatazkaz hitz egiterakoan, gurean onartzeak jarrera politiko sakon bat hartzea ere bada eta agerian uzten ditu batzuen zutabe ideologikoak non sustraitzen diren, etorri den bezala joan daiteken ordezkapen instituzionala maila horretaraino goretsiz. Eta nagia ematen badu ere, ezin aipatu gabe utzi ez dugula horretaz aske hitz egiteko askatasunik.

  • Iker Ceballos 2011-06-26 16:45

    Bizitzan zehar baldintzak aldatzen dira. Neure aittak adibidez, ez zuen euskara ikasteko aukerarik izan (garai horietan debekatuta zegoelako), baina bere semeak euskara ikasteko aukera izan du.
    Espainiako Partidu Comunista ilegalizata egon zen “demokrazia garaia” heldu zen arte, testuingurua aldatu zelako eta partidu hori legala izatea lortu zuen.
    Baldintzak zelan aldatzen dira? Neure ustez, denbora igarotzen den heinean, gauzak aldatzen doiaz. Beittu zer pasa den krisialdiagaz. Lehen ez zegoen horrelako langabeziarik, baina orain bai.
    Nork esango luke PSOE-ko lehendakari bat ezagutuko gendula Ajuria Enean?
    Ba bai, ezagutu dugu, Patxi López deitzen da lehenengo lehendakari “sozialista”. Gauzak ezinezkotzat hartzen dira, baina ikusten dugun bezala, ezinezkoak ez dira.
    Euskadi independente ez dala izango, hori nork esan ahal du? Inork. Inork ez dakielako zer pasako den, zer pasa ahal den, zer hasi ahal den eta zer amaittu ahal den.
    Politikari batek esan zuen modura: ” ba segur aski, danok dauzkagu gauza batzuengatik barkamena eskatzeko beharra”.

  • zakarias aiztierdi 2011-06-27 08:44

    erantzuten hasi eta ezabatu egin dut. zertako? zure buruarekin duzun arazoa sozializatu duzu. zeure tripakominak dira. Segi gogojardunean!

  • Ni ere alde edo kontra egon ninteke, baina ez dut sarean mokoka jarduteko unea denik ETAren ibilbidean planto lehenago edo beranduago egitearen arrazoien bueltan. Txiki Benegas, Meliton Manzanas, Sarrionaindia….historia luze eta gogor honen hiru ataza dira baina azken finean historia. Aprobetxa dezagun, zu ta ni bezala -ia kintoak-, dagoenean gaudela ia sinetsirik gabe gaudenon bizi-poza, errespeta ditzagun egin diren akatsen ondorioz alde guztietan geratu diren pertsona eta iritzi minduak, eta egin dezagun bidea, dudarik gabe, ondo goaz-eta.

  • Ez dut normalean halako blogetan idazten, baina irakurritakoaren ostean… ezin ixilik geratu.

    Egia esan, nire ekarpenarekin ez noa ezer berririk esatera, egia esan Imanol garfasorok esandakoarekin era bat ados nago baina Iñaki Peñaren ekarpenak zuri egin ahal zitzaizun kritika bikaindu eta borbildu duela uste dut. Baina argi dago, Hatz(e)k esan bezala “ezin aipatu gabe utzi ez dugula horretaz aske hitz egiteko askatasunik”. Erraza da urteetan zehar erantzunik jasoko ez duen artikulutxoak idaztea, orain badirudi zaildu egin zaizula eta hausnarketa, agian, beste nonondik bideratu beharko duzula. Agian horreri ere, autokritika eta umiltasun dosi bat gehitu beharko zenioke hausnartuaz 1) nor ote zaren zu irakurketa hori egiteko 2) nondik idazten duzun (pista: zure bulego goxotik beste asko sasitan edota kartzelan dauden bitartean) 3) zertarako idatzi duzun.

    Mingarria da oso ezer egin eta asko hitz egiten duen jendearen iritziak irakurtzea. Batetik, esan bezala, asko egiten duten horiek, dena ematen duten horiek idazteko aukerarik ez dutelako eta bestetik, nekatuta gaudelako hainbeste teorilari, kritikari eta analistoetaz: zenbat eta zenbat gazte emango zuten euren bizitza, euren familia (eta agian hola hobeto ulertu dezakezu egindako hanka sartzea) euren karrera eta lana! Orain, zu bezalako jendea “por descarte” heldu dena posizio horretara (benetan balio dutenak sasian eta kartzelan dauden bitartean) halako kontuak (ez baita ez irakurketa, ez kritika ez ezer) idazteko.
    mingarria oso, egiz, malkoa erortzen ari zait.

    Bukatzeko, “zakariasaiztierdi(e)k” esan bezala:”erantzuten hasi eta ezabatu egin dut. zertako? zure buruarekin duzun arazoa sozializatu duzu. zeure tripakominak dira. Segi gogojardunean!”. Hori ba, ondo eta goxo segi krtitikatzen inoiz egiteko balorea izan ez duzuna eta hemendik eta hamar urtetara agian beste artikulutxo batekin goraipatuko duzuna; halere, lasai, hemengo egongo gara kontra emateko.

    Ah! ahaztu baino lehen, Bruno Latour zera esan zuen behin: “El estupido es aquel que habla de fenomenos que pasan a su alrededor y no vive”.

    Iñaki peñak bukatu bezala,
    MUXU ETA BESARKADA ESTUA SASIAN ZEIN GARTZELETAN DAUDEN BURKIDE GUZTIEI. MAITE ZAITUZTET, JODER!.

  • Txema Arinas 2011-06-29 21:01

    Iñaki Pena, borrokazale sutsu eta itsu baten erretratu idatzi ezin zorrotzagoa, agerian uzten duena Hasierrek berak idatzitako trajediaren adierazle, itsukeria lege bilakatu egin zutenena hain zuzen ere.