Ego (Nerea Ibarzabal)

Ego

Nerea Ibarzabalek idatzi zuen testu hau Bizkaiko Hitzan, pasa den astean.


EgoGaur zuri idazten dizut, zuri bezain niri, niri bezain guri. Ager zaitez gure aurrean eta esan nolako usaina dugun barrutik, oh, gure ego. Eta ausartzen bazara, esan ez dugula egiten dugun ia guztia eta egiten ez dugun ia guztia zugatik egiten edo egin gabe uzten. Esan iezaguzu non zauden, gure izen-abizenen zein letratan ezkutatzen zaren,eta zergatik ezin zaitugun izendatu.

Egoista edo egozentriko deituko gaituzten beldurrez mozorrotzen dugu gure egoa, baina hor zaude, ezta? Nik ikusten zaitut. Irabazten dugunetan —bizitzako edozein zentzutan- puzten sumatzen dugun hori zara, ez? Umiltasunetan eta esker onetan busti behar izaten zaitugu apur bat txiki zaitezen. Eta galtzen dugunetan —bizitzako edozein zentzutan- “ondo zaude?”, galderari erantzuten diona ere zeu zara, ezta? Galdetzen duenak ere tentuz botatzen du galdera, zu ez zauritzeko. Badaki zuk erantzungo duzula.

Zeu zara ahots altuan aipatu ezin den arrazoia, gehienetan pisutsuena, gure marko teorikoa hankaz gora jarriko duena. Gustuko dudan pertsona beste batekin enrollatu da, esango diogu lagunari, eta premisa horretatik abiatuko dugu terapia, baina berez gu baino ederragoa dagoen norbaitekin enrollatu izanak eman digu minik handiena, eta hori ezin da hain argi adierazi —bai autoestima baxuarekin argumentatzen bada, ez ego altuarekin-.

Ego

Puzten zara, umetan bezala, lehen agurtzen ez zintuzten pertsona guay-ek agurtzea lortzen duzunean. Txikitzen zara, lehenengo pertsona plurala erabilita iritzi zutabeetan. Ezin dizugu gehiegi hazten utzi, baina ezta guztiz desagertzen ere; elikadura orekatu bat eskaini behar zaizu, baina nola? Sare sozialetako like puntualekin aski? Loreak, txaloak, lagun kopurua, erreprodukzioak? Zertarako balio dizute, kritika bat edo egia bat entzunda amiltzen bazara, piztia zauritu, sumindu eta iheskor hori.

Jakin nahiko nuke noiz bistaratzen zaren guztiz, ego, eta zein forma hartzen duzun. Kotxe barruetan garrasika lehertzen denaren itxura hartzen dizut, eta dena ondo egiten dakien haurrarena, matrail-hezurrak estututa eta begiak sutan, behatza altxatu eta okerreko erantzuna eman duelako. Buztandun piztia gisa ere irudikatzen zaitut, baina buztan motzekoa —buztana mozteak animaliei oreka galarazten die-. Txakur harro eta lodi bat izan zintezke, bull dog bat edo.

Zahartzaroan begi hobez ikusia dago egoa askatzea, disimulatu beharrik gabe benetan geure burua iruditzen zaigula interesgarriena. Eta iruditzen zait hildakoan ere ez dugula egorik galduko, sumatu egingo dugula zer esaten den gutaz, zenbat omenaldi egiten dizkiguten; eta zenbait hildako beraien nitxoetan kabitu ezinik egongo dira, albokoen kritika artean. Eta beharbada beraien egoa elikatzen jarraitzen dugulako diogu bizirik daudela oraindik. Behean ego, eta goian (b)ego.

Ego

behean ego, bizitza, ego, egozentrismoa, goian bego, heriotza, norbanakoa, psikologia, umiltasuna
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude