Egia mintzoaren menpeko?

Egia mintzoaren menpeko? –

Nik ez dut uste gizakia egiarako egina dagoenik. Esango nuke hitzerako dagoela egina. Eta egiak hitzaren gaineko botere nahia adierazten duela, hitzaren jabetza nahia… Egia hitzaren menpeko da, hitzen multzoko azpimultzo. Ideia bat da, uste bat” ziostan “Ziriñek”, Dakienak badaki, eta ez dakiena primeran, baleki bezala” izenburuko nire aurreko eguneko aurtikuluaren harirako foroan esku hartutako goitizenezkoak. Aurrena, eskertu behar bere parte hartze ezin interesgarriagoagatik. Mamitsua, esanahitsua,… eta bere laburrean duen sakontasuna tarteko, esan gabe doa ziur asko berau aletzeko behar adinako patsada eta luzatu ahal izateko tarterik ez dudala izango, agian ezta jakintzarik ere!. Noan baina, zabal lekizkigukeen hausnarbidetxo baten batzuk sikiera urratzera.

Hasteko eta bat, kontu egin dieaziogun egiatzat jo den horri filosofiaren mundutik. Egia hitza bi zentzutan hartu izan da burutan. Bateko, esaldi bat egiazko dela esan ohi da, faltsua ez dela uste izan denean. Besteko, errealitateaz, edo errealitate bati buruz, egiazko dela esan ohi da berau irreala, itxura hutsezkoa edo ilusio hutsezkoa ez denean.

Horraino, antza, arazorik ez. Alabaina, adiera biak nahaste alderako joera oso ohikoa izan dugu beti. Maizenean ez da batere samurra jakiten, noiz dihardugun adiera-zentzu lehendabizikoan, eta noiz, ostera, bigarrengoan. Izanez ere, egiazko hitzezko aitorpen bat errealite bati dagokio beti, baina, bestalde, errealitate baten gainean aitorpen bat egiazkoa dela esan ohi da. Hau esanda ere, onartu-onartu behar da filosofiaren hasieratik, berandu arteraino, egiaren gaineko ulerbide bat-edo gailendu zaiola nolabait besteari; hastapenetatik filosofo grekoek, egia bilatzea faltsua, ilusiozkoa, itxurazkoa…-ren kontrakoa zen hori bilatzetzat jo zuten aldetik, ziztuan, egia eta errealitatea parekatu zuten, hau da, euren ikusian, egia denak eta errealitateak bat-bat egiten zuten. Azken ulerpen honetatik zeraxe segitzen da: egia egonkortasunarekin hertsiki loturik egotea, gehiegitxo ziurrenik, haibesteraino, ezen, guk errealitateaz zer edo zer aitortu orduko, segi-segituantxe, errealitatea bera jada ez den izango aitortu dugun horren modukoa. Honainoko kontuak honela, orain egin dezadan saltotxo bat, esandako horretik segitzen diren ur sakoenetatik ihesi-edo, eta zabal dezadan oraintxe puntuan gustukoago dudan meloi partzial-sekotorialago batto.

Egia hitzaren menpeko da, hitzen multzoko azpimultzo. Ideia bat da, uste bat” zioskun Ziriñek bere iruzkinean. Lehenengoari lotuko natzaio. Bigarrenak, honako honetan bederen, gehiegitxo nahaspilatu-desbideratu nintzakeelakoan; izanez ere, nahiko zabal-zabar deritzot “ideiak”, “usteak” eta tankera bereko hitzek zabaldu ohi diguten orokortasunari (dena da uste-ideia: gezurra, egia, ez bat ez bestea denik, edertasuna, eldarniotuki botatakoa…). Baina… natorren, honakoan, “egia hitzaren menpeko” dela dioen aitorrera. Natorren eta onar dezadan mami askotxo dugula berorretan. Guztiz bat Ziriñerekin horretan, egia hitzaren menpeko da. Partziala baina irizten diot gogoetari; izanez ere, mintzoaren menpeko ez ezik, errealitatearen menpeko ere badugu egia. Egia mintzotik dator, mintzo egoki izan uste duen horretatik behintzat. Baina, horrez gain, errealitateari, erreala den horri, zor zaio, horren morroi-zerbitzari da egia. Egiazko mintzoa, edo egia (“egia hitzetaratua” izango dena derrigor), egiazkotasun izaerari eutsiko dio baldin eta soilik baldin errealitatea islatzen egin-egiten badu onesteko moduan. Honaino, eta gorago esandakoa tarteko, zaharrak berri. Saltotxo bat hurren.

Mintzoa eta errealitatea hor ditugu, bata bestearen atzean, elkarrekikoan, dantzaka, dantzaka egia deritzogun horren bitartekaritzaz. Egia den horretan (eta egia ez den horretan ere, faltsutasun dagokionean aitortuari) ikus dezakegu errealitatearen eta mintzoaren arteko balizko-ustezko “ezkontza” (EM). EM harreman hori baina ez da horren estua (elkarrekikotasun delako hori ez da horren oso-betea), eta, hortaz, ez legoke, nire iritzirako behintzat, ezkontza-ezkontzazkoa denik esaterik. Areago ere esango nuke nik; EM hori, Eren eta Mren artean bat egite nolabaiteko hori, kontu perfektutzat jotzeak (EM), zuzengabea izan ez eze, inposaketatik asko ere badu. Bat-bat egite delako perfektu hori ez da existitzen, ez da lortzen, ez eta ez. Eren eta Mren artekoa, ohe euskubidedun adisketasun harreman bat izango da, izatekotan.

Oso bestera doa kontua. Sarri askotan, mintzoa errealitateak du mendean, eta, gauzak horrela, esaten den horrek, hitzetaratzen den horrek, errealitatearen isla izan asmo du, lortu, erdi-lortu edo ez lortu. Hor errealitateak izango du agintea, nahiz-eta, hurren, asko-askotan mintzoaren ezina tartean “ezinbestez” egon.

Badaude, baina, bestelako egoerak, non mintzoa den menderatzailea eta errealitatea menderatua. Mintzoak, askotan, ibiltzearen ibiltzez, zenbaitetan guztiz beregaina izatea iristen du, hau da, berez eta bere kaxa hitzezko errealitate beregain eta aske bat gauzatzeko gai izaten da, mintzoaz kanpoko berezko errealitateari bizkarra guztiz emanda-edo. Mintzoak “berez ez diren gauzak” izanazi ditzake hitzak hitzen ostean hitzetaratuz.

Esandako azken honen erakusgarri-edo Iñaki Segurolak bere Sed quia sua liburura zuzen onez ekarri zuen jarraiko kontu-adibidetxo honako hauxe. Antzina, “arto” hitzak gure mundu-lurraldeko arto etorkizko jartor hori izendatzen zuen; hori-hori, zituen ezaugarri guztiak barne, zuen tamaina-neurria eta guzti, izendatzen zuen, hori eta hori baino ez. Denboraren poderioz baina, kanpoko arto mota etorri zitzaigun, gurea, etorkizkoa baino handiagoa, tamaina handiagokoa. Zer egin zuen euskaldunak? bada, hizkuntza eta kulturarekikoan egin ohi duen moduan, kanpoekiko esanekotasunari ondo heldu oraingoan ere eta horien “esanetara” jarri-makurtu. Hartara, kanpoko arto arrotz-berri honi, “arto larri” edota “artaundi” inondik inora deitu ez, eta zer-nola eta berria “arto” izendatu, gure betikoa aldiz, berau aurez ondo txikiagorazita, “artatxiki” edo “arto xehe” deituta. Gure arto betikoa txikiagotu al zen? Inondik ere ez, ezta hurrik eman ere. Honako hau adibideetan adibidetxo bat baino ez dugularik ere, ez dugu makala kontua; gure euskarak denboraren joanean egin behar izan dituen lekualdatzeen, “amore emateen” kopurua osatze aldera baino ez du egiten! Ez baina, ez-hitzezko berezko kanpo errealitateak eraginda, ez eta askotan hizkuntzaren baitako berezko sormen-apetaz ere, baizik-eta, honako adibide honen bidez argi dakusakegunez, erdarek eragindako hankaperatzez.

Igor Goitia

Egia mintzoaren menpeko?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude