Diruari bueltak

Diruari bueltak –

Diruari bueltak
dirua cc by-2.0 Eric Caballero

Aitaren banketxeko bulegoan bisitan, bertako mahaian dagoen guztiari begira txundituta, alabak amari: “Nik, handitzean, aitak bezala egin nahi dut lan, paperei bueltak ematen”.

Amak orduan, banku bat zer den azaldu nahian, hasi zaio diruaz hitz egiten, eta bankuek bezero batzuen dirua erabiltzen dutela diru hori behar duten beste batzuei maileguan emateko, eta tartean inbertsioak daudela, eta inbertsio horiekin euren proiektuak martxan jartzen dituztela enpresek, eta inbertsioek etekin gehiago izan dezaten akzioak burtsan jarri eta, han, artekariek egiten dituztela salerosketak, baina tartean espekulatzaileek ere sartzen direla eta bankuek haien transakzioak baliatzen dituztela, gero… Ordurako, alabak minutu batzuk daramatza bizikleta dendako erakusleihoan protagonista den patinete urdin turkesa distiratsuari arreta jarrita.

Eta orduantxe konturatu da ama, paperei ezean, diruari bueltak ematea dela bankuen zeregina.

Pasa dira urte batzuk. Alabak bere bidea hartu du eta, paperei bueltak ematearena ahaztuta, gaixoak sendatzea du, gaur egun, ogibidea. Zuzenean pairatzen ditu osasungintzan egiten ari zaizkigun murrizketak. Nekatuta iristen da etxera, gero eta gaixo gehiago artatu behar baititu. Baina antza denez, ezinbestekoa da horrela, krisi garaian ez dago-eta diru nahikorik. Amak ere gero eta neke gehiago ekartzen du lanetik itzultzen denean, eskolan irakasle gutxiagoen artean banatu behar dutelako urtetik urtera handituz doan ikasle kopurua. Baina, esaten dutenez, ez dago beste irtenbiderik, krisi erraldoi honek ekarri dituen galerak direla eta, ez delako gelditzen dena zaintzeko baliabide adina. Halere, ez dira ozen kexatzen. Gertu dituzte okerrago bizi diren senide eta lagunak.

Bitartean, diruari bueltak ematea xede duten bankuak erreskatatzea da euren gobernuen kezka nagusia.

Diruari bueltak

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz