Borde

Borde

Nerea Ibarzabalek izaeraz aldatu nahi luke. Bizkaiko Hitzan egin du aitortza.

Nahi nuke izan borde, eta ezer ez gorde. Imajinatu, pin-pan-pun, eztanda egin eta guztiz husten diren horietakoa izatea, gero berriz hasieratik hasteko, momentuko beroaldian esandakoez damu, baina hitz denak haizeak eramanak, gutxienez. Imajinatu, guztiz hautsi eta hutsetik eraikitzea.

BordeNahi nuke izan borde, eta koherente.

Izaera ‘eramangarriagoa’ dugunoi hori gertatzen zaigu, azkenean eraman egiten gaituztela, ez dugulako bri-brau erantzuten, ez dugulako zirt edo zart egiten. Edo beste edozein onomatopeia erabakigarri. Esan gabe uzten ditugun hitz eta emozio denekin putzu beltz eta ustel bat eratzen dugu, garajeetan sortu ohi diren putzu misteriotsu horietakoa, eta “ez haserretzearren” edo “tentsioak saihesteko”, hautsita behar luketen harreman postizo mordoa mantentzen ditugu. Kalean gurutzatu eta tripak buelta ematen digu, baina beti irribarretsu, jatorrak eta bakezaleak garelako. Konpondu gabeko arazoak eta tentsioak kolekzionatzen ditugu eta kristalezko bitrinetan gorde, goizero begiratu eta gaizki sentitzeko.

Nahiko nuke izan iluna, eta jendeak birritan pentsatu dezala nigana gerturatu aurretik.

Kanpotik serioa eta hotza eman, eta ondoren jatorra naizela deskubritu dezatela. “Borde bat zinela uste nuen”. Ze, inoiz erantzun borde bat eman ez dugunoi gertatzen zaigu jendeak uste duela ezagutzen gaituela, eta beti jatorrak izatea exijitzen digute gero. Gainera, bordeek interesgarriagoak ematen dute.

Nahi nuke izan borde, eta besteek borde bat naizela pentsatzeak inporta ez izatea.

Borde, neure burua eta neure nahiak errespetatzeko. Mr. Hide bat kontratatuko nuke, behar dudanetan inbokatu eta isiltzen ditudan erantzun krudelenak oihukatu ditzan. Esan dezan ezetz, nire buruak gora eta behera mugitzeko gogoa duen aldiro, edo “zer egiten dut hemen” esan eta konpromiso absurdoetatik atera nazan. Jendea zakutik hartzera bidal dezan modu zorrotz bezain elegante batean.

Nahi nuke madarikazio bat esan eta inor ez zorabiatzea.

Konfrontazioa saihesteko atzeratzen dugu auzokritika, azkenean autokritika egiten amaitzeko tokatzen ez denean ere. Horri deituko zaio agian bizikidetza. Eta gero bidaia espiritualak behar izaten ditugu, edo paseoak bakardadean, edo tila, loak hartzeko.

Nahi nuke izan borde, eta besteak nirekin bordeak direnean ez sumintzea.

Beharbada bakardadeari diogun beldurra dago guztiaren azpian, baina isildutako minak etxerako bidean errepasatzen dituenak ondo ezagutzen du bakardadea, berez.

Nahi nuke izan borde, pentsatzen dudanarekin akorde. Zukutzen gaituen jendarte honetan ez gaixotzeko modu bakarra izan daitekeelako.

izaera, Nerea Ibarzabal
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Borde”-ri buruz

  • Akerra (edo ahuntza, nahi izanez gero) bezain mokorra izatea ere du Nereak, eta bidenabar espainoletik libreagoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude