ZuZeuk itxura berria dakarkizu

Ezer ez da betiko. Garai hauetan, are gutxiago. ZuZeuk itxura berria dakarkizu gaur. Labu-labur, egin duguna.

Itxuraldatu egin dugu ZuZeu, zure gusturako izango delakoan. Asmatzeko formula magikorik ez daukagu: esperientziak eta intuizioak mugiarazi gaituzte.

Labur-labur aldatutakoak:

Azalean igarriko zenuen lehen aldaketa. Uneoro eraldatzen doan ZuZeu nahi dugu, zuen ekarpenekin etengabe berritzen doana. Horregatik, azalean beti topatuko dituzu azken artikuluak. Beti bezala, bidaltzen duzun unean bertan egongo da hor, guztiok ikusteko moduan.

Albiste landuenak eta interesgarriak “Aukeran” leihoan jarriko ditugu, ez ditzan denboraren haizeak berehalakoan desagerrarazi. ZuZeuko erredakzioak astero egingo dituen bideo-elkarrizketak ere ikusgai izango dituzue beti “Elkarrizketak” atalean.

Lehen ez bezala, artikulu bakoitzaren bi edo hiru lerroko aurrerapena irakurri dezakezu azaletik bertatik. ZuZeulariok, aprobetxatu itzazue hitz gutxi horiek irakurleen arreta deitzeko.

“Sinadurak” atalean ditugun gure blogariei ere presentzia nabarmenagoa eman nahi diegu ZuZeun. Haien lanen berri izango duzue azaletik bertatik. Gaur gaurkoz hamabost idazle ditugu blogetan, eta istorioak kontatzeko ideiak eta grina dituzuenoi gonbita luzatzen dizuegu berriz ere geurean har dezazuen ostatu.

ZuZeu 2009 urtean jaio zenetik azalean izan ditugu “Bero-Bero” eta “Bare-Bare” esteka interesgarrien bildumak. Haratago joatea erabaki dugu. Aurrerantzean “Loturak” zaku batean jarriko ditugu, eta albisteen inguruko iruzkinak egitea ahalbidetuko dizuegu. Jakina, zuk ere bidali ditzakezu estekak eta eztabaida piztu.

Aldaketa gehiago ere egin ditugu, sare sozialen integrazioan sakonduz batez ere.

Zuk ere egiten duzu ZuZeu. Izena eman eta animatu geurean albisteak, iritziak, bideoak edo elkarbanatzeko interesgarria iruditzen zaizuna elkarbanatzera. Komunitate bat duzu irakurtzeko eta erantzuteko prest!

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “ZuZeuk itxura berria dakarkizu”-ri buruz

  • Zorionak egindako lanagatik eta etengabe berritzeko grina horregatik, berez, txalotzekoa dira. Eta emaitza polita izan dela iruditzen zait.

    Egindako aldaketei buruz eta lehenengo une honetan iritzi pare bat emango dut:

    -Eztabaidetan maiz esku hartzen dugunontzat erosoa izango zen eztabaidatzen ditugun berri horietan sartzen diren iruzkin guztiak gure helbidean automatikoki jasotzeko harpidetza egin ahal izatea.

    -Ez zait asko gustatu Bero-Bero eta Bare-Bare sailak bakar batean elkartzea; iruditzen zait egokiagoa zela aurreko banaketa, berrien izaera eta garrantzia desberdina hobeto identifikatzeko lehenengo momentutik.

    Eguneroko erabilerarekin agian zerbait gehiago bururatuko zait.

    Amaitzeko, berriro zorionak eta animo lanean jarraitzeko.