Zergatik etortzen dira izurdeak hondarretan hiltzera?

mikebaird.flickr
mikebaird.flickr

Beste egun batean, 80 izurde agertu ziren Hamelin-en, Perth iparrean, Australian honakoa ere. (Ikusi azpiko bideoa). Laurehunen bat izurde, lau hilabetetan.

Aspalditik ezagutzen dira animalia hauen antzeko iritsierak, baina ez dago argi zergatik gertatzen den halako gauza bat. Aristoteles berak ere aipatzen zuen K.a. IV mendean ere, ikusi zituztela halako gertaerak, baina ez zion argibiderik eman ahal izan.

Zergatik etortzen dira hiltzera hondartzetara izurdeak?

Brest-eko Oceanopolis itsas-ugaztunen zentrukoa Samy Hassani izeneko biologo batek dioenez, hipotesi desberdinak daude:

1- Sareetan harrapatuta.

Sarean harrapatuta geratutakoan, ia beti zauriekin irteten dira izurdeak. Zauri horiek nabigazio organuetan eragin ezkero, orientazioaren zentzua gal dezakete izurdeek. Maiz ikusten dira halako aleak hondartzetan, baina ez dirudi argibide honek multzokako izurde arribadetarako balio duenik.

2- Uhin magnetikoek aztoratuta.

Bretainia Handiko Cambridge-ko unibertsitateko talde batek dioenez, izurdeek indar bereko lerro magnetikoak jarraitzen dituztela adierazi dute. Lerro horiek kilometro askotakoak izan ohi dira, eta maiz igarotzen dira hondartzetatik hurbil. Samy Hassaniren arabera, ordea, izurdeek ekolokazioa erabiltzen dute batetik bestera ibiltzeko. Ekolokazioak, soinu frekuentziak jarraitzen dituztela esan nahi du, eta ez magnetikoak.

3- Hots uhinek eraginda.

Urpeko sonarrek eta ontzietako bestelako tresnek, maiz sortzen dituzte frekeuntzia baxuko uhinak. Horien ondorioak ikusi izan dira Kanarietan, Grezian eta baita Bahametan ere. Bi gauza gerta daitezke. Uhin horiek izurdeen barne belarria kaltetu eta, ondorioz, noraezean ibiltzea; eta ur sakonetan dbiltzan izurdeak izutu eta azkarregi azaleratzearen ondorioz,  enbolia gaseoso bat izatea. Autopsiak argitzen ditu horiek biak.

4- Gidariak nahastuta.

Globizafeloak multzotan ibili ohi dira, aurrean gidari eta pilotu bat edukitzen dutelarik. Harexi segitzen diote denek igerian. Hau gaixotu, edo nabigazio sistimak hondatzen bazaizkio, litekeena da multzo guztia bere ondoren hondartzaratzea. Ikusi izan da, izurde zahar bat hondartzara etorri eta denak bere ondoren ikustea. Hau hiltzen denean, bizirik daudenetako batzuk, atzera egiten dute itsasora.

5- Mareak eramanda.

Arrantzan ari direla, maiz etortzen dira izurdeak itsasertzera eta litekeena da itsasbeherak bertan harrapatu eta hondar barra batek presotzea. baina honelako gertaerak, inguru zehatzetan baizik ez dira izaten, itsasoak gogor astintzen dituen hondartza luzeetan.

Zer, orduan?

Ematen du hauetako arrazoi bakoitza ez dela gauza gertaera hain handia argitzeko, baina Sammy Hassany baikor ageri da hala ere. Antza, Europan neurriak hartuko dira, sareak daudenean, itsasontziek uxatzaile akustikoak erabil ditzaten, eta Otan eta Frantziako Armadak, esaterako, neurriak hartuko dituzte izurdeak ez kaltetzeko.

Zoritxarrez, ordea, ikuskizun negargarriaren testigu izango gara aurrerantzean. Nahi baino gehiagotan. Izanak izan, misterioa baita oraindik ere izurdeen arribada hondartzetan hiltzera.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.