Zergatik ez dugu aldarrikatzen?

Zergatik ez dugu aldarrikatzen?

Martxoaren 8ko emakumearen eguneko manifestaziotik bueltan, jabetu nintzen (hamaikagarren aldiz) gaur egun gertatzen den desmobilizazioaz. Donostiako kaleetan elkartu ginen manifestari kopurua eskasa izan zen, aurreko urtetan baino eskasagoa, nire irudiko. Handik gutxira izan nuen Zubietako erraustegiarentzako moratoria eskatzeko egingo den Flash mob-aren berri, eta horrek eraman ninduen Zubidon taldekoei buruz Hitzan idatzitako artikulu honetara. Testuan, Erik Gonzalezek dio “metodo fresko eta berriak erabiltzen ari direla” eta gauza bera aurrerago Diario Vascon egin zioten entrebistan: “irudipena daukagu aldarrikatzeko formulak zaharkituta geratzen ari direla”. Ni ere banaiz iritzi horretakoa, baina kezka harago doakit: zergatik gertatu da?

Izango da aldarrikatzeko formulak zaharkitu direla edo izango da aldarrikatzeko beharra ez dugula ikusten?

Izango da aldarrikatzeko formulak zaharkitu direla edo izango da uste dugula aldarrikatzeak ez duela ezertarako balio?

Izango da aldarrikatzeko formulak zaharkitu direla edo izango da erosotasunean murgilduta gaudela?

Izango da aldarrikatzeko formulak zaharkitu direla edo izango da benetan axola zaizkigun gaiak beste batzuk direla?

Gogoeta honetan nenbilen, lehengoan, auzoko kale nagusian, hiru emakume ezagun aurreratu, eta haien solasaldia aditu nuenean. Serio zihoazen hirurak eta batak besteari, “nik uste dut Maria Josek pila bat agoantatu behar izan duela”, eta besteak, “bai, baina Belenek ere jasango zuen berea aitarenarekin” eta “bai, baina Jesulini egin ziona jasanezina da”, entzun nuen urruntzen nintzenean.

Jesulin izenarekin ohartu nintzen zertaz ari ziren. Eta egun batzuk daramatzat kale nagusira itzuli ezinean.

Irudia | Aldarrikatzeko formulak zaharkituta? | Joseba Barrenetxea | Creative Commons By SA

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz