Udako azken eguna

by Zanastardust, Flickr
by Zanastardust, Flickr

Badatoz opor osteko sindromeak. Lehen lanera itzultzeko gogo falta deitzen zitzaiona, gaixotasun bilakatu zaigu. Bizitza modernoaren ajeak. Goizez esnatu eta eguna argitu ez dela etxetik atera beharra. Galtzabarrenak bustita egun guztia ofizinan igarotzeko garaia. Terrazetatik taberna zuloetara jauzi egiten dugu. Igandeak etxean filmak ikusteko egunak bilakatzen dira.

Bihar 21:18an udazkenean sartuko gara. Bai, gaur, hala ez dirudien arren, udako azken eguna da.

Euria goitik eta behetik; udak eguzkitsu agurtzeko zailtasunak dituela dirudi. Leihotik begiratu eta batzuk txamarra, aterki eta euritako bota eta guzti ikusi ditut. Baina baita haurrak galtza motzetan, edota neska gaztea sandaliekin. Trantsizioa, ez da ez, erraza izaten.

Argiaren, beroaren eta aisialdiaren eskutik urtaro maitatuena da uda. Baina mundua ez da amaitzen udak bere azken orduak xahutu ahala, udazkenak ere, zalantzarik gabe xarma baitu. Urre koloreko paisaiak, epeltasuna bilatzea, etxera iritsi aurretik goitik behera bustitzea, hostoak zapaltzean ateratzen den hotsa… udazkeneko plazer txikietako batzuk baizik ez dira horiek.

Gaur, udako azken eguna da.

Lanekoak aparte utzita, zer da udatik gehien gutxietsiko duzuna?