Uda ez da denentzat berdin

Liburutegia, by Singsingsky, Flickr
Liburutegia, by Singsingsky, Flickr

Askoren oinazea kontsolagarri ez dela esan ohi da gazteleraz, baina ikasteko garaian esaera zaharra ez da betetzen. Laguntzen du, lagun gehienak eguzkipean etzanda dauden bitartean, ondoan norbera bezala ukalondoak gorritzen ari den norbait izatea. Etxeko leihoa itxi eta egun eguzkitsu eder bat egiten duela ez jakiteak ere laguntzen duen bezala. Gainontzekoen zorionak, uda garaian hain hedatua denak, izorratzen baitu hartaz gozatu ezin denean.

Uda ikasteko garairik okerrena baita. Lanera joan behar dutenek beste erremediorik ez dutenez goizero goizero joaten dira lantokira, mingostuta bada ere. Ikasleek ordea borondatea behar dute, urtean zehar egin ez dutenari erremedioa jartzeko. Eta noski, zaila da lagunarteko kafe bati ezetz esatea. Edota Euskal Herriko jaien agenda oparoaz ahaztea. Edota itsasoan bainu bat hartzeari uko egitea, etab.

“Datorren ikasturtean urtean zehar gehiago ikasiko dut”. Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi famatu hori? Eta datorren urtean berriz ere berdin… Ikasle izatea eta irailean azterketak izatea kasik bat direla jakitea kontsolagarri izan daiteke.Bestela, udaz gozatu eta gero gerokoak… Bakoitza bere erritmora.