Thriller-en inspiratutako Conversak

Thriller-en inspiratutako Converse All Star-ak
Thriller-en inspiratutako Converse All Star-ak

Ondo janztea gustatzen zait -eta ez diot oinetako hauengatik- baina ez, ez dut modaz hitzegingo Zuzeun. Lagun bati eskatu nion hori aspaldi, hainbeste politikak pertsona grisak bihurtuko gintuelakoan, gure bizitzan, arropan behintzat, kolore pixka bat jartzeko. Zuzeu Vogue-ren mailara eramateko erronkarekin ez da ausartu ordea fitxatu nahi nuen ‘cool-hunter-a’.

Ez naiz ni hasiko udazken honetako tendentziak zeintzuk diren azaltzen, baina ikusitakoaren arabera, gauza bat argi dago. ‘Pop-aren Erregea’ modan dagoela, oraindik.

Krisi garaia, aukera garaia ere ba omen da -lastima goiz irtengo garela, Alemaniarekin batera, ZP-inotxo dixit- . Eta tartean Michael Jackson hiltzen bada, are gehiago. Hiru hilabete pasa dira dagoeneko -nahiz eta lehengo astean lurperatu zuten, ez dut jakin nahi nola egongo zen gorpua- eta erropa markek ez dute denbora galdu. Opor gutxi uda honetan.

Bereak bezalako jakak, oinetakoak eta kamisetak non nahi ikusi ditugu. Baina antza, jada zer imitatu ez dakitenez, bete betean murgildu dira bideoklipetan, inspirazio bila. Eta nondik hasi? Ba, zu edo ni hasiko ginatekeen toki beretik. Bideoklip honetatik.

http://www.youtube.com/watch?v=QkjtctcuQ9Q

‘Pop-aren Erregea’ “omentzen” duten Converse Chuck Taylor hauek gorriak dira, Michael Jacksonek zombiarena egiten duen bideoklip honetan daraman jaka bezalakoa, olio orbanak ditu alboetan, eta zati batzuk urratuta agertzen dira. Lokarriak, txaketaren botoiak balira bezala daude jarrita -adorno bezala- eta oinetakoa erdian duen kremailera batekin lotzen da. “Antes muerto que sencillo”.

Eta nori otu zaio hau? Ez, ez da Japoniarra -oinetako eszentrikoen paradisua, Transformerseko zapatilak merkaturatu zituzten han, besteak beste- baina ez zabiltza oso urrun. Mark Ong delako Singapurreko artista batek sortu ditu. Edizio limitatua omen da, 350 dolar besterik ez. Orrialde honetan egin dezakezu erreserba. Bidalketa gastuak –denda hau Singapurren dago- ez dakit zenbat izango diren, huskeria seguruenik.

Transformers filmean inspiratutako oinetakoak. Nike-ek atera zituen Japonian eta robot bilakatzen dira.
Transformers filmean inspiratutako oinetakoak. Nike-ek atera zituen Japonian eta robot bilakatzen dira.

Ez zaizkit bereziki dotoreak iruditzen –jantzita ez dira hain gaizki gelditzen– baina onartu beharra daukat atzo gustora asko jarri izango nituela, inongo lotsarik gabe, nahiz eta Iruñean egon eta ez New Yorken.

Zapata berriekin joan nintzen unibertsitatera. Futboleko botak ez direla lehenengo partidan estreinatu behar,  hori ondotxo dakit, baina zapatak? Klaro, Ama gertu ez dabilenean bistakoa dena, ezkutuan gelditzen da sarritan. Ez nuen denbora gehiegi behar izan horretaz ohartzeko, baina beranduegi zen.

Eguna amaitzean elbarri baten moduan itzuli nintzen etxera, ibili ezinik, 20 minutuko bidea egiteko ordubete erabiliz. Neskek Larunbat gauetan bezala, oinetakoak eskuetan eramatea ere pentsatu nuen, baina oraindik ez zuen ilundu eta lotsa eman zidan. Etxean zapatak kentzean ikusi nuena hobeto ez dizuet kontatuko, baina sentitu nuena… Pentsatzen ari zaren horren pare, ia ia.

Michael Jackson, Thriller

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude