Publizitate kanpainak udako abestiz mozorrotuta

by VoxEfx, Flickr
by VoxEfx, Flickr

Batzuk udako abestiaren generoaren maisu bilakatu ziren eta urtero, halabeharrez hit bilakatzen zen abesti bat kaleratzen zuten. Badira ezustean ere gorenera heldu zirenak ere. Baina non dira orain melodia horiek? Ez dira guztiz galdu. Azken urteotan publizitateak jarri dio musika (eta mezua) udari. Oroitzen Coca-colaren Del pita del abestia, adibidez? Taberna guztietan saiatu ginen duela uda batzuk sabel dantzaren mugimenduak errepikatzen (arrakasta gutxirekin gehienetan).

Udak bere toke “horteroa” izaten jarraitzen du. Eguzkiak gorritutako giri mozkorrak, hondartzetako terrazetako plastikozko paellak edota sangria litroak bezain beharrezkoak dira udako abestiak, udarak uda izaten jarraituko badu. Urtero, ekaina edota uztaila partean abesti itsaskorrak, inozoak, zentzurik gabeak askotan, kaleratu ohi zituzten lehen musikariek. Memorizatzeko lau hitz erraz behin eta berriz errepikatuz, taberna guztietan eta uneoro entzun ahal genituen.

Duela hiru urte MTV-ren Amo a Laura ospetsua heldu zen. Hasieran, gazte puritano batzuen abestia zela uste genuen. E-mailak eta e-mailak bete zituen youtube-ko esteka hark, oraindik, halako jendea nola existitu zitekeen galdetzen genuen bitartean. MTV musika katearen marketing viral kanpaina potentea baizik ez zen, ordea. BBDO publizitate agentzia garrantzitsuak ongi baino hobeto pentsatutako marketing viral kanpaina, hain zuzen ere.

Baina publizitateak udako abestien generoan egin duen eskusartzearen adibide garbiena ONCEren eskutik heldu zitzaigun. ONCEren udako abestia izena zuen, hain zuzen ere kanpainak. Aberats izateko aukerak loteria erostea edota udako arrakasta bilakatuko zen kantua konposatzea zela zioen mezuak. Honen atzean ere, Tandem DDB publizitate agentzia handia zengoen. Spot-en “kutre” itxura hori guztiz pentsatua zegoen.

Arrakasta handienetakoa Tu me das cremita izenekoak lortu zuen:

http://www.youtube.com/watch?v=v4keI1fWM2g

Aurten ere ONCE-k duela bost urteko arrakasta errepikatu ez badute ere, gure belarrietara heldu dira Rocio Juradoren Como una ola abestiraren bertsioarekin. Badirudi, gainera, aurtengoa bertsioen urtea dela, Kas-ek ere Al Bano eta Romina Power-en Felicidad abesti mitikoaren moldaketa egin baitu; Felicikas. Eta ez arrakasta gutxirekin, gainera.

Lehen, Aserejé já dejé dejebe tu de jebere sebiounouva, majabi and de bugui and de buididipi, edo, dale a tu cuerpo alegría Macarena leloak ozen abesten genituen. Orain, ordea, jakin beharko genuke, udako abestiz mozorrotutako kantuen atzean publizitate mezu bat baino ez dela ezkutatzen. Eta melodia inozoen atzean enpresa batek ongi baino hobeto ordaindutako kanpaina dagoela.

Markentzat mauka ederra da halako abesti batek ospea hartzea, ahoz-ahoko publizitatea bezalakorik ez baitago; merkeena eta eraginkorrena baita. Horregatik saiatu, urtero saiatzen dira eta saiatuko dira, oraindik ere. Agian egia izango da ONCEko anuntzioek ziotena, aberats egiteko modurik errazena (loteria tokatzearena estatistika kontuengatik alboratuz gero) udako abesti bat konposatzea izan daiteke eta enpresak jabetu dira aukeraz.

Eta udako abesti “ofizialak” berriz azaldu bitartean “klasikoei” eutsi beharko diegu. Horien erritmora dantzatzen jarraituko dute gauek gure tabernetan.

Marketig, publizitatea, Udako abestia

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude