Poeten garaia

yourgoodisatwodoorelevator.flickr
yourgoodisatwodoorelevator.flickr


Mugimendu guztiek sortu ohi dute inguruan inpakturen bat, txikia izanik ere, nabaria. Aldaketa guztiek, aldaketa direlako hain justu ere, aurrez existitzen ez zen zer edo zer sortu ohi dute, eta ikusgarria izan ohi da, begiratu nahi duenarentzat behinik behin, ondorengo eta aurreko egoeraren arteko aldea.

Krisia, desazelerazio azeleratua, kalapita… nahi den moduan deituta ere, halaxe pasatuko da geure bizitzetatik, arrastoren bat utzita, esan nahi da. Nolakoa, ordea?

Erabat sendo ziruditen uste batzuk desegiten hasi dira. Etxe bat izatea ez da jadanik amestu daitekeen ongizatearen azken geltokia, urteetan hala sinistarazi eta sinistu badugu ere. Lehen hamar balio zuenak zenbat balio du orain? Auskalo. Lehen segurtasuna ematen zigunak aparteko izua sortzen digu hilero-hilero. Lehen egonkortasuna ematen ziguten egiturak (direla instituzioak, direla banku edo aurrezki-kutxak) dar-dar ikusten ditugu orain. Nori eskatu ahal izango dizkiogu aurrerantzean geure bizimoduari eusteko nahitaezkoak diren segurtasuna eta konfiantza? Auskalo.

Eta bihar edo etzi, zer etorriko zaigu? Geurea da ongi bizi ahal izateko bitarteko nahikoa eskura izan duen azken belaunaldia? Zer geratuko da hemendik, nola edo hala, ateratzean?

Azterketa sakon eta funts handikorik ez dut neuk egingo. Ausardiaren eta ausarkeriaren arteko aldeari zor diot zuhurtzia. Sistema makro ekonomikoari zein eratako zauriak ireki dizkion honek guztiak ez dakit nik, ezta ondotxo dakitela dioten askok eta askok. Baina susma dezaket, nola edo hala, egoera honek gugan utz ditzakeen erretenen sakontasuna, eta baita horren adibide bakan batzuk aditu ere. Inguru hurbilean, horietako asko, gainera.

Azalpen teoriko eta zientifikoak nonahi irakurri eta entzun daitezke. Beste azalpen hori, aldaketen nondik norakoa erakutsi dezakeena, falta zaigu. Beharbada, toki okerrera begiratzen ari gara argi bila. Arazoa sortu duenak eman dezake irtenbide egokia? Auskalo.

Zientzialariak, zientzialari diren neurrian, datuak, aukerak, abisuak ematen dizkigute. Gomendioak adierazten dizkigute. Ez da beren egitekoa emozioez hitz egitea. Hori poeten erantzukizuna da.

aldaketa, garaiak, gogoeta, krisia, poetak

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Zer duzu buruan “Poeten garaia”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude