Patxi Usobiagak irabazi du Durangoko Masterra

Patxi Usobiaga, Jacob Schubert (ezkerrean) eta Chris Sharma (eskuinean)
Patxi Usobiaga, Jacob Schubert (ezkerrean) eta Chris Sharma (eskuinean)

Usobiagarekin batera Jacob Schubert-ek eta Chris Sharmak osatu zuten Dur&GO Masterreko podiuma. Schubert eta Usobiaga izan ziren bideko gunerik zailena gainditu zuten bakarrak. Sharmak antolatzaileek wild cardaren bidez finalerako sailkatu izana justifikatu zuen. Abiadura probetan ez da hain abila, baina arroketako eskaladari parekatzen zaion erronka  bat jartzen diotenean bere saltsan aurkitzen da.

Antton Zabala eta Gorka Karapeto (herenegun kanpoan geratu arren, antolatzaileek finalean sartu zuten merituak egin zituela iritzita) ondo aritu ziren, baina biek ere eman zutena baino gehiago eman zezaketen. Eskaladan, ordea, huts txiki batek heldulekua galduarazten badizu, ez dago bigarren aukerarik. Biak ere penatan geratu ziren. Mikel Ziarrusta bigarren euskalduna izan genuen zazpigarren tokian.

albiste1-2

Emakumeetan finalisten erdiak iritsi ziren goraino. Irabazlea erabakitzeko lau eskalatzaileak gizonentzako eratutako bidean lehiatu ziren. Denek ere txukun aritu arren, Mina Marcovic-ek meritu osoz irabazi zuen. Bigarren geratu zen 16 urteko Johanna Ernst eta hirugarren Angela Eiter.

Giro ezinhobean jokatu ziren finalak. Erruz hurreratu zen jendea Euskal Herri osotik. Antolatzaileak sailkatzen faseko asistentziarekin pozik bazeuden, zer esanik ez atzokoarekin: “Ikaragarria da. Berriz ere argi geratu da Euskal Herrian eskaladak ikusmin handia sortzen duela”, adierazi zuen Inaki Erdoiza Dur&Goko antolatzaileetakoak.

Finaleko irudi gehiago

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria