Oilo estresatuen arrautzarik ez

NDAyNw==Papereko ZuZeu erosi nuen Durangon, bertan azaltzen ziren gai gehienak interesgarriak izango zirela pentsatuz. Azalean zetozen denen artean arrautzak zaintzearena zen gutxien erakartzen ninduena “Zaindu zure arrautzak, maitea” izenburua ez nuelako neure egiten, ez baitut haiekin (arrautzekin, alegia) atxikimendurik sentitzen, supermerkatuan erosi eta zartaginerako bidean, hozkailuan dauden bitarte horretan.

Baina, gainetik begiratzen ari nintzela, artikuluaren lehenengo esaldia irakurri eta Garay jaunak idatzitakoak kontsumitzaile kontzientzia esna arazten zidala sumatu nuen. Testua bukatzeko denborarik hartu gabe, sukaldera joan eta hara non ohartzen naizen halako bilgarri ekologiko-biologiko itxurakoaren barruan, arrautzak ez direla nik espero bezala 0 kategoriakoak, 3-koak baizik. A ze disgustua!

Nire atsekabea txikia zen lagunak izan zuenarekin konparatuta, bion artean bera baita gure elikagaien jatorri naturalarekin jarrera arduratsuena daukana. Ezin zuen jasan, gauzak ahal den ondoen egin nahi eta merkatuaren zabarkeriagatik oilo estresatuen arrautzak jan behar. Haren nahigabearekin bat egin nuen eta, denborarik galdu gabe, dendara joan ginen egoerari aurre egiteko. Kodea ikusi behar genien kosta ahala kosta ditxosozko arrautzei. Apalean zeunden lau markakoak -labelekoak barne- begiratu genituen bati prezintua eta guzti kenduz, parean zegoen harakinaren gaitzespen keinuari jaramonik egin gabe.Eta haietatik bakar batek besterik ez zuen zaintzen guk nahi genuen kalitatea.

Egun badakigu zein arrautzak erosi. Aukeratutako horiek dauzkagu hozkailuan. Eta ez dakit zergatik -akaso horrelako azterketa sakona egitearen ondorioz-, baina arrautzak pixka bat nireagoak sentitzen ditut orain.

Arrautz kontuak

Irudia | arrautz-kontuak | ZuZeu | Creative Commons By SA
Irudia | Arrautz kontuak | ZuZeu | Creative Commons By SA

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

5 pentsamendu “Oilo estresatuen arrautzarik ez”-ri buruz

  • Iñakito Garay 2010-12-12 20:36

    San Sebastian andere agurgarria, asko pozten naiz ezertarako balio izan badizu(e) nik idatzitakoak. Ez dugu elkarren ezagutzarik, eta ezin esango dizut “maitea”, baina bai beste hau: jarraitu zeure arrautzak zaintzen, anderea.

  • […] This post was mentioned on Twitter by zuzeu, Iñigo Arandia. Iñigo Arandia said: RT @zuzeu Oilo estresatuen arrautzarik ez: http://bit.ly/i6kmFx <== Paperezkoan irakurri nuen, orain beti begiratuko dut, 1 eta 2 bila. […]

  • Arantza:

    0 kategoriako arrautzak aurkitzea ez da erraza izaten, baina 1 kategoriakoak denda guztietan daude. Normalean “camperas” edo halako zerbait jartzen du.

    1 kategoriako arrautzak errun dituzten dituzten oiloak ez dira estresatuak bizi, ez dute elikagai ekologikorik jaten, baina ez dira estresatuak bizi….

  • Aitor, hala da, 1 motakoak ere lasai bizi diren oiloenak omen dira, baina hausnarketa sakona egin ondoren, gero eta zalantza gehiago ditut. Demagun kaioletan pilatuta bizi diren oiloek, 3. multzokoek, zoriontsu bizitzeko moduren bat garatu dutela bizi duten egoera larriari adaptazio prozesu baten ondorioz. Hona nire galdera: eta jakinduria hori transmitituko balizkigukete 3 kategoriako arrautza horien bidez?

  • Ez dut uste mokoa ebakia duen hegazti bat eta mugitzeko lekurik ez duena zoriontsua izan daitekenik.

    Dena den, ez dut uste oilo baten zoriontasuna gurearekin konparatu daitekenik…. edo nork daki.