Nork irabaziko du Frantziako Tourra?

Carlos Sastre iritsiz en horiz Parisera iaz.
Carlos Sastre iritsiz en horiz Parisera iaz. cc-by. Celos Flores. Flickr
Zuzeulari txirrinduzale honek hautagaiak sailkatu ditu bere iritzi apalean ‘La Grande Boucle’-a irabazteko dauzkaten aukeren arabera. Gainera, Tourrean zehar, atseden egunetan konkretuki, egindako zerrenda eguneratuko du ondo egindakoak -baldin badaude behintzat- eta akatsak azpimarratuz. Hona hemen zerrenda:

1. Alberto Contador:

Alde: Momentuko eskalatzailerik onenetakoa da eta erlojupekoan onenen pare ibil daiteke. Oso talde indartsua du eta badaki zer den Parisen horiz jaztea. Dauphine Liberén onenen artean ibili zen indarrak gehiegi xahutu gabe.

Aurka: Areriorik garrantzitsuena bere taldean bertan eduki dezake eta Armstrongek gehiegi agintzen du Astana taldean.

2. Lance Armstrong:

Alde: Bera da Tourra irabazteko errezeta ondoen ezagutzen duena. Girorako 3 astez bakarrik entrenatu zen eta 12. bukatzeko gai izan zen. Tourreko talderik indartsuena izango du bere zerbitzura.

Aurka: Honek ere arerio garrantzitsuena “etxean” edukiko du. Tour honetan erlojupekoek garrantzia handia dute eta txirrindularitzara itzuli denetik ez du lehenago zuen maila erakutsi arlo honetan.

3. Cadel Evans:

Alde: Erlojupekoetan denbora atera diezaieke aurkariei eta mendian eusten espezialista da. Dauphine Liberé-n erakutsi zuen oso indartsu dagoela. Hirugarrenez jarraian egingo al du bigarren?

Aurka: Badirudi Montekarlora iristean bera izango dela indartsuena, baina iraungo ote du Mont Ventoux arte? Azken aurreko etapa horrek erabakigarriegia dirudi Tour hasierara australiarra bezain indartsu iristen den batentzat. Faborito nagusien artean bera da talde ahulena duena.

4. Denis Menchov:

Alde: Espainiako Vuelta eta Italiako Giroa irabazi dituen batek Frantziako Tourra irabazteko gaitasunak badituela argi dago. Aurtengo Giroan etapa mota guztietan erakutsi zuen indarra uztailera ekartzen badu, podiumaren lehen koxkatik hurbil ibiliko da.

Aurka: Orain arte Tourrean beti eduki du egun txarren bat eta ezinezkoa da itzuli handi bat horrela irabaztea. Giroan galdutako indarrek freskotasuna kenduko diote eta egun txar horretarako probabilitateak handitu.

5. Carlos Sastre:

Alde: Lehengo urtean irabazi zuen Tourrean eta aurtengo Giroan mendian arerioei denbora ateratzeko gai dela argi utzi du. Itzuli handien bukaerara oso ondo iristen da eta Mont Ventouxera liderrarekin denbora gutxi galduta iristen bada, oso arriskutsua izango da. Badaki zer den Tourra irabaztea.

Aurka: Erlojupekoetan denbora gehiegi galtzen du eta denbora asko berreskuratu beharko du azken aurreneko etapa hortara sailkapen nagusiaren borrokan iristeko.

6. Levi Leipheimer:

Alde: Hautagaien artean erlojupekoetan ondoen ibiltzen dena da eta mendian aurrenekoekin ibil daitekeela erakutsi du. Giroan seigarren egin zuen eta entrenatzera soilik joan zela esan du.

Aurka: Oilar gehiegi oilotegi berean. Bi faborito nagusiak bere taldean ditu eta biek egin beharko lukete kale Leipheimerrek taldea bere alde izan dezan.

7. Andy Schleck:

Alde: Aurtengo Liege-Bastogne-Liege-ean eta lehengo urtean Alp D’Huez igotzen erakutsi zuen oso gutxik jarrai diezaioketela errepideak gora egiten duenean. Bere anaia Frank ez bezala, ondo moldatzen da erlojuaren kontra. Oso talde indartsua du.

Aurka: Oraindik gaztea da eta akatsik gabeko Tour bat egitea zaila da. Erlojupekoek garrantzia handia dute eta ez da moldatzen behar bezain ondo.

8. Christian Vande Velde:

Alde: Lehengo urteko maila lortzen badu eta erorketekin zortea edukiz gero, podiumetik hurbil ibiliko da. Eskalatzaileeik denbora asko atera diezaieke erlojupekoetan.

Aurka: Aurtengo denboraldian ez du maila onik erakutsi eta talde desegokia du mendian lan egiteko.

9. Roman Kreuziger:

Alde: Mendian gora eta erlojupekoan oso ondo moldatzen da. Suitzako Itzulian eta Romandiako Itzulian ikusi genuen itzuli handi bat irabazteko dohaiak badituela. Mendian gora oso talde indartsua du Pellizzotti eta Nibali-rekin.

Aurka: Andy Schleck bezala oso gaztea da eta itzuli handietan hark baina esperientzia gutxiago du. Hurrengo urtetan gorago egongo da, baina oraindik ez.

10. Robert Gesink:

Alde: Dauphine Liberé-n bezain azkar ibiltzen bada mendian gora, lan handiak emango dizkie faborito nagusiei. Erlojupekoan ere ez da hanka motza.

Aurka: Tourra irabazteko gazteegiak diruditenen taldean dago Gesink. Gainera, Menchov-entzat lana egitea egoki dakioke.

11. Kim Kirchen:

Alde: Kirchenek 2007an egindako Tourra  eta Team Columbia egiten ari den denboraldia nahastuta, badirudi txirrindulari honek oso goian ibili behar duela.

Aurka: Badirudi etapak irabazteko sailkapen nagusirako baino egokiagoa dela. Puntu bat falta zaio bai mendian gora, bai erlojupekoan.

12. Mikel Astarloza:

Alde: Inoiz baino hobeto eta inoiz baino freskoago dagoela esan du Mikelek. Erlojupekoetan duen mailak eta sufritzeko gaitasunak 10 lehenen artean sartzeko probabilitate handia ematen dio. Euskalduna da, kar, kar, kar.

Aurka: Orain inoiz baino hobeto baldin badago, nola egongo da Mont Ventoux igotzea tokatzen zaienean?

12. Besteak:

Frank Schleck, Vincenzo Nibali, Maxime Monfort, Luis Leon Sanchez, Andreas Kloeden, Fabian Cancellara, David Millar, Igor Anton… zerrendak amaigabea dirudi. Txirrindulari asko egongo dira Montekarlon Parisen lehenengo hamarren artean egoteko asmoarekin, edo gorago agian. Hasiera batean, besteen artean sartu ditugu, baina Tourrean zehar ikusiko dugu hortik gora egiteko aukera duten.

Matematikaria formakuntzaz,Vicomtech ikerketa zentroan dabil lanean, eta zenbakiak bezain beste gustatzen zaizkio txirrindularitza eta 3gabe2 musika taldearekin kontzertuak ematea.