Nork irabaziko du Frantziako Tourra? (II)

Amstrong eta Contador Tourra irabazteko faborito bi.
Amstrong eta Contador Tourra irabazteko faborito bi.

Tourreko antolatzaileek oso garbi daukate ikusleok telebistari itsatsita eduki nahi gaituztela Mont Ventoux mendi biluziaren azken aldapetaraino. Hori dela eta, egun hartara sailkapen nagusia parekatuta irits dadin osatu dute aurtengo ibilbidea. Horregatik eta txirrindularien ausardia faltagatik, gatz eta piper gutxiko Tourra ikusi dugu orain arte. Hala ere, izan dira ezustekoak eta hautagai nagusien artean sartu nituen batzuk Tourra irabazteko aukera oro galduta dabiltza eta beste batzuk sartu dira hautagaien taldean. Hona hemen pronostiko berria, duela astebete eta orain egindako iruzkinez osatuta (parentesi artean Tour haseran egindako aurreikuspena):

1. Alberto Contador (1):

Zer nioen: Momentuko eskalatzailerik onenetakoa da eta erlojupekoan onenen pare ibil daiteke. (…) Areriorik garrantzitsuena bere taldean bertan eduki dezake eta Armstrongek gehiegi agintzen du Astana taldean.

Zer diot: Contadorren egoera oso gutxi aldatu da. Andorran erakutsi bezala, Txirrindularirik indartsuena izaten jarraitzen du, baina bere areriorik garrantzitsuena etxean du eta bere denbora berdinean dago.

2. Lance Armstrong (2):

Zer nioen: Bera da Tourra irabazteko errezeta ondoen ezagutzen duena. (…) Honek ere arerio garrantzitsuena “etxean” edukiko du. Tour honetan erlojupekoek garrantzia handia dute eta txirrindularitzara itzuli denetik ez du lehenago zuen maila erakutsi arlo honetan.

Zer diot: Argi dago ez duela aurreko 7 Tourrak irabazteko errezeta erabiliko. Bestela, honez gero 3 minutu aterako lizkioke bigarren sailkatuari. Erlojupekoetan jasandako beherakada ikusi genuen Montekarlon, baina ez dio denbora gehiegi galduarazi. Lehen baino argiago dugu bere taldean duela aurkari nagusia.

3. Andy Schleck (7):

Zer nioen: Aurtengo Liege-Bastogne-Liege-ean eta lehengo urtean Alp D’Huez igotzen erakutsi zuen oso gutxik jarrai diezaioketela errepideak gora egiten duenean. (…) ondo moldatzen da erlojuaren kontra.

Zer diot: Astana talde ahaltsuari aurre egiteko indarra eta ausardia duen bakarra edo bakarrenetakoa da. Tourrak orain arte falta izan duen ikuskizuna emateko hautagaia dugu Schleck anaia txikia.

4. Levi Leipheimer (6):

Zer nioen: Hautagaien artean erlojupekoetan ondoen ibiltzen dena da eta mendian aurrenekoekin ibil daitekeela erakutsi du. (…) Bi faborito nagusiak bere taldean ditu.

Zer diot: Bere egoera ez da gehiegi aldatu etapa hauetan. Bi faborito nagusiak aurretik dauzka sailkapen nagusian eta taldearen hierarkian. Hala ere, hautagai asko desagertu dira lehenengo postuetatik eta podiumean sartzeko borrokan ibiltzeko aukera gehiago ditu orain.

5. Carlos Sastre (5):

Zer nioen: Itzuli handien bukaerara oso ondo iristen da eta Mont Ventouxera liderrarekin denbora gutxi galduta iristen bada, oso arriskutsua izango da. (…) Erlojupekoetan denbora gehiegi galtzen du.

Zer diot: Alpeetan eta Mont Ventoux-en erasoan ikusiko dugu ziur. Hala ere, orain arte galdutako denbora eta Annecy-ko erlojupekoan galduko duena berreskuratzea zailegia da eta podiumaren borrokarekin konformatu beharko du.

6. Cadel Evans (3):

Zer nioen: Erlojupekoetan denbora atera diezaieke aurkariei eta mendian eusten espezialista da. (…) Faborito nagusien artean bera da talde ahulena duena.

Zer diot: Taldearen ahultasunak eta zorte txarrak asko atzeratu dute sailkapen nagusian. Hemendik aurrera indartsu eta erasoan ikusiko dugu, baina 18. postutik podiumera koxka gehiegi daude.

7. Christian Vande Velde (8):

Zer nioen: Lehengo urteko maila lortzen badu eta erorketekin zortea edukiz gero, podiumetik hurbil ibiliko da.

Zer diot: Lehengo urteko mailara iritsi dela dirudi eta podiumaren lehian ibil daiteke. Gainera, bere taldea inoiz baino indartsuago dabil, mendian ere.

8. Andreas Kloeden (-):

Zer nioen: Besteen artean besterik ez nuen aipatu.

Zer diot: Astanako guztiak bezala, indartsu dabil. Gainera, taldeko independenteena da eta agian ez du taldekideentzat lan egin beharko. Aurretik zapaldutako podiuma gertu ikusten du.

9. Denis Menchov (4):

Zer nioen: Aurtengo Giroan etapa mota guztietan erakutsi zuen indarra uztailera ekartzen badu, podiumaren lehen koxkatik hurbil ibiliko da. (…) Giroan galdutako indarrek freskotasuna kenduko diote eta egun txar horretarako probabilitateak handitu.

Zer diot: Ez du Giroan erakutsitako indarrik erakutsi eta sailkapen nagusian galduta dabil. Hala ere, aurrean ibiltzeko asmoa du eta ikuskizuna emango duenetako bat da. Lehen hamarren artean lekua ere eduki dezake.

10. Vincenzo Nibali (-):

Zer nioen: Besteen artean besterik ez nuen aipatu.

Zer diot: Roman Kreuziger jo nuen Liquigas-eko txirrindulari garrantzitsuentzat, baina astebete nahikoa izan du Nibalik hierarkia hori iraultzeko. Gazteen leihaketan zer esan edukiko du eta hamar lehenak ere ez ditu urrun edukiko.

11. Tony Martin (-):

Zer nioen: Aipatu ere ez nuen egin.

Zer diot: Columbia talde ahaltsuan Monfort eta Kirchen-ek indartsuagoak ziruditen, baina alemaniar gazte honek errendimendu hobea izan du. Hala ere, Tourra luzeegia egingo zaiola esango nuke. Hurrengo urteetan gehiago hitz egingo dugu mutil honi buruz.

12. Bradley Wiggins (-):

Zer nioen: Aipatu ere ez nuen egin.

Zer diot: Gutxik esango zuketen Wiggins hain goian egongo zela lehen atseden egunean. Erlojupekoan bere maila eman du eta maldan gora onenekin ibili da. Giroan bezala Tourraren 20 egunak gehiegi izango dira britainiarrarentzat.

13. Mikel Astarloza (12):

Zer nioen: Inoiz baino hobeto eta inoiz baino freskoago dagoela esan du Mikelek. (…) Euskalduna da, kar, kar, kar.

Zer diot: Denbora dexente galdu zuen eta baita ihesaldi bidez berreskuratu ere. Hemendik aurrera etapa garaipenaren jokoan ibiliko da eta horrek hamar lehenen artera eraman dezake.

14. Besteak:

Multzo honetan denetik dugu: Hautagaien artean sartu eta orain zeregin gutxi dutenak (Roman Kreuziger (9) eta Kim Kirchen (11)); honez gero etxera joan den bat (Robert Gesink (10)); epel antzera jarraitzen dutenak (Luis Leon Sanchez, Maxim Monfort, Frank Schleck); dagoeneko aipatzerik merezi ez dutenak (Fabian Cancellara, David Millar, Igor Anton) eta orain aipatzea merezi dutenak (Vladimir Karpets, Vladimir Efimkin).

tourra, txirrindularitza

Matematikaria formakuntzaz,Vicomtech ikerketa zentroan dabil lanean, eta zenbakiak bezain beste gustatzen zaizkio txirrindularitza eta 3gabe2 musika taldearekin kontzertuak ematea.

Zer duzu buruan “Nork irabaziko du Frantziako Tourra? (II)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude