Nire tribua

Ni eta nire tribukoak ez gaituzte ondo ikusten toki askotan: arraun munduko Real Madril garela, ijito deitzen digute eta beste hamaika gauza.

Alde batera utziko dut ijitoena, kontu horri oso erantzun aproposa eman baitzion Andu Lertxundik Berria egunkarian. 

Real Madrilekiko konparaketari helduko diot. Bai, badugu antza, bai, tribu horretakoekin, baina ez “kirolari galaktikoak” fitxatzen ditugulako. Izan ere, Real Madrilek munduko jokalari onenak fitxatu nahi izaten ditu, eta fitxatu egiten ditu; gure tribukoak, berriz, esportatzaile dira inportatzaile baino gehiago. Ikusi besterik ez dago beste traineruetan dabiltzan oriotarren zerrenda. Gurea harrobia da, eta horrek Real Madriletik desberdintzen gaitu.

Baina, esan bezala, badugu antza Real Madrilekin. Real Madrileko tribukoek garaipenak bakarrik ospatzen dituzte, bigarren geratzea porrota delako, hirugarren, laugarren edo azkena geratzearen adinako porrota. Ez dute ospatzen bigarren geratzea, eta guk ere ez genuen ospatzen, eta, nire ustez, ez genuke ospatu beharko: lehen, behintzat, horrekin ez genuen zer ospatua.

Guretzat porrota zen hori. Gure zahar asko, gure iraganeko estropalari asko, ilunpetan eta sasian sartzen ziren herrira banderarik gabe geratzen zirenean. Eta haiekiko errespetuz jokatu eta bakarrik banderaren errezibimendua ospatu beharko genuke. Hori, eta ez besterik. Banderaren errezibimendua horixe delako: bandera ekartzea ospatzen da, horixe delako irabaztea, eta gainerako guztia ez da irabaztea, oso estropada ona eginagatik ere.

Orioko estropalariek –gizonezkoek eta emakumezkoek– egindako lana txalotzeko eta goraipatzeko, beste egun bat jarri beharko litzateke; Orioko Estrolapalarien Harrotasun Eguna, adibidez. Beste egun bat, beste data batean, banderaren errezibimendutik bereizita.

Izan ere, esango nuke galtzen ari garela besteengandik bereizten gintuen ezaugarri nagusia. Hau da, besteen pare jartzen ari gara, zoritxarrez.

Garaipenak bakarrik ospatzen ditugunak gutxi gara munduan. Bigarren geratu eta ospakizunetan murgiltzen direnak, berriz, nonahi ikusten ditut: tribu txuri-urdinekoek ligan bigarren geratu zirela ospatu zuten, tribu zuri-gorriak ere majo ospatu zuen Kopako azpitxapeldun izatea… Guk ere horrelakoak izan nahi dugu?

Nik uste dut ezetz. Guk garaile sena geneukan –daukagu?–, eta ez irabaztearekin sufritu egiten genuen –dugu?–. Urte asko pasa ditugu kanpotarrei hori zer den azaltzen. Orain bertakoei azaldu beharko diegu?

Oriokoak estropadetan

Irudia | Oriokoak estropadetan | Ezezaguna | Creative Commons By SA

4 pentsamendu “Nire tribua”-ri buruz

  • Aupa Orioooooooo!

  • Arrazoia galanta.

  • kirola gutxiagotasun konplexua goxatzeko darabilenik badela ikusten det. kirola beste zerbait da nere ustez. garaipenak berriz… zuk zeuk lortzen dituzun horiek.

  • Gogoan dut nola, orain urdinez dabilen Orioko entrenatzaile batek, balkoitik bota zuen behin: “bigarren geldituta negar egiten dugulako gara onenak”. Orain negar ez, mozkortu egiten gara.
    Gogoan dut baita ere bigarren geldituta eginiko lehen errezibimenduan (ez dira hainbeste urte) taberna bateko terrazan geratu ginela koadrila osoa, haserre jendearen pozarekin.
    Denborak aldatzen dira…