Mugikortasun aukerak: “Bizikletan, muga bakarra elurra eta izotza dira”

Donostiako bidegorriaOinez, trenez, autoz… Bizikleta ere bada euskaldun askoren garraiobide nagusia lanera joateko. Erregaiaren prezioaren etengabeko gorakadaren eta hirietako eta herrien arteko bidegorri sarearen zabaltzearen ondorioz, bizikletak geroz eta zale gehiago ditu. Mikel Donostiako Gros auzoan bizi da eta goizero, bizikleta hartu eta Igarako poligonoraino doa pedalei eraginez.

Zergatik aukeratu duzu bizikleta lanera joateko?

Gaztetan asko ibili izan naiz bizikletan, oso bizikleta zalea naiz; beraz, nire bizitzaren parte oso garrantzitsua dela esan nezake, asko gustatzen zait eta ahalik eta probetxu gehien ateratzen saiatzen naiz; hau da, ahal dudan toki gehienetara bizikletaz joaten saiatzen naiz; gustuko dudalako batetik, eta kotxea ez haratzeagatik, bestetik.

Egunero-egunero zoaz bizikletaz, ala bada salbuespenik?

Egunero. Ez dut egun batean ere hutsik egiten. Euria ari badu, euritako kapa eta txanoa jarri besterik ez dut egin behar. Dena den, bulegoan beti izan ohi dut aldatzeko arropa, badaezpada ere. Muga bakarra egun hauetako elurrak eta izotzak izan dira, gurpilek irrist egiten baitute eta arriskutsu samarra da… Haize zakarregia ari badu ere, oso ondo pentsatzen dut bizikleta hartu aurretik.

Zer abantaila ditu bizikletan lanera joateak?

Dena dira abantailak, nire kasuan behintzat, aukera hori baitut. Hasteko, ikaragarri merkea da: ez du erregairik behar, ezta asegururik, ez duzu zergarik edo bidesaririk ordaintzen, doan aparkatzen duzu eta ez zara erotzen aparkatzeko toki bila. Denbora aldetik, kotxeak oso alde gutxi ateratzen dio –goizetako trafikoa kontuan hartuta–, eta autobusa bezain azkarra –edo azkarragoa zenbaitetan!– da. 25-30 minututan bulegoko atean nago. Eta kirola egiteko aukera paregabea da! Gainera, oso umore onean heltzen naiz lantokira, fresko eta irribarretsu. Ez dut kaferik behar!

Eta zer alde txar ditu?

Apenas. Eguraldi oso txarra egiten duenean, adibidez, ez da batere atsegina bizikletan ibiltzea; edota traste asko edo pisudunak garraiatu behar baditut, gehiago kostatzen zait. Baina tira, ariketa fisiko gehigarria da hori!

Ez ditzagun arriskuak ahaztu…

Noski, noski; kontu handiz ibili behar da, zeure gorputzak jasango baititu kolpe denak. Bizikleta oso garraiobide polita da, baina zentzuz ibili behar da. Kaskoa beti buruan, abiadura egokia eta gainontzeko pertsonak, bai oinezkoak eta baita txirrindulariak ere, errespetatuz. Eta nola ez, entzungailurik gabe! Eta errepidera irteterakoan, oso-oso adi, batez ere aparkatuta dauden autoekin, edozein momentutan bat atera daiteke eta zure kontra joz gero… Tira, imajina dezakezue panorama.

Zer esaten dizute lankideek?

Erotuta nagoela diote gehienek! Euripean edota haizearen kontra, ez dut bizikleta etxean uzten. Batzuk hasi dira bizikleta hartzen nire eraginez, baina ez beti –badakizue, eguraldia, ordutegiak…–. Beste batzuek inbidia dute, haiei ere gustatuko litzaieke bizikletaz etortzea, baina urrutiegi bizi dira, edo biderik ez dago, edo aldapa asko dituzte bidean. Pena da Euskal Herria horren menditsua –eta euritsua!– izatea.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

4 pentsamendu “Mugikortasun aukerak: “Bizikletan, muga bakarra elurra eta izotza dira””-ri buruz

  • Kar kar kar! Argi dago hemen ez gaudela elurretara ohituta… Ni noizbait joan izan naiz elur artean bizikletan… kontuz ibilita, ez dago arazorik, baina kaleetan boatzen duten gatzak asko hondatzen du bizikleta. 🙁

  • Ez nago batere ados titularrarekin, elurrarekin oso ondo ibil daiteke bizikletaz, nondik ibili jakinez gero. Egun hauetan norbaitek bizikletaren eta kotxearen artean aukeratu nahi badu bide elurtuetan ibiltzeko, zalantzarik gabe seguruagoa iruditu zait bizikleta, elur erori berritik ibiliz gero. Izotza beste gauza bat da.

    Niretzat okerragoa da euria egiten badu, orduan bai gutxiago animatzen naizela bizikleta erabiltzen.