Mont Ventoux, Tourreko epaile

Lehen astea: erlojupekoa eta Pirinioak

Aitzin etaparik ez dugu aurtengoan, 15.5km-ko erlojuaren aurkako bat izango dugu Montecarlon. Ibilbide itoa izango dute aurrean, 4.mailako aldapatxo bat izango dutelarik tartean. Dudarik gabe, distantziak marka ditzakeen erlojupekoa. Aipagarria, 1 Formulako zirkuituan barna egingo dela ibilbidearen zati bat.

Frantziako Kosta Urdin inguruetan, gizon azkarrek bi etapa izango dituzte beraien maillotak agerian uzteko. Indarrak pil-pilean egonik, erorikoak saihestea izango da tropeltxoko gehiengoaren jomuga. Man Irlako mutil txikia ez da urruti ibiliko.

Laugarren etapa izan daiteke Tourreko lehen giltzarria. Taldekako 39km-ko erlojupekoa, talde indartsuak:  Astana, Columbia, Saxo Road, Garmin… aurrean izango ditugu. Aurtengo berritasuna, denbora errealak kontuan hartuko direla da. Beraz, talde txikiek eduki dezaketen galera, benetan larria izan daiteke kasuren batean. Euskaltel-Euskadiren gurutze-bidea begi bistan. Urbasan egindako entrenamendu saioak zerbaitetarako balio izan ote du?

Katalunia aldera egiten digu ibilbideak, sprinterrentzat etapa egokia Perpinyakoa. Bartzelonan, klasikozaleren bat izan daiteke lehenbizikoz besoak altxa ditzakeena. Montjuiceko gainean, abiaduraz gain, indar puntu bat ere beharko baita! Columbiaren bat baietz!

Uztailaren 10a dugu lehen mendiko etapa. Andorrara bidean, etapa gogorra egingo da, seguru, garapen aldaketaren oinetako zama-minak bat baino gehiago utziko du bere garaipen esperantzetatik at. Etapa oso argigarria izango da. Andorratik aurrera,  etapa ehizara zuzendu beharko duen faboritoren bat baino gehiago sortuko da tropelean! Lehen ihesaldia Saint Gironsen izan baietz!  Envalira, Port eta Agnesek etapa gogortuko dutela zalantzarik ez. Hala ere, nire ustez, oilarren mugimendurik ez da izango.

Roberto Laiseka, Tourmaleten garaile, 2001 urtean.
Roberto Laiseka, Tourmaleten garaile, 2001.

Igandea, Uztailak 12.  Euskaldunontzat eguna, Pirinioen bihotzean, Aspin eta Tourmalet zaharra. Tourmalet, Txirrindularitzaren epikaren erakusgarri, Pirinioetako erregina eta lepo mitikoena zalantzarik gabe. Hala ere, kasu honetan, helmugarako 70km egoteak bere mina murrizten digu. Laranjek gogokoen luketen etapa.

Limogeko atseden etapak amaitutzat emango luke Tourraren lehen blokea. Nire ustetan, Pirinioak goizegi datoz aurtengoan, eta gogortasuna falta zaie Tourreko garaile izango denaren izena argitzeko.  Hala ere, banakako eta taldekako erlojupeko eta mendi puntu honek lehen astean galbae polita sor dezake faboritoen artean.

Bigarren astea: Alpeetara begira

Trantsiziozko hiru etapa datoz hurrenez- hurren Pirinioen ostean, sprinta eta maillot berdea helburu! Ihesaldiren bat ere iritsi daiteke.

Bosgoetan dugu aurtengo etaparik politenetakoa, Colmarrera iristen dena bera, Frantzia eta Alemania arteko mugan. Etapa itoa, gora behera nahasia, mendate gogorrak bidean -Platzerwasel esaterako-, mugimendurako aitzakia faltarik ez duena. Goi mailako mendaterik ez egon arren, txirrindulariek nahi izanez gero, triskantza polita egiteko moduko ibilbidea. Trantsizio etapa larunbatez, eta… Alpeetara igandez!

Igandea, Uztailak 19. Verbierrera (Suitza) iristen zaigu gure Tourra. Historia egin dezakeen etapa izateko, gogortasun puntu bat falta zaio. Ez da diferentziak markatzeko eguna. Hala ere, mendatean amaitzen diren hiru etapetako bat izateak, borroka ziurtatzen du. Bigarren aste honek ere ez digu argituko Tour garailea.

Hirugarren astea: egun erabakiorrak

Hemen dator Tour honen funtsa, argitzeke zegoena aste honek argituko digu, zer erremedio! Atsedenik gabeko astea, egunetik-egunerako errekuperazioa faktore erabakigarria izan daiteke.

Asteartean St. Bernard santua goresteko aukera izango dute txirrindulariek. St. Bernard txikia eta handia igotzeko parada izango baitute gure txirrindulariek. Bi mendate luze eta gogor, paisaia ikusgarriak, Italiara bisita (Alejandro Valverderen kaltetan). Alpeak jaun andreok. Pasa den urteko Bonette-Restefondseko etaparen itxura handia du, Briançon eta Morzineko etapen gisara. Tontorretik helmugara dauden goitik-beherako kilometroek -32km-, bizi-arrisku jaitsieraren bat edo beste ziurtatzen digu. Non dago Samuel?

17. etapa dugu, nire ustez, aurtengo etaparik politena. Bost mendate Le Grand Bornardera bidean, Cornet de Roseland, Saisies, Arâches, Romme eta Colombiere. Atsedenik gabeko etapa, itxuraz, karrera hausteko modukoa. Erne Romme mendatearekin, ezezaguna, baina gogorra. Floid Landysen etapa historiko haren itxura hartzen diot. Denbora pixka bat galdua duenak, bere kartak urrutitik azaleratzeko eguna.

Mont Ventoux
Mont Ventoux. cc-by. madmat800. Flickr.

Aurretik trantsizio etaparik gabe dator aurtengoan erlojupeko luze bakarra, 40.5km. Beraz, indar metaketa urri horrek, are eta gogorragoa egin dezake erlojupekoa. Txirrindularitza modernoari begirada bat emanez gero, Tourreko etapa garrantzitsuena. Hala ere, aurtengoan, aspaldian ez bezala, Parisetik  urrun. TGVa hartu ordez, aldatzekin jarraitu behar.

Ostiralez, Aubenasera iristen da Tourra. Ihesaldia inondik ere, 2. Mailako mendatea helmugatik gertu egon arren, Mont Ventouxi begira pelotoia… Garaipenik gabeko talde askoren azken aukera.

Eta iritsi da eguna. Santiago egunez, Uztailak 25, Mont Ventoux menditzarrak erabakiko du aurtengo Tourreko erregea. Gogoratu, siestarik ez da hobesten! Zer esan Mont Ventouxi buruz: epikoa, ilargi-paisaia idorra, “Proventzako erraldoia”,  Tom Simpson,  Marco Pantani, “Arratiako Printzipe” Iban Mayoren errekorra, JF Bernarden erlojuaren kontrako igoera, Eddy Merckx… Aurtengo Tourraren epaile. Ez al da nahikoa?

Azken tangoa Parisko Eliseo zelaietan. Konkordia plazatik Garaipenaren Arkuko Izarren plazara bidean txirrindulari guztiak balentria handi baten jabe.Tourra amaitu izana. Hala ere, bakarra horiz jantzia. Bera nagusi.

ibilbidea, tourra

Lasterketa non, Iñaki Iturriotz han. Eta bi gurpil gainean bada, are gehiago. Txirrindularitza zale amorratua, urteak Uztailean hasten dira beretzat, eta Parisera horiz iritsitakoen izenekin kontatzen ditu.

Zer duzu buruan “Mont Ventoux, Tourreko epaile”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude